AEBak eta Txina elkarlanean arituko dira hamarkada honetan isuriak murrizteko

Karbono dioxido gehien sortzen duten bi herrialdeek agindu dute neurriak indartuko dituztela 2030. urterako, Parisko Hitzarmena bete ahal izateko.

John Kerry COP26arako AEBen ordezkaria eta Xi Jinping Txinako presidentea, artxiboko irudi batean. ROLEX DE LA PEñA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 11
12:05
Entzun

Lehia geopolitiko geroz eta garratzagoan murgilduta egon arren, «elkarlana» iragarri dute AEBek eta Txinak, munduko bi ekonomiarik handienek —eta karbono dioxido gehien isurtzen dutenek—, klima larrialdiari aurre egiteko eta Parisko Hitzarmenean jasotako helburuak betetzeko. Bi potentziek adierazi dute «krisi klimatikoaren larritasuna» aitortzen dutela, eta 2020ko hamarkadan konpromisoak areagotuko dituztela.

Adierazpen bateratuak jasotzen duenez, «trantsizioa azkartuko» dute «karbonoan neutrala» izango den ekonomia eredu baterantz. Horretarako, «ekintzak konkretuak» adosteko elkarrizketak agindu dituzte, bai Glasgown (Eskozia) egiten ari den COP26 goi bileran, baita haren ondoren ere.

Elkarlanerako zenbait esparru finkatu dituzte. 2030. urterako «esparru arautzaileak eta ingurumen estandarrak» zehaztea dute xede, eta «deskarbonizazioa eta elektrifikazioa sustatzeko politikak» indarrean jartzea. Horrez gain, «ekonomia zirkularra», «diseinu ekologikoa eta baliabide berriztagarrien erabilera» eta karbono dioxidoa biltegiratzeko teknologien garapena bultzatuko dituztela hitzeman dute.

Karbono isurien gutxitzea sustatzeko, gakotzat jo dute energia kontsumoaren «proportzio handi bat» energia berriztagarriekin asetzea. Adierazi dute «bestelako energia garbi batzuek» ere —energia nuklearra sartzen dute hainbat estatuk horien artean— ekarpen garrantzitsua egin dezaketela.

AEBek berretsi dute 2035. urterako elektrizitate kontsumoaren %100 karbono isuririk gabekoa bihurtzeko konpromisoa. Txinak, berriz, ziurtatu du «ahal den guztia» egingo duela «ikatzaren kontsumoa era mailakatuan» gutxitzeko.

Bi estatuek garrantzia aitortu diote hamarkada honetan metano isuriak murrizteari ere, eta 2022ko COP27 baino lehen emisio horien «kontrola hobetzeko neurri gehigarriak» hartuko dituztela iragarri dute. AEBek Glasgown adierazi dute metano isuriak gutxienez %30 murriztuko dituztela 2030. urterako, eta Txinak esan du hamarkada honetan metano emisioen «murrizketa esanguratsu bat» lortzeko «asmo handiko» plan bat onduko duela.

Bestalde, onartu dute mundu mailako legez kanpoko deforestazioa amaitzeak «ekarpen esanguratsua» egingo liokeela Parisko Hitzarmenean jasotako helburua betetzeko ahaleginari. Hori dela eta, legez kanpoko deforestazioarekin lotutako inportazioak debekatzeko konpromisoa hartu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.