Justizia klimatikoa aldarrikatu dute milaka lagunek Glasgown

100.000 pertsona baino gehiagok hartu dute parte Justizia Klimatikoaren aldeko Egunak antolatutako manifestazioan. Munduko beste hainbat hiriburutan ere bat egin dute deialdiarekin. besteak beste, Brasilen edo Kenyan.

Milaka lagun elkartu dira Glasgown, justizia klimatikoaren alde. ANDY RAIN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 6a
19:18
Entzun

Manifestariek bete dituzte gaur Glasgowko kaleak, COP26an parte hartzen ari diren gobernuburu eta estatuburuen lekukoa hartuz. Milaka izan dira —100.000 baino gehiago antolatzaileen arabera— Justizia Klimatikoaren aldeko Egunak mugimenduak deitutako manifestazioan parte hartu dutenak. Mundu osoko herri indigenen ordezkariak lehen lerroan zituztela abiatu da klima larrialdiaren aurkako berehalako neurriak eskatzeko martxa. «Ez gara gure alde bakarrik ari, baia animalien, landareen eta mundu espiritualaren alde ere. Izarrek lagunduko digute gure bidean. Ez dago mugarik, ez kolorerik, ez erlijiorik; familia handi bat gara, gizakion familia», aldarrikatu zuen Calfin Lafkenchek, Txileko ordezkari maputxeak.

Gaur eta atzo Fridays For Future mugimenduak mundu osoan deitutako protesten helburu da COP26 goi bileran parte hartzen ari diren gobernuburuak estu hartzea, karbono dioxido isuriak berehala eten eta konpromisoak har ditzaten klima larrialdia geldiarazteko. Protestak ez zituzten soilik Glasgown egin; mundu osoko beste 200 hiritan ere bat egin zuten deialdiarekin, besteak beste Brasilen eta Kenyan. Eskoziako hirian manifestariek zeramatzaten karteletan mota guztietako leloak irakur zitezkeen, baina zabalduena hhauxe zen: Ez dago B planetarik.

Ostiralean amaituko da klima larrialdia geldiarazte helburu duen goi bilera, eta gaur gaurkoz estatuek eta enpresek hartutako konpromisoek ez dute bermatzen Parisko Hitzarmenean jasotako helburua, hau da, mende amaierarako tenperaturak gehienez 1,5 gradu igotzea, betetzea. NBE Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako azken txostenaren arabera, 14 herrialdek onartutako konpromiso berriak kontuan hartuta, CO2 isuriak %13,7 haziko dira 2030erako, 2010eko kopuruekin alderatuta; aldiz, helburua lortzeko %50 murriztu beharko lirateke isuriok.

Donostian eta Bilbon, bileraren aurka

Protesta jendetsuak egin dituzte Bilbon eta Donostian ere, COP26 klima larrialdia gelditzeko neurriak hartzea helburu duen nazioarteko goi bileraren aurka. Donostian mugimendu sozial, politiko, sindikal eta ekologistetako eragileek osatzen duten Larreko Mahaiak 11:30ean elkarretaratzera deitu du Kontxako hondartzan, eta Klima ez da negozioa leloa osatu dute aterkiekin mosaiko bat eginez. Bilbon, berriz, 18:30ean hartu dituzte kaleak, Aldaketaldia dinamikaren baitako eragileek deituta.

Bietan ohartarazpen bera egin dute: «Denbora agortzen ari zaigu, justizia klimatikoa orain!». Manifestariek arduradun publikoei galdegin diete «ekintzara jotzeko», eta jakinarazi dute ez dela soilik elite handien arazoa: «Euskal Herrian egiten diren hondakin, biodibertsitate, lurralde antolaketa edota energia politikek larrialdi egoera globalarekin zerikusi zuzena daukate». Aterabide bakarra ikusten diote arazoari: «Norabide aldaketa sakona, trantsizio justu baterantz. Eta ezin dugu trantsizio hau egoera honetara ekarri gaituztenen esku berberetan utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.