Martin Ugalderen mendeurrena

Martin Ugalderen obra osoa digitalizatu eta sareratu du Jakinek

Guztira, 2.049 idazlan jarri dituzte edonoren eskura, berariaz prestatutako bilatzaile batez lagunduta. Idazle, kazetari eta politikaria jaio zeneko mendeurrenean, haren ekarpena nabarmendu dute instituzioetako ordezkariek.

Hainbat erakunde eta eragiletako ordezkariak bildu dira Martin Ugalde Kultur Parkean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko azaroaren 11
15:07
Entzun

58 urtez jardun zuen idazten Martin Ugaldek (Andoain, Gipuzkoa, 1921-Hondarribia, Gipuzkoa, 2004). Lehen artikulua 25 urterekin, 1946an eman zuen argitara, bere sorterriko kronika bat. Eta azkena, berriz, justu gaurko egunez orain 20 urte, 2001ean, 80 urte bete zituen egun berean argitaratu zuen Euskaldunon Egunkaria-n. Haren jaiotzaren mendeurrena baliatu du Jakinek Ugalderen obra osoaren digitalizazioa eta sareratzea aurkezteko, hainbat erakunde zein eragiletako ordezkariekin batera idazlearen izena daraman parkean egindako ekitaldian.

Jakin.eus webgunean edonorentzat eskuragarri dago orain Ugalderen obra osoa, Euskal pentsamenduari eskainitako atalean, Txillardegi, Joxe Azurmendi eta beste hainbaten obrekin «elkarrizketan», Lorea Agirre Jakineko zuzendariak azaldu duenez. Guztira, 2.049 idazlan daude, eta, horiez gainera, biografia bat eta haren obraren ekarpenari buruzko azterketa testu bat jaso dituzte, idazlanetan sartu aurretik obra bera kokatzeko lagungarri dena. 2.049 dokumentu horietatik 1.662 Ugaldek berak idatziak dira, eta gainontzeko 387ak haren gainean edo haren lanaren gainean beste batzuek idatzitakoak, baita hari egindako elkarrizketak eta liburu kritikak ere. Zenbaki horiek lehen begi kolpean erakusten dute Ugalderen produkzioa «ikaragarria» dela, Agirreren hitzetan; «Neurriz, Txillardegi edo Joxe Azurmendi baten pare dago. Horrek esan nahi du bizitza osoa eman zuela idazten. Eta ez bakarrik euskararen testuinguruan, agian beste hizkuntza batzuetara joango bagina ere, kopuru horiek ikaragarriak dira». Haren inguruan 188 testu idatzita egoteak ere esan nahi du «Ugalde bazela pertsona, pentsalari, idazle erreferentzial bat, kontuan hartzen zela eta bere gainean eta berak idazten zituenen gainean ere idazten zela, bere garrantzia zuelako», gaineratu du.

1.662 idazlan horietatik 46 liburuak dira. «Datu hau ere ikaragarria da», Agirreren esanetan. «Pentsa ezazue bizialdi batean 46 liburu idaztea. Ez dira asko egongo munduko hizkuntza diferenteetan». Eta 1.548, berriz, artikuluak, gehientsuenak kazetaritzari lotutakoak. «Eta hau ere asko da». Artikulu horiek, gainera, 69 egunkari eta aldizkaritan argitaratu zituen, Euskal Herrian eta Venezuelan. «Horrek esaten digu noraino iristen zen, norainoko sarbidea zuen, eta noraino iristen ziren bere lanak, eta noraino zen zabal eta pertsona askea zentzu horretan».

Idazlan digitalizatu horiek guztiak ordenatu ditu Jakinek, eta thesaurus propio bat egin du; hau da, Ugalderen obra aztertu, eta landu zituen gaien araberako bilatzaile berariazko bat sortu du. 45 item orokor identifikatzen ditu bilatzaile horrek: hizkuntza, erbestea, politika, erlijioa, historia... Eta horien barruan, gai espezifikoagoak ere zehazten dira, hala nola euskararen historia soziala, euskal hedabideak, euskal nazionalismoa, nazioarteko historia, lana, sindikalismoa... Hala ere, gaikakoa ez da Ugalderen obran arakatu eta bilaketa egiteko modu bakarra, egile, agerkari eta lan motaren arabera ere bila baitaitezke idazlanak, baita data jakinen arteko bilaketak egin ere. Liburu edo artikulu osoak ikusteko aukera edozeinen eskura jarri du Jakinek horrela.

Digitalizazio lana 1990eko hamarkadan hasi zuen Jakinek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz, baina gaur arte ez du argirik ikusi. Orain, azkenik, aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Andoaingo Udalaren babesarekin ikusi du argia.

Hain zuzen, digitalizazio eta sareratze lanen aurkezpenean erakunde horietako hainbat arduradun izan dira, Ugalde familiako kideekin eta hainbat eragiletako ordezkariekin batera. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntz Politika sailburuak eta Maider Lainez Andoaingo alkateak hartu dute hitza horien artetik, eta biek ala biek goraipatu eta eskertu dute Ugalderen ekarpena.

Aurkezpenaren ondotik, Ugalderen Itzulera baten historia (1990) liburuaren egun osoko irakurketa jarraituari ekin diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.