Albistea entzun

Eszena

Eszenarako lan garaikide laburrak taularatuko ditu ACT jaialdiak gaurtik hasita

Gehienez ere ordu erdiko iraupena duten 15 eszenarako pieza taularatuko dituzte Bilbon eta Barakaldon. Euskal Herriko, Europako zein Asiako artistak batuko ditu deialdiak, hasiberriak guztiak.

Italiako Komoco konpainiak 'Wabi-sabi' pieza aurkeztuko du jaialdian
Italiako Komoco konpainiak 'Wabi-sabi' pieza aurkeztuko du jaialdian Botticllifoto Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 3 13:22

Aurrera egiteko bide apetatsuak topatzen ditu denborak, tarteka. Hemezortzi urte beteko ditu aurten ACT Eszena Berritzaileen Nazioarteko Jaialdiak, gehienez ere ordu erdiko iraupena duten sortzaile hasiberrien eszenarako piezak taularatzen. BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiko kideek jarri zuten abian asmoa eta nazioarteko oihartzuna lortu deialdiak urteekin. Gaur hasi, eta larunbatera bitarte, 15 pieza labur taularatuko dituzte Bilbon eta Barakaldon (Bizkaia), eta Italiako, Kataluniako, Austriako, Koreako, Greziako, Esloveniako zein Euskal Herriko hainbat artistaren lanak ikusteko aukera eskainiko du programak. Performance gisakoak dira batzuk, dantza emanaldiak besteak, antzerki fisikoa lantzen dutenak badira, bada testua oinarri duen emanaldirik ere, baina guztiak dira lan laburrak eta guztiak dira sortzaile hasiberriek sortutakoak.

2004an antolatu zuten lehen jaialdia, baina, Joseba Lazkano zuzendariak onartu duenez, orduan ez zuten pentsatzen iritsi diren bezain urrun iritsiko zirenik. «Txikiagoa eta hurbilagoa espero genuen jaialdia hasiera hartan, Europako sortzaileekin bai, baina urteekin asko hedatu da eta izen handia hartu du». Zergatia zein izan daitekeen ere azaldu du. «Jaialdi berezia delako da; hasiberrientzako da, eta, ondorioz, jende askorentzat bere lana erakusteko lehen aukera da. Eskaera asko jasotzen ditugu, gainera, eta, beraz, ez da erraza jaialdian sartzea, eta, sariren bat irabaziz gero, bultzada handia dakar taldeentzat». Barakaldon hasi eta hala hedatu da jaialdia, zuzendariaren hitzetan, hemezortzi urteko ibilbidean kontinente guztietako lanak erakustera heltzeraino: Euskal Herrikoak bertakoak, zein Afrikakoak, Asiakoak, Amerikakoak edota Ozeaniakoak, tartean.

Aurten, esaterako, 600 eskaera aztertu ostean apartatu dituzte jaialdiko programazioa osatzen duten lanak. Gehiago ere taularatzeko asmoa zutela azaldu du Lazkanok, baina, pandemiaren eraginez, nazioarteko hainbat talderi ezinezko suertatu zaiela bidaiatzea.

«Ra-ta-ta, pum, pum!»

Iaz jaialdiko sari nagusia jaso zuen Melena Androide konpainiaren lanarekin abiatuko da aurten jaialdia Barakaldo Antzokian. Miau miau deitzen da lana, eta ordubete iraungo du. Lehiaketaz kanpo erakutsiko dute, eta hori izango da jaialdi osoan ikusiko den lanik luzeena, salbuespen modura. Internetetik, literaturatik zein bideo jolasetatik edaten du piezak, eta, besteak beste, belaunaldi krisiak, konspirazio teoriak zein bortizkeria lantzen ditu. Guggenheim museoan hasiko dira lehiaketan parte hartuko duten lehen hiru konpainien emanaldiak, eta, hurrengo egunetan, Campos Antzokian, BBK Aretoan, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegian zein Barakaldoko Zirkodromoan izango dira saioak.

Aitor Vinagret aktoreaen hamabost minutuko Arma tiro pum izango da aurten ikusi ahalko den Euskal Herriko pieza bakarra. Vinagret bakarrik izango da eszenan ikuskizunean, eskutan pistola, eskopeta edo metraileta modura darabilen patinete bat duela, tiro, leherketa eta suntsipen onomatopeiak eginez. «Ra-ta-ta, pum, pum!». Ostegunean izango da emanaldia, Campos antzokian, eta saio berean ikusi ahalko dira Madrilgo Frequensi dantza konpainiaren Culpabilidad, eta Bellanda konpainia eta Giovanni Gava L. sortzaile italiarren Sono solo tuo padre lanak ere.

Bost sari daude jokoan, guztira. ACT jaialdiko sari nagusia irabazten duenak, 2.000 euro jaso, eta Euskal Herrian egonaldi artistiko bat egiteko aukera izango du. Ikuskizunik onenarena, dramaturgia onenarena, zuzendaririk onenarena eta jokalaririk onenarena ere ematen dituzte, eta egoitza artistikoa egiteko aukera jasotzen dute sarituek, kasu horietan.

Larunbatean jakinaraziko dituzte irabazleen izenak, BBK aretoan, eta bi ikuskizun ere taularatuko dituzte. 2019ko jaialdian sari nagusia jaso zuen City of Women konpainia esloveniarraren Sonny, eta iazko jaialdiko sari nagusia jaso zuen Mucha Muchacha madrildarraren Volumen ere ikusi ahalko dira itxiera ekitaldian.

Jaialdi eta azoka

Nazioarteko programatzaileek ere gertutik jarraitzen dute jaialdia, zuzendariak dioenez. Aurten, adibidez, Koreako, Erresuma Batuko, Mexikoko, Kolonbiako, Alemaniako, Herbehereetako, Maroko, Greziako eta Esloveniako hamazazpi profesional erakarri dituzte. Azoka moduko bat ere bada, hortaz, eta, antolatzaileek diotenez, beste jaialdi batzuetan parte hartzeko atea irekitzen die sortzaileei maiz. Lazkano: «Oso polita da guretzat jaialdian saritutako taldeak jaialdiz jaialdi dabiltzala ikustea, eta oso maila handiko lanak egiten, gainera». Eta izen batzuk ere izan ditu gogoan zuzendariak: El Conde de Torrefiel, La Veronal edo Sra. Polaroiska, tartean.

«Jaialdiko lan guztiak oso kalitate onekoak dira, gauza bereziak kontatzen dituztenak eta pasio handiarekin». Eta, hain zuzen, azken ezaugarri hori nabarmendu du Lazkanok. Urtero ikusten baitie grina hori artistei. «Egia da: sortzaileak gazteak dira, eta gogo handiz etortzen dira jaialdira. Gainera, ez dago euren artean lehiarik, baina elkarrekin egoten dira hotelean, badute batak bestearen berri, eta hustu egiten dira eszenarioan. Urtero esaten digute sortzaileek ACTen oso emanaldi onak egiten dituztela».

Erreakzioa

Gai bat izan ohi du jaialdiak ardatz urtero, eta «Erreakzioa» da aurtengoa. Lazkanok onartu duenez, beste urte batzuetan ez bezala, oraingoan eragin gutxi izan du horrek piezen hautaketan. «Aurten gaiarena gehiago izan da jaialdiaren asmoak aldarrikatzeko modu bat, berriz abiatzeko».

Testu gutxi dute emanaldiek maiz, baina testua dutenetan, euskaraz, gazteleraz zein ingelesez izango dituzte azpidatziak, eta 10 euroren truke eskuratu ahalko dira sarrerak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

(H)ilbeltza jaialdia lehertzear da

Ane Eslava

Datorren astelehenetik igandera egingo dute euskal nobela beltzaren astea, Baztanen. Iaz ezin izan zuten betiko formatuan egin. Ohi bezala, aurkezpenak, solasaldiak eta itzuliak izango dira, besteak beste. VIII.

Koldo Biguri, Garazi Arrula eta Massimo Carlotto —pantailan—, gaur, liburuaren aurkezpenean. ©Iñigo Uriz / Foku

Italiaren erraiak, beltzez

Ane Eslava

Koldo Bigurik euskaratu du Massimo Carlottoren 'Agur, maitea, ikusi arte' nobela, eta Txalapartarekin argitaratu. Lanak Italiako boterearen eta kriminalitatearen arteko harremana islatzen du.

Manuel Asin Ikuspuntu jaialdiko zuzendari artistikoa, Baluarteko atarian, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Ikertzeko balio duten distantziak

Olaia L. Garaialde

Iruñeko XVI. Ikuspuntu jaialdia martxoaren 14tik 19ra izanen da. Sail Ofizialean hamazazpi herrialdetako 21 film izango dira lehian. Lan eta Desbordamientos sail berriak ere badira

 ©BERRIA

Lukiek, eskemak nondik eta noraino apurtu

Itziar Ugarte Irizar

 

Hamar kantuko disko berria plazaratu du taldeak: '#2'. Kontraste ugariko lana ondu dute, egitura ezohikoak eta pasarte poperoagoak uztartuta. Arrasaten joko dute gaur; bihar, Tolosan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.