Hilberria

De Klerk hil da, Hegoafrikako apartheid aroko azken presidentea

Eragile garrantzitsuenetako bat izan zen gutxiengo zuriaren agintean oinarritutako eredutik demokraziaranzko trantsizioan.

jarraia205775.jpg
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 11
13:03
Entzun

Frederik Willem de Klerk Hegoafrikako presidente ohia (Johannesburgo, 1936ko martxoaren 18a - Lurmutur Hiria, 2021eko azaroaren 11) gaur goizean hil da, bere etxean. 85 urte zituen. «Presidente ohia era baketsuan hil da bere etxean, gaur goizean, mesotelioma minbiziaren kontra borrokatu ostean», adierazi du bere izena daraman fundazioak.

De Klerkek apartheid garaiko azken gobernua gidatu zuen 1994. urtera arte, Nelson Mandela Afrikako Biltzar Nazionala alderdiko buruak boterea hartu zuen arte. Hain justu, Mandelak eta Klerkek elkarrekin partekatu zuten Bakearen Nobel saria, 1993. urtean, apartheid sistematik demokraziarako «mirarizko» trantsizioa bultzatzeagatik. Hala ere, trantsizio horretan De Klerkek izan zuen jarrerak kritika ugari pizten ditu oraindik ere.

Trantsizio negoziatu bati hasiera eman zioten erreformak iragarri zituen presidente ohiak 1990. urtean, Hegoafrikako Parlamentuan eman zuen hitzaldi batean. Hartu zituen neurrien artean, Afrikako Biltzar Nazionala eta apartheidaren aurkako beste zenbait erakunde legeztatu zituen, eta preso politikoak askatzeko agindu zuen, Mandela bera, besteak beste —27 urte egin zituen espetxean—. Horrez gain, heriotza zigorra ezabatu zuen.

Hitzaldia mugarritzat hartu ohi da, segregazio politiken amaiera gisa, eta trantsizio baterako lehen urrats modura, Hegoafrikan herritar guztiei legearen aurrean berdintasuna aitortuko zien demokrazia konstituziogile bat ezarriko zuena. De Klerken diskurtsoa ez zen parlamentari guztien gustukoa izan, eta hainbatek legebiltzarretik alde egin zuten orduko presidentea hizketan ari zela.

Mandela bederatzi egun beranduago irten zen Victor Verstergo kartzelatik, 1990eko otsailaren 11n. Egun horretan bertan, Afrikako Biltzar Nazionaleko buruak bakearen aldeko hitzaldi bat egin zuen, eta Hegoafrikako gutxiengo zuriarekin adiskidetzeko konpromisoa agertu. Ohartarazi zuen gatazka armatua eragin zuten baldintzak ez zirela desagertu oraindik, eta negoziazio prozesu bat abian jartzearen alde mintzatu zen, borroka armatuaren beharrik izango ez zuen egoera berri bat sortzeko.

Lau urte geroago, Mandela Hegoafrikako presidente hautatu zuten. Herrialdeko lehen presidente beltza izan zen De Klerken ondorengoa, hegoafrikar beltzei bozkatzeko eskubidea aitortu zitzaien lehenengo bozen garailea.

De Klerkek eta Mandelak Bakearen Nobel saria jasoa zuten ordurako, Hegoafrikan erakundetutako bazterketa arrazista desegiteko bultzatu zuten elkarrizketa prozesuarengatik.

Apartheidaren azken presidentea Johannesburgen jaio zen, afrikaner familia batean —nagusiki herbeheretarren ondorengoa den Hegoafrikako talde etniko zurian—. Bere aita apartheidaren aldeko senataria zen, eta behin-behineko presidente ere izan zen. De Klerkek zuzenbide ikasketak egin zituen, parlamenturako ordezkari hautatua izan aurretik. Apartheida indarrean jarri zuen Alderdi Nazionaleko legebiltzarkide izan zen. 1989. urtean presidente kargua hartu aurretik, hainbat ministeriotako arduradun izan zen. 1994. urtera arte izan zen herrialdeko gobernuburu, Mandelak lehen hauteskunde demokratikoetan boterea eskuratu zuen arte.

De Klerkek emazte bat eta bi seme-alaba utzi ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.