Albistea entzun

Jaialdiak

Transmisio etenari zubi bat eraiki nahi dio Sormenek

Ikasleentzako tailerrak eta emanaldi programa irekia uztartzen dituen kultur jaialdia antolatu du Galdakaok azaroaren 16tik 21rako

Sormene jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, gaur, Galdakaon
Sormene jaialdiaren aurkezpen ekitaldia, gaur, Galdakaon Jaizki Fontaneda/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 3 09:18

«Halako jaialdiek eta egitarauek askotan ematen dute emanaldi errenkada bat». Baina Gotzon Barandiaran idazle, kultur eragile eta Sormene jaialdiko zuzendari artistikoak zehaztu duenez, kanpoko oskola baino ez da hori Sormene Galdakaoko Sorkuntza Plazaren kasuan, sakonagoko gabezia bati aurre egitea baita euren asmoa. «Euskarazko kulturgintzaren transmisioan gertatu den eta gertatzen ari den eten horri konponbidea emateko sortu dugu Sormene». Horretarako bilduko dituzte hamaika bertsolari, musikari, marrazkilari, antzerkilari, zinemagile eta dantzari azaroaren 16tik 21era Galdakaon (Bizkaia). Euskara izango dute ardatz saio guztiek, eta emakumezko lanen ikusgarritasuna lortzea da beste lan ardatz nagusia. Bigarren edizio du aurtengoa jaialdiak, 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta hurrengo hiru urteetako jaialdiei eusteko hitzarmena sinatua du jadanik udalak, diru sail berari eutsiz aldiro, eta etorkizunean ere jarraitzeko asmoz.

Bi hegal nagusi izango ditu programak. Ikasleentzako tailerrak izango dira astegun goizetan, batetik, eta emanaldi programa irekia izango da, bestetik. Antolatzaileen hitzetan, transmisioa sustatzea izango dute helburu biek ala biek, eta bi alde horiek osatuko dute Sormene. Zehaztu dutenez, sortzailearengandik hasi eta hartzailearenganaino doan kulturaren ekosistema osoa hartu nahi baitute kontuan.

Zinema, antzerkia eta musika

Muga deitzen da pausoa dokumentala aurkeztuko du Maider Oleaga zinemagileak 16an, esaterako. Frankismopean euskara irakasten aritu zen Elbira Zipitria irakaslea du ardatz lanak, eta haren ikasle izandako Kontxita Beitia ere izango da proiekzio ostean egingo den solasaldian. Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko du Amancay Gaztañagak, Iraia Eliasek eta Erika Olaizolak osatutako Kamikaz kolektiboak, 18an. Eta hurrengo egunean, Bertoko eta urrutiko ipuinak ipuin kontaketa musikatua egingo dute Nerea Ariznabarretak eta Mariano Hurtadok, eta kontzertua emango du Amak taldeak.

Esas kolektiboak ere hartuko du parte jaialdian, eta beren-beregi bertarako sortutako pieza bat estreinatuko dute. Iazko martxoaren 8an sortu zen taldea, musika klasikoko emakumezkoen lanak ikusarazten laguntzeko, eta haiek antolatu dute 17ko musika saioa. Leire Bilbao idazlearen poema bat oinarri duen emanaldia aurkeztuko du lehenik Eva Ugalde konpositoreak, eta hori izango da estreinaldia, Etxean igeri egitea, baina, ondoren, Maria Luisa Ozaitaren hiru pieza ere eskainiko dituzte, eta Inge Conderen Elisaren balsa piezak itxiko du programa. Belen Madariaga sopranoa, Itxaso Sainz de la Maza piano jotzailea, Elisene Alzola biolin jotzailea, Nora Lopez biolontxelo jotzailea, eta Natalia Sanchez flauta jotzailea izango dira oholtzan.

Komunitatea trinkotzeko dantza

Goiz eta arratsaldeko emanaldi programa izango du asteburuak. Hiru saio izango dira 20an, adibidez: Bizipoza elkartearen Sortzearen bizipoza, Elirale konpainiaren Oa-huetak, eta Diabolo Kiwiren kontzertua. Eta 21ean ere egun osoz izango da zer ikusi eta entzun. Tupust kolektiboaren bigarren liburuaren aurkezpena egingo dute Ainara Azpiazu Axpi marrazkilariak, eta Uxue Alberdi, Oihana Arana eta Oihana Iguaran bertsolariek, Maite Berriozabal gai jartzailearen laguntzaz. Amatxik dixit antzezlana eskainiko dute Goitibera konpainiak eta Naita produkzioak arratsaldean, eta 36ko gerran emakumeek pasatutakoez egindako sorkuntza lanei buruzko solasaldia izango da Galdakao Gogora elkartearen lankidetzarekin.

Dantzan amaitu nahi dute jaialdia, halere. Izan ere, sokadantza antolatu dute azken eguneko azken saiorako. Barandiaranek eman du azalpena: «Nahi dugu amaitu Sormene komunitate baten trinkotzea irudikatuz, eta uste dugu Soka-dantza gure komunitatea eta gure herria trinkotzen duen dantzetako bat». Dantzaldian izango dira Galdakaoko Andra Mari dantza taldea, Iruñeko Duguna dantza taldea, Lekeitioko Etorkizuna dantza taldea, Iurretako dantzariak, Oñatiko Oñatz dantza taldea, Bizkaiko Gaiteroak taldea, Oñatiko Aita Madina txistulari taldea, Erika Lagoma Igor Elortza bertsolariak eta Josu Zabala musikaria.

Alerta gorriei erantzunez

Iazko abenduan jarri zuten abian Sormene, hain justu, koronabirusaren eraginez kultur programa zatiz zati bertan behera geratzen ari zenean. Antolatzaileek bestelako plan bat zuten buruan estreinaldirako, handiagoa eta, noski, aurrez aurrekoagoa, baina egoerak behartuta hitzaldiak eta Internet bidezko emanaldiak antolatuz osatu zuten eskaintza. Pandemiara moldatuta, ezinbestean. Hasieran buruan zerabilten haren antz handiagoa izango du aurtengo proposamenak.

«Alerta gorriak piztuta zeuden», esan du Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak. Haren hitzetan, euskal kulturaren transmisioa ez baitago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez-arautuan, ez eta etxean ere. Aurten eta hurrengo urtean arreta berezia jarriko dutela iragarri du. «Horregatik eman nahi diogu garrantzia gaiari. Euskarazko kulturgintzaren historia eta oraina belaunaldi berriei pasatzeaz gain, sortzeko grina sortzea ere badelako transmisioa».

Torrezabal kultur etxean egingo dira 16, 17 eta 18ko emanaldiak, eta Ardanza parkean jarriko duten karpan egingo dira 19, 20 eta 21ekoak. Eta jaialdiaren webgunean topatu ahalko da saio zein sortzaile guztiei buruzko informazioa: www.sormene.eus.

Ikasleentzako erronka

Aurten ereindakotik jaso nahi dute hurrengo urteko jaialdian. Horregatik, aurten ikastetxeetan egongo diren sortzaileek datorren urterako erronka bat jarriko diete tailerretako ikasleei, eta horren emaitza 2022ko edizioan plazaratzea da antolatzaileen asmoa. Eider Eibar ilustratzaileak, Gari Otamendi dantzariak, Ines Osinaga musikariak eta Formol antzerki laborategiko kideek emango dituzte tailerrak herriko eskoletan astegun goizetan, eta bere diziplinari dagokion erronka bat proposatuko die haietako bakoitzak ikasleei.

Iñigo Hernando Galdakaoko alkatearen ustez, errotzen hasia den proiektua da Sormene, eta sakonago errotuz joango dena, gainera. «Administrazioan argi daukagu kulturak eta euskarak gure hauspoa behar dutela, eta horretara gatoz». Epe luzerako proiektua dela zehaztu du.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<em>Komedia madarikatua</em> antzezlana. ©HODEI TORRES

Gai sakonak, umorez landuak

Olatz Enzunza Mallona

Bilboko Pabiloi 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 'Komedia dramatikoa' estreinatuko du gaur, areto horretan bertan. Antzezlanak drama eta komedia uztartuko ditu , eta gizarte gatazkak izango ditu hizpide, «modu komikoan, betiere»

Kristonak taldeko bost kideak, <em>Ahobetehortz</em> diskoa iragartzeko argazki batean. ©KRISTONAK TALDEA

Etsipenetik piztu dira

Olatz Enzunza Mallona

Kristonak taldeak aro berri bat abiatu du, 'Ahobetehortz' lanarekin. Eskean Kristo atzean utzi arren, taldearen betiko nortasunari eutsi diote. Bihar hasiko dute bira, Ondarroan
Maria Elorzaren <em>A los libros y a las mujeres canto</em> filmeko irudi bat. ©TXINTXUA FILMS
Zugaza, Herraez, Gonzalez, Zupiria eta Ormazabal, gaur, Gasteizen. ©IREKIA

Euskal artisten 26 artelan erosi dituzte museoek, Jaurlaritzak diruz lagunduta

Aitor Biain

Artium museoak, Biboko Arte Ederren Museoak eta Tabakalerak elkarrekin erosi dituzte 18 euskal artistaren obrak, 200.000 euroko ezohiko diru laguntza bati esker.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...