Albistea entzun

Indarkeria Matxista

Erasotzaile matxisten biktimak salbatzen dituen keinua

Kanadako Emakumeen Fundazioak zeinu bat asmatu zuen konfinamenduan, tratu txar emaileekin itxita zeuden emakumeek laguntza eskatzeko aukera izan zezaten. Asko zabaldu da sare sozialetan; besteak beste, Tik Token, eta berriki bahituriko neska bat salbatu ahal izan dute horri esker.

Canadian Women Foundation Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2021eko azaroak 10

Nola adierazi arriskuan zaudela, abusatzaile baten eskuetan bazaude, eta esaten duzuna hark ere entzun badezake?

Kanadako Emakumeen Fundazioak erantzuna eman zion galdera horri konfinamenduan, iazko apirilean. Ikusi zuten konfinamenduak asko zaildu ziela laguntza eskatzea arriskuan zeuden emakumeei, egun osoan erasotzailearekin egotera behartzen zituelako. Ezin, esaterako, telefonoa hartu eta lagun bati hots egin, edo indarkeria matxistaren aurkako zerbitzuetara deitu, erasotzaileak ere entzun gabe. Beraz, fundazioak laguntza keinua deiturikoa asmatu zuen.

Sinplea da keinua: esku ahurra kamerari begira jaso, erpurua sartuta. Ondoren, gainerako hatzekin, erpurua harrapatu.

Fundazioak bideo bat egin zuen keinua nola egin erakusteko. Horretan, emakume bat agertzen da, kamerari begira. Bideo dei baten bidez, errezeta baten inguruan ari da hitz egiten beste emakumezko batekin, baina deiaren erdian, keinua egiten du. Atzean gizonezko bat ikusten da tarteka.

«Keinuak laguntza modu seguruan eskatzen lagun diezaioke norbaiti. Izan ere, froga asko daude esateko hondamendi egoerek indarkeria sexista areagotzea ekar dezaketela», adierazi du fundazioak, keinua aurkezteko webgunean. Zehaztu dutenez, keinuak ez du esanahirik inongo zeinu hizkuntzatan.

Fundazioaren bideoa asko zabaldu da azken hilabeteotan sare sozialetan; besteak beste, batez ere gaztetxok erabiltzen duten Tik Tok sare sozialean. Eta orain, horren erabilera praktikoaren kasu erreal baten berri eman dute.

Bahiketa eta keinua

Joan den astean 61 urteko gizonezko batek 16 urteko neska bat bahitu zuen Ipar Karolinan. Kotxe batean sartu, eta ehunka kilometro egin zituen neskatoarekin. Baina autoa ostegunean Kentuckyko errepide batean zihoalarik, neskak leihotik keinua egin zien aldamenetik igarotzen ziren beste autoetako bidaiariei. Horietako batek ikusia zuen bideoa Tik Token, eta Poliziari deitu zion.

Handik gutxira, bahitzailearen autoa gelditu zuen Poliziak, eta neskak haiei ere egin zien keinua. Bahitzailea atxilotu egin zuten, eta neska, askatu. Neskatoak azaldu zuen keinua Tik Token ikasi zuela.

Fundazioa pozik agertu da, ikusi delako keinuak arriskuan dagoen jendea salba dezakeela, eta hura zabaltzeko lan gehiago egiteko eskatu die erakundeei. Zehaztu du keinuak ez duela esan nahi deitu Poliziari berehala, baizik eta jarri nirekin harremanetan modu seguruan. Keinua egiten duenari entzuteko eskatu dute, ez irudikatzen hasteko zer gertatzen zaion. «Beharbada, zer gertatzen ari den esan nahi dizute; agian entzuteko edo adi egoteko esan nahi dizute; edo zerbitzu bat aurkitzeko laguntza eska diezazukete». Edonola ere, keinua egiten duen pertsona arrisku bizian dela uste bada, larrialdi zerbitzuetara deitzeko aholkatu du fundazioak.

AEBetako bahitzailea atxilotu zuten poliziek ere ez zekiten hasieran neskak zer esan nahi zuen keinuarekin. Bahitzaileak uste zuen nerabea pasatzen ari ziren autoei agur esaten ziela. Keinuak galduko du komunikazio sekreturako ahalmena zabaldu ahala, noski. Baina, behintzat, hitzik gabe komunikatzeko beste bide bat emango die arrisku egoera batean daudenei.

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Edonork egin dezake eskrima»

Joseba Arratibel Ladron

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.
2 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Handituz joan den olatua

Amaia Jimenez Larrea

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.
Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. ©LEZOKO UDALA

Nobedadeak Kilometro Lezon

Joseba Arratibel Ladron

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da
Jendetza bildu ohi da festen hasieran Laudion. ©LAUDIOKO UDALA

Dantzaz beteriko festak

Maixa Utrera Puelles

Martxan dira Laudioko San Roke jaiak, Jabier Artetak txupinazoa bota eta agurra irakurri ostean. Bi txandatan egingo dituzte jaiak: lehen txanda, bihar arte; ondoren, hilaren 24tik 28ra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...