Esparza: «Txibite ez da fidatzekoa, historiara pasatuko da EH Bilduri esker bihurtu zelako lehendakari»

Bakartxo Ruizek (EH Bildu) «anbizioa» eskatu dio Nafarroako Gobernuari, eta Txibiteren hizkuntza politika «iraingarria» txarretsi du bereziki.

Javier Esparza, gaurko eztabaida parlamentarioan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko azaroaren 4a
13:14
Entzun

Panorama apokaliptikoa deskribatu du Javier Esparzak, Navarra Sumako eledunak, Nafarroaren egoerari buruzko eztabaida parlamentarioan. Haren irudiko, Nafarroak «lehiakortasuna» eta «lidergoa» galdu ditu azken urteetan, beste erkidego batzuen mesedetan, eta Maria Txibiteren gobernua ez ezik, Uxue Barkosena ere jo du horren erantzuletzat. Bi gobernu horien arteko ezaugarri komuna, gainera, EH Bilduren babesa dela uste du buruzagi erregionalistak: «EH Bilduk izan du giltza gobernu batean zein bestean, eta denok dakigu zer esan nahi duen horrek: zergen igoera, inposizioa, askatasunik eza eta bidea ixtea aurrerapenari». Are: Navarra Sumaren ustez, Txibitek «EH Bilduren esku utzi du Nafarroaren etorkizuna; garapenaren eta aurrerabidearen antitesiari, alegia».

Ekonomiari dagokionez, Esparzak nabarmendu du Nafarroa dela «lanpostu gehien suntsitu duen autonomia erkidegoa», eta lurraldeak «erakargarritasuna» galdu duela: «Jada ez gara erakargarriak enpresen sektorearentzat, Euskadi edo Errioxa ez bezala. Agian Txibite andreak Urkullu jaunari galdetu beharko dio, egin ohi dituzten bilera horietako batean, nola egin dezakeen inbertsioak erakartzeko». Azpiegitura handien «mantsotzea» ere kritikatu du koalizio espainiazaleko buruak: «Legealdia amaitzean, zortzi urte igaroko dira UPN gobernutik atera zenetik, eta denbora horretan, ez duzue ezer aurreratu Nafarroako Ubideko lanetan, ezta metro kubo bat ere; AHTari dagokionez, berriz, UPNk Madrilekin hitzartutako lanak egin dira soil-soilik».

Navarra Sumako ordezkariak uste du «UPNren gobernuekin lortutako arrakastaren inertzian» mugitzen ari dela Nafarroa, baina lehendakariari ohartarazi eskatu dio neurriak hartzeko: «Liderrak ginen, eta orain ez. Nafarroa hondoratzen ari da, ez aurrera ez atzera. Aurreko urteetako inertziak ez du betirako iraunen».

Osasun Departamentuaren «noraeza» ere kritikatu du Esparzak: itxaron zerrenden luzatzea eta lehen arretaren okertzea nabarmendu ditu. Horrez gain, COVID-19aren izurriaren kontrako estrategia «negargarria» izan zela esan du: «Lotsaren lotsaz mahai azpian sartzeko modukoa izan da Osasun Departamentuaren jardunbidea. Gobernu batek egin behar ez duenaren adibide garbiena». Horren adibidetzat jo du, besteak beste, «ostalariak abandonatu izana».

Esparzaren irudiko, baina, Txibiteren «hanka sartzerik» handiena izan da aurrekontuak EH Bildurekin negoziatzea: «Txibite andrea ez da fidatzekoa, eta historiara pasatuko da EH Bilduri esker gobernatzeagatik, akordio mespretxagarri horiei esker, ETAren terrorismoa gaitzestea eskatu gabe ere. Gogoratu behar dugu EH Bilduren zerrendetan daudela etakideak izandako militanteak. Nafarroa Euskal Herriaren parte izatea nahi duten horiek zuritzen ari zarete, helburu nagusitzat presoak kalera ateratzea nahi duten horiek».

Bakartxo Ruiz: «Zerbait gehiago espero genuen»

Esparzaren ostean, EH Bilduko eledun Bakartxo Ruizek hartu du hitza eztabaidan. COVID-19aren izurrialdian bizi izandakoari eta «osasun langileen dedikazio eta lan itzelari» erreferentzia eginez hasi du hitzaldia. Haren esanetan, hiru ondorio nagusi utzi ditu pandemiak: «batetik, agerian gelditu dira arlo publikoaren ahuldadeak eta gabeziak, eta urteetako pribatizazioen lorratzak; bigarrenik, osasun kudeaketan oker larriak egin dira, eta ez dugu autokritikarik sumatu; eta azkenik, agerikoa da Madrilek esanen duenaren zain gaudela beti, eta ezinezkoa da kudeaketa arin eta eraginkor bat egitea, burujabetzarik gabe».

Lehendakariaren diskurtsoari buruz, Ruizek esan du «zerbait gehiago» espero zuela koalizio independentistak: «Espero genuen ikuspegi konplaziente samarra, logikoa denez, baina ez dugu neurri, proposamen edo gogoeta berririk entzun». Horregatik, «anbizio gehiago» eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

EH Bilduko ordezkariak «kezka» agertu du osasun publikoaren egoeraren gainean: «Sektorea ez dago iaz bezain tenkatua, baina zauriak zabalik dira oraindik: aurrez aurreko arreta ez da nahikoa, medikuak eta pediatrak falta dira, itxaron zerrendak handitzen ari dira... Eta, horri guztiari aurre egiteko, Osasun Departamentuaren errezeta bakarra da langileek aparteko orduak egitea eta pazienteak sare pribatura bideratzea». Sare publiko «indartsu» baten beharra nabarmendu du Ruizek.

Ekonomiari dagokionez, gaur egungo «erronka itzelak» aletu ditu legebiltzarkideak: «Agerian geratzen ari dira globalizazioaren eta kapitalismo basatiaren gabeziak, eta adituen arabera, hasiak gara kolapsoaren lehen zantzuak ikusten: argindarraren garestitzea, balizko itzalaldien arriskua, lehengaien eskasia...». Horri aurre egiteko tenorean, «interes espekulatiboak» baztertzeko galdegin du EH Bilduk eta, horren ordez, «elikadura eta energia burujabetzaren aldeko urratsak» egitera premiatu du gobernua: «Gobernuak anbizio osoz jokatu beharko luke, baina ez dugu halakorik ikusten. Ez dute balio aurreko krisietan aplikatutako errezeta zaharrek. Eskuinak badakigu zer nahi duen: zergak jaitsi eta zerbitzuak murriztu. Bada, Nafarroako Gobernuak egin lezakeen okerrena da eskuinak planteatutako diskurtso hori ontzat ematea». Hori dela eta, zerga eta diru bilketa «handiagoa eta bidezkoagoa» eskatu du, «bestela, murrizketa egoera batean ikus dezakegu geure burua, hemendik gutxira».

EH Bilduk «desadostasun agerikoak» ditu Txibiteren gobernuarekin, eta hiru nabarmendu ditu Ruizek: zerga politika, hizkuntza politika eta Abiadura Handiko Trena. Euskararen normalizazioaren aurkako erabakiak «gobernuaren miopia politikoaren ondorio» direla uste du legebiltzarkideak, eta lehendakariari esan dio «euskaldunak eta euskaltzaleak iraindu» egin dituela bi urtez, «lan deialdietan euskara meritutzat hartzeari uko eginez». Herritar guztiei euskaraz eta gaztelaniaz artatzeko baliabideak eta «profil elebidunak» eskatu ditu.

AHTari dagokionez, berriz, Ruizek esan du «proiektu zaharkitua» dela, «errentagarritasun ekonomiko eta sozialik gabekoa».

Azkenik, Nafarroako Gobernuak aurre egin beharreko bost erronka nagusi identifikatu ditu EH Bilduko parlamentariak: klima krisia, erronka demografikoa, bizikidetza, kohesio soziala eta hizkuntz politika eta burujabetzan aurrera egin beharra. «Adorea eta anbizioa» eskatu dizkio Txibiteri, horiei erantzuna emateko.

Barkos: «Dena ez da argi»

Geroa Baiko Uxue Barkosek, bere diskurtsoaren hasieran, nabarmendu du Geroa Baik gobernu barruan egoteko apustu politikoa egin zuela duela bi urte, aurreko legealdiko bidetik jotzeko asmoarekin. Haren ustez, elkarrizketa ezinbestekoa da gehiengoak lortzen saiatzeko, baina Txibiteri gogorarazi dio kontsentsurako bokazioa ezin dela nahasi «amore ematearekin». Hala, «dena ez da argi», Barkosen arabera. Etorkizuneko erronkei erreparatzean, zorrari garrantzia ez ematea aurpegiratu dio.

Azken urte eta erdian, pandemiari eta haren ondorioei aurre egiteko zor publikoa %20 handitu da, eta, Geroa Baiko eledunaren irudiko, Nafarroako Parlamentuan eztabaidatu behar da zorraren zer portzentaje erabili gastu arrunta eta inbertsioak finantzatzeko. Kezkatuta azaldu da Europako laguntzen diseinutik kanpo geratzen ari delako Nafarroa, baina etorkizunean laguntza horiek eragindakoaren %1,6 ordaindu beharko duelako. «Lehentasunezkoa da ardura partekatuari buruzko formulak bilatzea eta diseinu horren ahalmena izatea». Barkosek ulertzen du eztabaida horrek «deserosotasuna sor dezakeela eskubide historikoak konstituzioarekin lotzen dituzten indar politiko batzuen artean. Deserosoa izan daiteke, baina batzuen beldurrak ez ditzala hipotekatu etorkizuneko belaunaldiak».

Pozik azaldu da, dena den, «hogei urteren ondoren» Nafarroak eskumen gehiago lortu dituelako eta aurreko legealdian egin den lanarekin lotu du: espetxeko osasun zerbitzua eta gutxieneko bizi sarreren kudeaketaren eskumena lortu berri dira, eta abenduaren 1ean trafiko eskumena itzuliko da. Ikerketa eta garapenarekin gauza bera lortzera dei egin du. Dena den, kritiko agertu da adostasuna falta delako 2020tik 2024ra arteko ekarpenaren kalkuluaren inguruan. «Autogobernuaren defentsa egunero erakusten da, eta ez ahaztu, halaber, autogobernurik gabe ez garela ibiliko gaurko munduan».

Euskararen arloan ere, desadostasunak dituzte. Txibitek iragarri du euskararen dekretua urte amaierarako egongo dela. Geroa Bairen ustez, «zentzugabekeria da» Nafarroa euskaldunaren eskubideak aintzat ez hartzea, eta, ikuspegi hori «zaharkitua» izateaz gain, «irregulartasun demokratikoa da». Barkosen arabera, lan deialdi publikoetan eta oposizioetan euskara meritu gisa hartu behar da eremu mistoan eta ez-euskaldunean, eta salatu du erizaintzako azken deialdian beste hizkuntzak meriturako puntuazioa izatea eta euskarak ez.

Dena den, espero du akordio bat lortzeko gai izango direla. Nabarmendu du, halaber, «zailtasunen gainetik» aurrera jotzeko borondatea izan dutela. Euskarabideak bi milioi euroko aurrekontua zuen 2015ean, Barkosen gobernua abian jarri zenean, eta orain bederatzi milioi eurokoa du. «Urte luzez euskararentzat hutsaren hurrena mantendu duenaren lotsagabekeriaz soilik kritikatu daiteke hori».

Ahal Dugu: «Hiru oihal begietan»

Gobernuko hirugarren bazkidea Ahal Dugu da, eta kritiko agertu da klima aldaketaren inguruko jarrerarekin. Etorkizuneko erronka nagusia dela uste du Mikel Builek: «Produktibitatea, lehiakortasuna eta berrikuntza begian jarri zaizkigun hiru oihal izan dira, eta galarazi egin digute ikustea klima aldaketakalearen bestaldean genuela». Builen arabera, gainean den larrialdi klimatikoak 2050ean Extremadurako klima izango dugula pentsatzera garamatza». Horren aurrean, Builen arabera, kontraesana da esatea klima aldaketari aurre egin behar zaiola baina politiketan kontrakoa egitea.

Alde horretatik, AHTaren, Mina Muga proiektuaren edo parke eolikoen aurkako jarrera agertu du. Parke eolikoak «ez dira onargarriak» hegaztientzat eta naturarentzat, Builen ustez. Beharrezkotzat jo du energia ekoizteko gai izango den enpresa publiko bat sortzea eta horrek prezioetan eragiteko ahalmena izatea.

Pandemiaren ondorioei begira ere, uste du diskurtso baikorregiak ez direla onak. «Rankingak nor bere alde erabiltzea erraza da. Pobrezia tasa apalena dugu, eta gutxieneko soldata handienetakoa, baina zifra handiek ezkutatzen dituzte beste zifra txikiagoak, eta bada bat oso kezkagarria: Erriberan, hamasei urtetik beherakoen %28 muturreko pobrezian daude. Haiekin, kontratu soziala hautsi egin da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.