MENDIA

Ehunmiliak lasterketetarako dortsal gehienak bukatu dira

Gaur ireki da izena emateko epea, eta ordu laurden eskasean bukatu dira Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi lasterketetan aritzeko dortsalak. Ehunmilietakoak badaude oraindik eskuragarri

2018ko Ehunmilietako irteera. IñAKI ERAUSKI
Julen Etxeberria.
2021eko azaroaren 11
18:13
Entzun

Mendi lasterketen zaleak euren burua neurtzeko irrikaz daude. Koronabirusaren pandemia dela eta, denbora luzez egon dira hori egin ezinik, eta ez dute denbora pasatzen utzi nahi. Hori ondorioztatu daiteke Ehunmiliak lasterketaren 11. aldiaren harira gertatu dena kontuan hartuz gero. Gaur arratsaldeko bostetan ireki da haren inguruan jokatzen diren hiru lasterketetan izena emateko epea, eta ziztu bizian amaitu dira dortsal gehienak. Uztailaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko dira. Azken bi urteetan bertan behera geratu ziren, pandemiak eragindako osasun egoeragatik.

Ordu laurden eskasean bukatu dira Goierriko Bi Handiak (88 kilometroko ibilbidea eta 6.000 metroko desnibela) eta Marimurumendi (42 kilometroko ibilbidea eta 2.300 metroko desnibela) probetakoak. Aurrenekoan, 515 dortsal zeuden eskuratzeko, eta bigarrengoan, 265. 515 dortsal daude Ehunmilietakoan parte hartzeko ere (168 kilometroko ibilbidea eta 11.000 metroko desnibela), eta oraindik badaude eskuragarri.

Parte hartu nahi eta dortsalik gabe geratu direnek, ordea, beste aukera bat izango dute, BERRIAri esker. Izan ere, dortsal bat zozkatuko du. Dortsala hiru probetako edozeinetan baliatu ahal izango da, eta mediku probaren ziurtagiria beharko da. Parte hartzeko azken eguna hilaren 21a izango da, eta hurrengo egunean jakinaraziko da sariduna. Zozketan izena emateko, jo webgune honetara

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.