Funtzio publikoa
Ordezkoak finko egingo dituzte lanpostu publiko bat bost urtez betez gero
Administrazio publikoetan behin-behinekotasun tasa handia txikitzeko akordio bat lortu dute Ogasun Ministerioak, UPk, ERCk eta EAJk

Administrazio publikoetan dagoen behin-behinekotasun tasa handiak txikitzeko akordio bat lortu du Espainiako Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioak, UP Unidas Podemosekin, EAJrekin eta ERCrekin. Horren bidez, azken bost urteetan lanpostu publiko bat eta bera bete duten ordezkoek automatikoki eskuratuko dute lanpostu hori modu finkoan, oposizio prozesutik pasatu behar izan gabe.
Funtzio publikoaren egonkortasunaren lege bat lantzen ari dira orain Kongresuan, gaur egungo legediarekin ezinezkoa baita lanpostu publiko finko bat lortu oposiziorik egin gabe. Azken urteetan oso oposizio gutxi egin dira, gastu publikoa jaitsi nahian, PPren gobernuek debekatu egin zuelako erretiroa hartutako, hildako edo funtzio publikoa utzitako langile finko gehienak ordezkatzea. Horrek eta administrazioen zenbait praktikak berekin ekarri dute behin-behinekotasuna %40 ingurukoa izatea Hego Euskal Herriko funtzio publikoan.
PSOE, UP, EAJ eta ERCren zuzenketa bateratu gisa sartuko da bost urteko araua lege berrian. Helburua da epe ez oso luzean behin-behinekotasun tasa %8ra jaistea.
Espainiako hedabideek atzo iluntzean aurreratu zutenez, baldintza batzuk jarri dituzte horretarako: ezohiko neurria izatea, behin bakarrik egitea, eta administrazio bakoitzak bere lege edo araudi propioa egitea. Baina bada beste baldintza bat ere: hain zuzen ere, ordezko batek postu finko bat nahi badu, leku hura bete behar izan duela 2016ko urtarrilaren 1az geroztik, etenik gabe.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.