COP26ko promesekin, %9 murriztuko litzateke 1,5 graduren helburua lortzeko tartea

Metanoaren, ikatzaren, garraioaren eta deforestazioaren inguruan harturiko erabakiek ez dute aldatuko egungo norabidea, Climate Action Tracker ikerketa taldearen arabera.

COP26koei zuzenduriko mezuak, Glasgowko kale batean (Eskozia). ROBERT PERRY / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 11
17:18
Entzun

COP26 Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko goi bilera azken txanpan den honetan, Climate Action Tracker ikerketa taldeak neurria hartu die herrialdeen konpromisoei, eta mezua ez da positiboa: promes horiek kontuan harturik, 1,5 graduren helburua lortzeko tartea —egungo egoeraren eta egon beharrekoaren arteko diferentzia— %9 murriztuko litzateke, eta ez litzateke aldaketarik izango egungo norabidean.

Metanoaren, ikatzaren, garraioaren eta deforestazioaren inguruan harturiko erabakiek 2,2 gigatona murriztuko lituzkete karbono dioxido emisioak, baina hori gobernuek beren planei eustearen araberakoa litzateke, eta, orain arte halakorik ez dutela egin jakitun dagoela, ikerketa taldeak ondorioztatu du COP26ko orain arteko konpromisoak ez direla nahikoa. Horregatik, ohartarazi du badela hobekuntzarako tarterik, herrialde gehiago batuko balira erabaki horietara.

Niklas Hoehne New Climate Instituteko kidearen arabera —Climate Action Trackerreko kidea da—, «ez da harrigarria iniziatiba sektorialen eragina hasieran txikia» izatea; halere, uste du «presio horrek» lagun dezakeela luzera begirako xedeak betetzen. Ikerketa taldeak kalkulatu duen 2,2 gigatonako murrizketa hori Alemaniak, Erresuma Batuak eta Japoniak batera isurtzen duten kopurua litzateke, kasurako.

Climate Action Trackerren ondorioak azkenak dira asteotan egindako ohartarazpen zerrendan. Horren aurretik, eta COP26 hasi baino lehen, Nazio Batuen Ingurumen Programak adierazi zuen egungo konpromisoekin «klima hondamendirako bidean» dela mundua; gerora, iragan astean, topaketa bete-betean, Global Carbon Project egitasmoak jakinarazi zuen karbono isuriak 2032an eten beharko liratekeela egungo erritmoan jarraituz gero.

Herrialdeek zenbait erabaki hartu dituzte asteotan Glasgown (Eskozia) egiten ari diren COP26n, baina orain artekoak ez lirateke nahikoa izango jarritako helburuak betetzeko. Horien artean daude 40 estatuk ikatza hurrengo hamarkadetan baztertzea adostu dutela, nahiz eta kontsumitzaile handienetako batzuek erabaki duten akordiotik kanpo gelditzea; 34 herrialdek diesel eta gasolina autoen salmenta 2040rako amaitzea erabaki dutela; eta 25 estatuk eta hainbat finantza erakundek adostu dutela 2023tik aurrera diru publikorik ez bideratzea erregai fosilen sektorea atzerrian finantzatzera, esaterako.

Horiei gehitu zaie munduko 11 gobernuk gaur jakinarazitakoa: petrolioa eta gasa esploratzeko eta ustiatzeko lizentziak emateari utziko diotela. Danimarka, Costa Rica, Frantzia, Irlanda, Suedia, Gales, Quebec, Groenlandia, Zeelanda Berria, Kalifornia (AEB) eta Portugal dira sinatzaileak, eta, Danimarkako Klima eta Energia ministro Dan Jorgensenek aitortu duenez, erabaki hori hartzea ez da «erraza» izan.

Suediako Ingurumen eta Klima ministro Per Bolund ere pozik agertu da adostasun horrekin, argudiatuta etorkizuna «berriztagarria» izango dela. Eta iragarpen bat egin du: «Datorren udan, lege bat onartuko dugu erregai fosilen bilaketa debekatuko duena». Frantziaren kasuan, Trantsizio Ekologikorako ministro Barbara Pompilik ohartarazi du haren herrialdearen ekonomiaren «eraldatze osoa» lortu beharko dutela hori betetzeko.

Horietaz haratago, COP26ko akordiorako lehen zirriborroa atzo egin zuten publiko, eta horretan ez dute neurri zehatzik jasotzen erregai fosilak baztertzeko eta berotegi gasen isuriak mugatzeko. Aldiz, testuak proposatzen du konpromisoak zehazteko lana datorren urte amaierara arte atzeratzea.

Horretaz, Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteordeak gaur adierazi du «dinamika positibo batean» daudela, eta ados jartzeko «borondatea» dagoela herrialdeen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.