Barnahus eredua: sexu abusuak pairatu dituztenak berriz ez «biktimizatzeko» tresna

Jardunaldiak egin dituzte Gasteizko Artiumen, Save The Children erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bortz umetatik batek jasaten dute indarkeria sexuala. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak nabarmendu du garrantzitsua dela ume eta nerabeek behin bakarrik deklaratzeko aukera izatea.

Jardunaldiak, gaur, Gasteizen. Irudian, Charo Arranz, Save The Children erakundeko zuzendaria. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko azaroaren 12a
12:20
Entzun

«Zergatik joan behar du umeak justizia sistemara? Eta zergatik ez doa, kontrara, justizia sistema umearengana?». Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak egin duen galdera da. Euskadi Barnahus eredurantz: sexu-abusuen biktima diren haur eta nerabeei zuzendutako arreta integrala jardunaldietan hartu du hitza, gaur, Gasteizko Artium museoan.

Save The Children erakundeak eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dituzte jardunaldiak, iragarri dutenez, Gasteizen eta 2022rako martxan jarri nahi duten «proiektu pilotu» baten berri emateko: Barnahus eredua, hain justu —islandieraz, «haurren etxea»—. Sexu abusuak jasan dituzten edo pairatzen ari diren umeak behin baino gehiagotan ez «biktimizatzea» litzateke sistemaren helburua, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez: «Ume eta nerabeen interesen alde jardun nahi dugu, birbiktimizazioa eragozteko eta arta sendoa emateko, espezializatua, eta ingurune lagunkoi batean». Artolazabalen hitzetan, gune «integral» bat litzateke Barnahus, zeinetan sexu abusuak jasan dituzten ume eta nerabeentzako zerbitzuak bateratu eginen lituzketen.

Save The Childreneko zuzendari Charo Arranzek eman du arazoaren hedaduraren berri: «Datuak lazgarriak dira». Azaldu du, hain zuzen, 18 urtetik beheitikoen %10 eta %20 artean direla indarkeria sexuala pairatzen dutenak: «Bost umetatik batek jasan du». Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa batuta, 2.000 eta 4.000 ume eta nerabe artean izan daitezke. Arranzek nabarmendu du gizartean indarkeria sexuala jasan duten bi pertsonatik bat adingabeak direla, eta ohartarazi du, gainera, «izebergaren punta» baino ez direla datu horiek guziak: «Kasuen %15 bakarrik salatzen dira, eta salatutako kasuetatik, gainera, %70 ez dira iristen ahozko epaiketara. Kasu gehienak artxibatu egiten dira froga faltagatik». Arranzen ustez, «hedadura garrantzitsuko arazoa» da, baina maiz «ikusezina». Hark ez dio inportantziarik kendu, ordea: «Adingabeek pairatzen duten indarkeria forma okerrenetariko bat da». Arazoari aurre egiteko Etxepe berean izeneko txostena argitaratu berri du Save The Childrenek: gaur egungo egoera eta Barnahus eredua aletu dituzte dokumentuan.

Nola babestu umeen interesak

Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak «umeen interes gorena» babestearen alde egin du haren mintzaldian. Azaldu duenez, «gatazka» bat dagoenean «umearen interesak» izan beharko luke «baliorik handiena»: «Hori garrantzitsua da ikustean zein erabaki hartu behar diren umeak dauden prozesuetan». Nabarmendu du «entzunak izateko eskubidea» dutela umeek, baina baita kontrakorako ere: «Batzuetan soberatan ez entzutea ere izan daiteke, oso biktimizatuak izan baitaitezke».

Zehaztu du garrantzitsua dela erabakitzea umeek parte hartu behar ote duten prozesuan, eta, hala izatekotan, noiz eta zein modutan egin behar duten. Eta, hori erabakitzeko, «komunikazioari» eman dio garrantzia, baita «espazio egokia» izateari ere. Nagusiki, Subijanaren ustez, garrantzitsua litzateke ume edo nerabeek behin bakarrik deklaratu ahal izatea, eta azaldu du horretan aitzinamenduak egin direla Europako jurisprudentzian. Erraterako, 14 urtetik beheitiko umeek eskubidea dute deklarazio hori ahozko epaiketa gertatu aurretik egiteko —deklarazio horren grabazioa erabiliko litzateke epaiketan, eta ume edo nerabeak ez luke zertan epaitegira joan—. «Batzuetan, umea epaiketan egoteak ez du bat egiten biktima babestearen printzipioarekin, eta, beraz, proba egin daiteke epaiketa baino lehen», azaldu du. 14 urtetik aitzinerakoekin hutsune bat dago horretan, ordea, Subijanaren hitzetan.

Hainbat «erronka» zerrendatu ditu Subijanak: arlo ezberdinetako langileek prestakuntza espezifikoa jasotzea, behin bakarrik deklaratu ahal izatea, hori ingurune «atsegin» batean egin ahal izatea —Barnahus ereduan, erraterako—, zerbitzuen kudeaketa elkarlanean egitea, eta ebaluazio periodikoak egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.