BIELORRUSIA-POLONIA

Gas hornikuntza eteteko mehatxua egin dio Lukaxenkok EBri, iragarri dituen zigorrak direla eta

Bielorrusiako presidenteak eskatu dio armadari «kontrola» ditzala Poloniako armada eta NATOren tropak mugan egiten ari diren mugimenduak. NBE laguntza humanitarioa ematen hasi zaie etorkinei.

Immigrante talde bat, herenegun, Hrodnako (Bielorrusia) kanpaleku batean. LEONID SCHEGLOV / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 11
18:31
Entzun

Migratzaileak EB Europako Batasuna ezegonkortzeko erabiliz «gerra hibrido bat» hastea egozten dio talde komunitarioak Bielorrusiako presidente Aleksandr Lukaxenkori. Akusazio horren arrazoia ulertzeko, hilabete batzuk egin behar dira atzera. Iazko boz orokorren ondorengo manifestazioei erantzuteko asmoz indarkeria erabili zuela leporatuz, Mendebaldea hasi zen Minski zigorrak jartzen. Uda honetan heldu zen Lukaxenkoren erantzuna. «Guk drogak bahitzen genituen, eta immigranteak frenatzen. Orain zuek hartuko dituzue, eta zuek harrapatuko». Eta Bielorrusia hasi zen, Bruselaren esanetan, Iraketik, Siriatik eta Afganistandik, besteak beste, etorkinak hegazkinetan ekartzen, eta horiei Poloniarekiko mugarako bidea errazten. Poloniako mugazainen arabera, azken hilabeteotan 30.000 bat papergabe ahalegindu dira alanbre hesi arantzaduna zeharkatzen eta EBn sartzen. Etorkin gehiago iritsi dira, eta tentsioak gora egin du azken egunotan mugan, Hrodna inguruan (Bielorrusia). Europako Batzordeak eta AEBek, beraz, zigor gehiago iragarri zituen atzo, eta gaur iritsi da Lukaxenkoren erantzuna: gas hornikuntza moztearekin mehatxu egin dio EBri.

«Berokuntza jartzen diogu eskura Europari, eta, halere, muga ixtearekin mehatxu egiten digu. Eta gas hornikuntzaren igarobidea ixten badugu? Zigor gehiago jartzen badizkigute, erantzun beharra daukagu», adierazi du Bielorrusiako presidenteak, ministroen kontseiluan egindako bilera batean, Belta estatuko berri agentziak argitaratu duenez.

Gainera, Poloniako armadaren soldaduek eta NATOko tropek mugan egindako mugimenduak «kontrolatzeko» agindua eman die Defentsa Ministerioari eta KGB zerbitzu sekretuari. Joan den astelehenaz geroztik 15.000 soldadu bidali ditu Poloniako Gobernuak mugara, eta Lukaxenkok aurpegiratu dio Varsoviari horren berri ez ematea, nahiz eta, haren hitzetan, horretara «behartuta» dauden. «Kontraerasorako planak behar dira. Ez gara ari armada hedatzen; ez dut agindu hori eman. Baina dena aurreikusi beharra dago, ez diezaguten mugan gerratxo bat sortu, eta gu ez gaitezen horretarako prest egon», ohartarazi du. Bielorrusiak atzo jakinarazi zuenez, Errusiako armadaren bi bonba hegazkinek mugaren gainean hegan egin zuten, eremua ezagutzeko.

Europar Kontseiluak emandako datuen arabera, Polonia eta Bielorrusia arteko mugan 2.000 bat migratzaile daude behin-behineko kanpalekuetan baldintza eskasetan bizitzen —Poloniaren arabera, horietako 468 muga zeharkatzen ahalegindu dira azken 24 orduetan—. Poloniarentzat, baina, 4.000-5000 inguru dira etorkinak. Nolanahi ere, Varsoviak azpimarratu nahi izan du krisia politikoa dela eta Lukaxenko dela horren erantzulea. «Ez da ez krisi humanitario bat, ezta migrazio krisi bat ere», adierazi dio Pawel Jablonski Atzerriko Estatuko idazkariordeak El País egunkariari, elkarrizketa batean. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteordeak ere atzo nabarmendu zuenez, ez dago migrazio krisirik. Hori bai, Jablonskik pentsatzen du azken 30 urteotako «krisi larriena» pairatzen ari dela herrialdea.

Mugako kanpalekuetan dauden errefuxiatuei laguntza humanitarioa banatu diete, gaur, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko kideek. «Orain, lehentasuna da heriotzak saihestea eta jendea Bielorrusiako leku seguruetara eramatea», adierazi du, Twitterren, Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak.

EBrentzat eta AEBentzat immigrante horiek hegazkinez heldu dira Bielorrusiara, Lukaxenkok bide hori sustatuta. Hori aintzat hartuta, Von der Leyenek jakinarazi zuen, atzo, Bruselak eta Washingtonek elkarrekin koordinatuta jokatuko dutela Bielorrusiari erantzuteko, eta «giza trafikoa» errazten duten airelineak zigortuko dituztela. Irakeko eta Jordaniako aire konpainiek Bielorrusiara zituzten hegaldiak eten dituzte behin-behinean, eta Bielorrusiako airelinea publikoak azpimarratu du, ohar batean, ez duela zerikusirik giza trafikoarekin, eta ezin zituela baztertu paperak zuzen dituzten bidaiariak.

Korridore bat, itzultzeko

Lituaniako Gobernuak proposatu du, bestalde, Hrodnako aireportura arteko giza korridore bat irekitzea Bielorrusia eta Polonia arteko mugan, etorkinak haien herrialdetara bueltatu daitezen. «Bielorrusiako basoetan noiz erreskatatuko dituzten zain egon beharrean, izan liteke pertsona horiek haien etxeetara itzultzeko modu bat», esan dio, gaur, Gabrielius Landsbergis Atzerri ministroak, Lituaniako hedabide bati. Horretarako, laguntza eskatu dio NBE Nazio Batuen Erakundeari.

Alemaniako Parlamentuan Bielorrusiari jarritako zigorrez mintzatu ziren, atzo, eta Heiko Maas jarduneko Atzerri ministroak «elkartasuna» adierazi zion Poloniari, eta azpimarratu arazoa ez dela Poloniarena. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek herenegun azaldu zuenez, Bruselak diruz lagundu dezake Varsoviak mugan eraiki nahi duen hesia.

Angela Merkel Alemaniako jarduneko kantzilerrak ohar barean azpimarratu duenez, Lukaxenkok «jende babesgabea» erabiltzen du EBri «eraso» egiteko. Hori jakinarazi dio Vladimir Putini telefonoz, eta eskatu dio Errusiako presidenteari baliatu dezala Minsken gain duen eragina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.