TXILE

Piñera presidentea kargutik kentzeko prozesua hasi dute Txileko Kongresuan

Diputatuen Ganberak onartu egin du oposizioko diputatu multzo batek aurkeztutako zentsura mozioa. Meategi baten salmentaren inguruan irregulartasunak egitea leporatzen diote. Senatarien bi herenen babesa beharko du akusazioak aurrera egiteko.

Jaime Naranjo sozialista, pozarren, Diputatuen Ganberak kargugabetze prozesua hastea onartu ondoren. JOHANNA ZARATE / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 9a
13:49
Entzun

Txileko Diputatuen Ganberak onespena eman dio Sebastian Piñera gobernuko presidentearen aurkako epaiketa politiko bat edo impeachment bat hasteari, hura kargutik kentzeko, meategi baten salmentaren inguruan, 2010ean, irregulartasunak egitea leporatuta. Diputatu multzo batek eskuineko agintariaren kontra aurkeztutako zentsura mozioaz eztabaidatu dute ia 24 ordu iraun duen osoko bilkura batean, eta amaierako bozketan 78 diputatuk bozkatu dute kargugabetze prozesua hastearen alde; 67k kontra, eta hiru abstenitu egin dira. Horrenbestez, auzia senatuaren esku geratuko da. Txilen azaroaren 21ean dira presidentetzarako eta kongresurako hauteskundeak egitekoak, eta goi ganberan egun batzuk lehenago dira akusazioaz eztabaidatzekoak. Senatarien bi herenen babesa beharko luke aurrera egiteko, eta, kalkuluak aintzat hartuta, oposizioak lanak izango ditu Piñera kargutik kentzeko behar diren botoak lortzeko. 43 aulki ditu senatuak; 29 boto beharko ziren, eta oposizioko alderdien artean 24 dituzte ziurtatuta.

Goi ganberan ez, baina behe ganberan gaur-gaurkoz gehiengoa du oposizioak, eta hori baliatuta onartu dute mozioa. 155 aulki dauzka Diputatuen Ganberak, eta oposizioak 78 boto behar zituen; hain zuzen, horiexek lortu ditu. Joan den urriaren 13an aurkeztu zuten testua, eta Piñerari leporatu zioten «zintzo» ez jokatzea eta «nazioaren ohorea arrisku larrian jartzea» bere jarrerarekin. Pandoraren paperak direlakoen filtrazioan agertu zen presidentearen izena, urriaren hasieran. Gainera, Txileko Fiskaltza Nagusiak ikerketa bat hasi zuen haren aurka orain dela aste batzuk, dokumentu horiek jasotzen dutenarengatik. Txileko pertsonarik aberatsenetako bat da Piñera, eta adierazi du ez duela irregulartasunik egin. Presidentea ez da bozetara aurkeztuko, baina Sebastian Sichel hautagai ofizialista ez dago irabazteko faboritoen artean.

Eta epaiketa politikoari bidea irekitzea erabaki duen saioa bitxia izan da, oposizioak filibusterismo ariketa bat egin behar izan baitu beharrezko babesa lortzeko. Saioa hasi denean ziurra zen 76k alde bozkatuko zutela, baina 78 behar ziren. COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz ezarritako salbuespen egoera jada ez dago indarrean Txilen; horrenbestez, boto telematikoa ere ez dago onartuta kongresuan. Baina Giorgio Jackson ezkerreko Frente Amplioko diputatua ez zegoen hemizikloan, ezta Jorge Sabag kontserbadorea ere ez, zeina Chillan hirian zegoen, Santiago hiriburutik 400 kilometro pasara, osasunez pattal.

Jackson konfinatuta zegoen 00:00ak arte, Gabriel Boric Apruebo Dignidad ezkerreko koalizioaren presidentetzarako hautagaiak COVID-19an positibo eman zuelako lehengo astean, eta haren kontaktu estua zelako. Hortaz, gutxienez 00:00ak igaro arte eutsi behar zitzaion saioari. Jaime Naranjo sozialistak hitz egin du mozioa aurkeztu zuen diputatu taldearen izenean, eta hamabost orduz aritu da. «Behar dudan denbora guztia hartuko dut lehen orritik azkeneraino irakurtzeko, horrela inork ez dezan esan ez zuela aurrekarien berri», nabarmendu du, hasi aurretik. 1.300 orrialde izan dira: ingurumen auzitegietako epaiak, legeen zatiak, ikerketa juridikoak, prentsako artikuluak... Hamabost ordu horietan bi etenaldi baino ez ditu egin komunera joateko eta tentsio arteriala neurtzeko. Mahaspasa batzuk janda elikatu da. «Baditut energia eta indarra. Herrialde honetako justiziaren alde egindako baraualdia da. Diktadura militarrean ikasi nuen ordu luzez jan gabe egoten». Alderdikideek txalo jo diote tarteka, eta kartel batzuk zituzten eskuetan, mezu honekin: Eutsi, Naranjo diputatua!

00:00ak igarota heldu da Sabag, baita kostata iritsi ere. Izan ere, Santiagora bidean zegoela ondoezik sentitzen hasi da, eta PCR proba bat egin diote. Osasun agintariek adierazi diote probaren emaitza eduki arte bakartu zedila, baina ez die kasurik egin eta hiriburura ailegatu da. Diputatuen Ganberako osasun agintariak saihestuz heldu ahal izan da bere jarlekura. 77 boto orduan oposizioarentzat; eta 78, nahikoa prozesua aurrera eramateko, Jackson heldu denean. Frente Ampliokoak eta Naranjok elkar besarkatu dute saioaren amaieran. «Txilek epaituko ditu herrialdean inpunitate hau onartzen ari direnak», azpimarratu du Naranjok, bukaeran.

Piñeraren abokatu Jorge Galvezek hartu du hitza ondoren, eta oposizioaren jokatzeko modua kritikatu du. «Gaur bizi izan duguna eta akusazioa prestatzeko modua —inprobisatuta, hauteskundeen aurretik kokatzeko— kontuan hartuta, nola ez ulertu politikak fama txarra edukitzea».

Bi ikuspuntu mozioaz

Inkesta gehienen arabera, Boric ezkerreko hautagaiak lortuko du boto gehien azaroaren 21ean, baina Jose Antonio Kast (Alderdi Errepublikanoa) eskuin muturrekoa ez da harengandik urruti ibiliko. Beraz, eta ezustekorik ezean inork ez duenez lortuko botoen %50 baino gehiago, biak dira abenduaren 19an egitekoa den bigarren itzulira igarotzeko faboritoak. Boricek diputatuen ganberak abiarazitako prozesua txalotu du sare sozialetan: «Ez dugu baimenduko agintari gorenak herrialdearen ohorea kaltetzea». Kastek kanpainako bere mezua indartzeko baliatu du gertatutakoa. «Zalantzarik gabe, gure kongresuko zitalenetako baten gisan gogoratua izango da gaurko gaua. Maniobra politikoak, iruzurrak eta gezurrezko heroismoa, oinarririk ez duen ekintza politiko-elektoral bat justifikatzeko», idatzi du bere Twitter kontuan.

Bigarren agintaldia du Piñerak presidentetzan (2010-2014, eta 2018tik), eta bigarrenez hasi dute impeachment bat haren aurka. 2019ko udazkenekoak, eztanda sozialaren ondoren hasitakoak, ez zuen biderik egin. Salvador Allenderen kontra militarrek 1973an egindako estatu kolpeaz geroztik, Txileko presidente guztiek agintaldiak bukatu dituzte. Piñera 2022ko martxoaren 11ra arte da agintean egotekoa. Prozesua bukatu bitartean, Piñerak debekatua edukiko du herrialdetik ateratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.