Zortzi pertsona hil dira AEBetan kontzertu batean, eta eraso bat izan den ikertzen ari dira

Houstongo Poliziaren hipotesi nagusia da norbait xiringa batekin droga ziztatzen hasi zaiela ikusleei, eta horrek eragin duela jendea korrika hastea eta elkar zanpatzea. Hildakoek 14 eta 27 urte bitartean dituzte.

Travis Scott rap kantariaren kontzertua izan den aretoaren kanpoaldea, gertatutakoaren ostean. KEN MURRAY, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 7a
11:28
Entzun

Bart gauean zortzi pertsona hil dira Houstonen (AEB), Travis Scott rap kantariaren kontzertu batean izan diren bultzaden artean jende oldeak harrapatuta, eta dozenaka geratu dira mugitu eta arnasa hartu ezinik. Troy Finner Houystongo poliziaburuak adierazi duenez, ikertzen ari dira zerk eragin duen jendea korrika hastea kontzertuan, eta hipotesi nagusietako bat da norbait droga ziztatzen hasi zaiela ikusleei xiringa batekin, eta izua eragin duela.

Finnerrek azaldu duenez, kontzertuko segurtasun agenteetako batek kontatu du pertsona bat gelditzen saiatu dela orduan, eta lepoan ziztatu egin dutela. Konortea galdu du horren ondorioz, eta opiodunen gaindosiaren kontrako botika bat hartu ondoren soilik etorri da bere onera. Sam Peña suhiltzaileen buruak adierazi du botika hori bera eman behar izan dietela larrialdi zerbitzuetako kideek kontzertuan izan diren beste pertsona batzuei.

Zortzi hildakoen artean 14 eta 16 urteko bi adingabe daude. Besteek 23 eta 27 urte bitartean zituzten. Zenbait lekukok adierazi dutenez, Scott eszenatokira igo denean gertatu da dena: «Bularrean presioa sentitzen hasi nintzen, eta presioa, bizkarrean. Zanpatzen ari zitzaizkidan. Besoak altxatzen saiatu nintzen lekua egiteko, baina ezin nuen», adierazi dio CNN telebista kateari Madeleine Eskins gazteak. Presio horren eraginez, konortea galtzen hasi zen Eskins, eta gogoratzen duen gauza bakarra da bere inguruan jendea egoera berean zegoela. Gertatutakoaz duen hurrengo oroitzapena da norbaitek besotik heldu duela, hesi baten gainetik atera dutela, eta aulki batean eseri dutela ondoren. Hor berriro galdu du konortea, eta beste leku batean esnatu da, ur botila bat altzoan zuela.

50.000 pertsona inguru zeuden kontzertuan, eta ustezko erasoa 21:15 aldera izan da (03:15, Euskal Herrian). Une horretan, izua zabaldu da, eta ikusleak eszenatokirantz hasi dira korrika. 300 pertsona artatu behar izan dituzte lekuan bertan, eta 25 pertsona ospitaleratu dituzte, tartean hemezortzi adingabe.

Scottek ohar batean adierazi du jota dagoela gertatutakoaren ondoren, eta Astroworld kontzertua antolatu duen enpresak kontzertu guztiak bertan behera utzi ditu, eta ikerketan laguntzeko asmoa iragarri du. Lina Hidalgo epaileak adierazi du segurtasun protokoloak ere ikertuko dituztela: «Agian ez ziren egokiak, edo agian ez zituzten bete». Segurtasuna eta osasun zerbitzua azpikontratatuta zituen Astroworldek. Houstongo 528 polizia ere baziren ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.