Quebec

Kritiken eraginez, frantsesa ikasten hasi behar izan du Air Canadako buruak

Michael Rousseauk barkamena eskatu du, Quebecen 14 urtez bizi izanda ere orain arte ez duelako frantsesik ikasi. Hizkuntza Ofizialen Komisarioak 2.000 kexu baino gehiago jaso ditu astebetean haren inguruan.

Michael Rousseau, Air Canadako zuzendaria. AIR CANADA
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 10a
18:46
Entzun

Azkenean bai. Hamalau urtez Quebecen bizi ondoren, Air Canada hegazkin konpainiako zuzendari Michael Rousseauk esan du irakasle pribatu bat hartu duela, herrialdean ofiziala den frantsesa ikasteko. Ez du bere kabuz erabaki. Herritarren eta ordezkari politikoen kexak baretzeko egin behar izan du. Izan ere, astebetean 2.000 kexu baino gehiago jaso ditu Kanadako Hizkuntza Ofizialen Komisarioak; hau da, herrialdean ofizial diren ingelesaren eta frantsesaren berdintasuna bermatzeko 1988an sorturiko bulegoak.

2007tik izan da Rousseau karguan, baina azaroaren 3an lehertu zitzaion afera esku artean. Hitzaldi bat eman zuen Montrealeko Markataritza Ganbaran, ia ingeles hutsez. Esaldi bakan batzuk besterik ez zituen bota frantsesez. Hitzaldia entzun zuten kazetari frantsesdunak harrituta geratu ziren, eta, ondoren, galdetu egin zioten zergatik ez duen ikasi frantsesik aspaldi Quebecen bizi arren. Rousseauren erantzuna: oso lanpetuta egon delako ez du ikasi. «Gauza izan naiz Montrealen bizitzeko frantsesez egin gabe, eta uste dut horrek oso leku onean uzten duela hiria».

Arrapostuak haserre handia eragin du Quebecen. Lehen ministro François Legaultek iraingarritzat jo zituen enpresaburuaren hitzak, eta barkamena eskatzeko eta frantsesa ikasten hasteko exijitu zion. Kanadako Gobernura ere heldu da sumina. Astelehenean, Justin Trudeauren gobernuko presidenteorde Chrystia Freelandek Air Canada konpainiaren administrazio kontseiluari eskatu zion aztertzeko zuzendari elebakarrak frantsesa ikasteko duen ezintasuna. Trudeau presidenteak berak onartezintzat jo du Rousseauren jarrera.

Aste honetan, konpainiako langileei gutun bat bidali zien Rousseauk. Hartan esaten du damu dela joan zen astean esandakoez, eta deitoratu egiten duela horiek enpresaren aurkako erreakzioak eragin izana.

Izan ere, Air Canadako buruak entzungor egin zien Quebeceko Gobernuak eta Hizkuntza Ofizialen Komisarioak egin zizkioten ohartarazpenei: hitzaldia bi hizkuntzetan egiteko eskatu zioten. Rousseauk frantsesezko esaldi sinboliko batzuk baino ez zizkion gehitu hitzaldiari.

«Joan zen asteko hitzen erantzukizun osoa neure gain hartzen dut. Ezagutzen nauen jendeak badaki hitz horiek ez dituztela islatzen neure baloreak eta konbikzioak». Gutunean iragartzen du irakasle pribatu batekin hasi dela ikasten.

Konpainiaren aldetik presioa jaso du Rousseauk. Vagn Sorensen administrazio batzordeko buruak gutun bat bidali zion Freeland Kanadako presidenteordeari joan zen ostegunean. Adierazi zion Rousseauk ikastaro trinko bat hasiko zuela, eta egingo dituen aurrerapenak haren errendimendu balorazioan sartuko dituztela. «Rousseau jaunarekin hitz egin dugu, eta konbentzituta gaude behar diren ahalegin guztiak egingo dituela gure enpresan frantsesaren erabilera bultzatzeko dugun helburua betetzeko».

Horrez gain, adierazi zuen enpresako zuzendaritzako postu askotarako promozioan oso kontuan hartzen dutela frantsesez komunikatzeko ahalmena. «Hizkuntza ofizialen legearekiko erantzukizunak oso serio hartzen ditugu».

2016tik hona, Hizkuntza Ofizialen Komisarioak 431 kexu jaso ditu Air Canadaren inguruan, frantsesaren erabilerarekin lotuta. Arazoa «sistemikoa» dela esan zuen Raymond Theberge komisarioak joan zen astean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.