Musika

LCD Soundsystem eta J Balvin ere ariko dira 2022ko BBK Liven

Nathy Pelusok eta Four Tetek ere parte hartuko dute XV. jaialdian, lehenagotik iragarrita zeuden talde ospetsuez gain: The Killers eta Pet Shop Boys, besteak beste.

LCD Soundsystem, Bartzelonako Sonar jaialdian, 2018ko udan. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 12a
13:54
Entzun

Bi urteko geldialdiaren ondoren, datorren urtean egin egingo dute BBK Live jaialdia, uztailaren 7an, 8an eta 9an. XV. ediziorako izen handiak pilatzen hasiak ziren lehenagotik, eta programazioaren berri eman dute gaur. LCD Soundsystem izango da protagonista nagusia; taldeak Europako beste jaialdi batean ere ez du parte hartuko datorren urte osoan. J Balvin reggaeton izarrak ere joko du Kobetamendin; munduan entzule gehien dituen musikarietako bat da.

BBK Liven izango dira, bestalde, Stromae belgikarra, zortzi urtez abesti berririk atera gabe egon eta gero; Nathy Peluso, Calambre diskoa aurkezten; Four Tet musikari eta ekoizle eklektikoa; Moderat elektronika hirukotea; Caribou kanadarra; M.I.A. dance musikaria; eta Bomba Estereo fusio talde kolonbiarra, besteak beste.

[youtube]https://youtu.be/a9wnbPUgq6c[/youtube]

Azken bi urteetan jo ezin izan duten talde batzuk ere gorde dituzte datorren urteko jaialdirako: The Killers, Pet Shop Boys eta Placebo kartelburuetako batzuk dira.

Zenbait euskal musikari ariko dira Kobetamendin: Chill Mafia, Ezpalak, Nogen eta Verde Prato.

Basoa gunean egingo diren elektronika emanaldi lasaiagoen artean dira The Blessed Madonna, Carl Craig, Helena Hauff, Lena Willikens eta JASSS.

Bonuak salgai daude, eta eguneko sarrerak ere bai, gaurtik hasi eta abenduaren 16ra bitarte. Antolatzaileek adierazi dute kanpin dendak jartzeko tokia egongo dela, aurreko edizioetan bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.