Nerea Machado

«Gizakiok uste dugu ekarpen txiki batekin mundua salba dezakegula»

Machadok ongi ezagutzen ditu Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearen barrunbeak. Lanik ez zaie falta gaur egun, ezta horretarako gogorik ere; errefuxiatuei laguntzea dute xede.

2021eko azaroaren 12a
15:10
Entzun

Itsas Salbamendu Humanitarioko (ISH) kudeatzailea da Nerea Machado (Azpeitia, 1975). Aurretik ere boluntario lanetan aritutakoa da Azkoitiko bi taldetan, eta ISHn murgilduta dabil azken bi urteetan. Aitortu du ez dela erraza halako erakunde bateko kudeatzailearen lana, «dena burokrazia» delako. Haren arabera, «zaila» da nahia eta ezina kudeatzea.

Oztopo askorekin egiten al duzue topo eguneroko jardunean?

Euskal Herriko politikariek borondate ona dute, baina legeak direnak dira. Hau da, diru laguntza jakin batzuk eskuratzean, gurea bezalako proiektuek ez dute lekurik. ISHren proiektuek ez dute lekurik kooperazioko laguntzetan: martxan ditugun proiektuak larrialdikoak dira. ISH oso erakunde txikia da, eta lagun kuadrilla baten gisan funtzionatu izan du hasieratik. Orain, baina, hartu duen neurriarekin, aldaketa prozesu bat gauzatzen ari gara.

ISHk bi proiektu ditu martxan gaur egun, ezta? Zeintzuk?

Aita Mari ontzian oinarritzen den Maydayterraneo da bata, beharbada ezagunena. Bestea, berriz, Kios [Grezia] uharteko Vial errefuxiatuen kanpalekuko osasun sorospenari lotutakoa da. Kioseko proiektua 2016an sortu zen, ISHren sorrerarekin batera. Sasoi hartan, errefuxiatu asko iristen ziren Greziara, baina beste asko bidean gelditzen ziren. 2018ko maiatzean, Stella Maris berria itsasontzia —gaur egun Aita Mari dena— erosi zuen ISHk, Getarian, baina ontzia ez zen atera itsasora 2019ko martxora arte.

Zerk bultzatuta sortu zen ISH?

2015eko irailean Aylan Kurdi haurra Turkiako hondartza batean hilik agertu zenean hasi zen mugimendua. Geldirik egoterik ez zegoela eta, bideari ekin zioten hainbat herritarrek; Greziara joan ziren hango egoera ezagutzera.

Zu noiz batu zinen proiektura?

2016an. Geroago, Aita Mari Pasaian zela eta sukaldari bat behar zutela esan zidaten, eta itsasontzia han zen bitartean langileentzako otorduak prestatzeko pronto agertu nintzen. Ondoren, dibortziatu egin nintzen, lana behar nuen, eta kudeatzaile postua eskaini zidaten. Harrezkero, zera esaten diet kideei: Aita Mari-k itsasora atera aurretik egin zuen lehen erreskatea nirea izan zela.

Lanean hasi aurretik, baina, boluntario jarduten zenuen erakundean. Zerk erakarri zintuen ISHren proiektura?

Aylan Kurdiren irudia ikustean hasi nintzen egoeraz edo errealitateaz jabetzen. Egia esan, beti izan naiz mugitua; talde askotan aritutakoa naiz. Gizarteak aurrera egiteko modu bakarra denok elkarri laguntzea eta bat egitea dela uste dut; bakoitza bere neurrian, baina denok zerbait eginez.

Errefuxiatuen gaiak hartu du leku pixka bat gizartean. ISHren proiektuarekiko atxikimendu handiagoa nabaritzen al duzue?

Uste baino jende gutxiagok ezagutzen du, adibidez, Aita Mari. Inguruko jende askok esan izan dit nire bidez ezagutu duela proiektua; ordura arte ez zuela ezer entzun ISHz eta Aita Mari-z. Oso mediatikoa da Aita Mari, bai, baina hedabideetan arreta jartzen duenarentzat. Telebistan aritzen dira errefuxiatuez, baina erraza da katea aldatu eta ezer entzun ez bagenu bezala jokatzea. Gizartean ez dakit, baina erakundeetan ezagun egin da ISH; oso diru laguntza publiko gutxi jasotzen zuen hasieran, eta orain, askoz gehiago.

Zein da halako proiektu batean lan egiteak duen alderik neketsuena?

Beti eskean ibiltzea eta burokraziarekin topo egitea. Gizakiak, gainera, badu beste gaitz bat: edozertarako gai dela eta mundua salba dezakeela pentsatzen duela, baina hori ez da horrela. Gizakiok uste dugu ekarpen txiki batekin mundua salba dezakegula, baina ez; pretentsio hori duenak distortsioa dauka. Egunero egin behar da lan, eta, egia esan, astuna egiten da askotan. Gauzak oso desberdinak dira proiektu bat barrutik bizi duzunean; kanpotik begiratuta errazagoa eman dezake, baina ez da erraza erakundeekin lanean aritzea, diru faltarekin borrokatzea, pertsonekin lan egitea… Dena den, gaia gizartean presente egotea da xedea, eta Mediterraneoan errefuxiatuei ahalik eta gehiena laguntzea.

Nola moldatzen zarete boluntarioak aurkitzeko?

Horretarako ez dugu izaten batere arazorik; jendea prest egoten da itsasora joateko, baina bestelako lanetarako falta izaten dira boluntarioak. Kontua da zer boluntariotza klase egin behar dugun: hara doanak erakunde baten parte dela jakin behar du, eta gauzak ezin dituela egin bere erara. Beste pertsona batzuei laguntzea da helburua, norbere burua alde batera utzita.

Beste erreskate bat egin berri du 'Aita Mari'-k. Zenbat denbora eskatzen du misio bat prestatzeak eta egiteak?

Seigarren misioa egin berri du ontziak, aurtengo hirugarrena. Lehen aldiz egin ditu urte berean hiru misio; izan ere, 2019an bat egin zuen,eta 2020an bi. Portu bakoitzak egiten dituen eskaeren araberakoa izaten da misioaren iraupena. Azken erreskatea urrian egin zuen Aita Mari-k, baina abuztuaren 29rako Burrianan [Herrialde Katalanak] zegoen tripulazioa. Handik Mediterraneora irteteko baimena, berriz, urrian eman zioten. Erreskatetik bueltan zortea izan du taldeak: berrogeialdia egin behar izaten dute beti portura iristean, baina zazpi egun igarota itzuli ahal izan dira. Kontua da diru pila bat ordaindu behar izaten dela ontzia portuan egoten den egun bakoitzeko. Ekainetik dago Aita Mari Burrianan, eta 6.000-7.000 euro ordainduko genituen ordutik. Borondate falta itzela dago burokraziaren izenean.

Zazpigarren misiorik ba al duzue eskuen artean?

Urtarrilean egin nahi dugu hurrengo erreskatea. Lehenago egiteko aukerarik ez dago, langileen atsedena errespetatu egin behar delako. Dirua izanez gero, beste tripulazio bat kontratatu eta berriz ere itsasora joan zaitezke. Baina izugarria da misio bakoitzaren gastua, eta guk ezin dugu egin misio bat bestearen atzetik. Nahi genuke, baina…

Inoiz itsasoratu al zara?

Ez. Izugarrizko gogoa daukat, baina… Aita Mari-k Getarian egin zuen proba batera joan nintzen, eta haren ostean, “bat eta gehiago ez!” esan nion neure buruari. Hori da botaka egitea hori! Oso gaizki pasatu nuen. Dena den, tripulazio osoa botaka itzuli zen azken misiotik, eta horrek kontsolatu egin nau [barrez]. Auskalo zer olatu izan zituzten bidean. Probatu nahiko nuke, baina kontua da titulazioren bat behar dela Aita Mari-rekin boluntario aritzeko; soroslea, medikua, argazkilaria, sukaldaria, suhiltzailea, kazetaria edo halakoren bat izan behar duzu ikasketaz, eta nik ez daukat halako titulurik.

Lehorretik nola jarraitzen duzue erreskate bat?

Ontziren bat bistaratu dutela esanez abisua bidaltzen dute taldera, normalean. Hori bai, egoeraren arabera, erreskatea egin aurretik edo ondoren iristen da abisua. Gertatu izan zaigu Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri behar izatea, erreskate prozesua azkartzeko laguntza eskatzeko. Martxoko erreskatean, adibidez, Jaurlaritzara deitu behar izan genuen, erakunde horrek Espainiako Gobernuari Italiakoarekin hitz egin zezala eskatzeko.

Erabakiak zeuen kasa hartuz gero, arazoak sor al daitezke?

Kontuz ibili behar da; izan ere, ontziko kapitainak irteterako badaki milioi bat euroko isuna jar diezaioketela. Gobernuren batek —Italiakoak, esaterako kapitainak hanka sartzea egin duela erabakitzen badu… Duela bi urte, esaterako, arazoak izan zituen Carola Rackete Sea Watch itsasontziko patroiak. Ez zioten porturik adjudikatzen, eta Italiako portu seguru batera sartzea erabaki zuen, bere kasa; kartzelan sartu zuten, desobedientzia zibila leporatuta. Gauza bera gertatzen da ontzi bat ikustean eta erreskatatzeko baimenik ematen ez dutenean. Ez dituzte egoera ederrean jartzen kapitainak! Patroia lanera joaten da, eta mila gauza egin ditzake, baina legez jokatzea hautatzen dute normalean.

Kasurik txarrenean, ontzia bistaratu eta errefuxiatuak egoera larrian badaude?

Desobedientzia zibilaren aldeko hautua egingo genuke denok.

Horrela ibiltzeak ez al du ezina sentiarazten?

Bai, izugarria. Barruan zaudela, ikusten duzu zer dagoen, baina kanpoan hori ez dela ulertzen jakitea… Jendeak galdetzen du: «Zergatik ez zaudete itsasoan?». Eta erantzuna argia da: ezin dugulako; dirurik ez dagoelako edo ez digutelako uzten.

Bizi izandakoaz zer esaten dute esperientzia probatu duten boluntarioek eta langileek?

Normalean, esperientzia oso-oso gogorra dela esaten dute, eta emozionalki jota egoten dira. Erreskateko unea oso gogorra dela ere kontatzen dute, bukatzean behea jotzen dutela, lehertu egiten direla fisikoki eta emozionalki. Erreskatearen araberakoa ere bada aldartea lehengoratzeko behar den denbora. Ondo atera dira Aita Mari-k egin dituen erreskate guztiak, baina gaizki atera daitekeela pentsatze hutsarekin… Lehorreratzean errefuxiatuak nola tratatzen dituzten ikustea ere oso gogorra dela diote; kriminalak edo zenbakiak balira bezala tratatzen dituzte. ISHren protokoloak dioenez, errefuxiatuekin ahalik eta harreman gutxien izan behar dute tripulazioko kideek, emozionalki kateatzeko aukera erreala delako eta horrek distortsioa sor dezakeelako. Ez da erraza, ordea, hori ulertzea, ezta praktikan jartzea ere. Hortxe daude errefuxiatuak, aurrean, baina distantzia mantentzea eta giza laguntza duina ematea da gure lana.

Bereziki kezkatzen al zaitu migratzaileen gaiak?

Bai, baina gizarte arazo guztiek kezkatzen naute. Irakaslea naiz, eta gertutik ari naiz ikusten umeekin zer ari garen egiten eta zer gizarte ari garen bultzatzen. Nire aita Zamoratik [Espainia] etorri zen Euskal Herrira, eta etxean bizi izan dut garai bateko migratzaileek jasan zutena. Horrek ere eragin egiten du. Zein naiz ni inori non bizi behar duen esateko?

Gizartea zer ari da, bada, bilakatzen?

Gezurrez betetako gizarte bat da gurea. Lehen ere baziren halakoak, eta orain ere bai. Ama kuadrillatik bota zuten aita zamorarra zelako, eta Zamorara joaten nintzenean «aquí vienen las vascas, las de ETA» esaten ziguten [hemen datoz euskaldunak, ETAkoak]. Haien arabera, euskalduna nintzelako ETAkoa nintzen, eta, gaur egun, aurrean duten marokoarra lapurra da, marokoar bat lapurra baita. Horixe izaten da errazena: errudun bat bilatzea. Migratzaileak dira jopunturik errazenak; zaurgarriak dira, baldintza eskasetan bizi dira asko, eta errazena izaten da haren gainetik zaudela sinestea eta hura zapaltzea.

Gizartean ba al dago GKEak laguntzeko borondaterik?

Norbere buruari begira bizi gara, eta uste dut dezente utziak garela oro har. Hau da, niretzat etekinik ikusten ez badut, agur. Elkartasuna ez da Gabonetan kilo bat arroz erostea eta janaria biltzeko postuan uztea. Etxean hasten da elkartasuna; ez gara solidarioak aldamenekoarekin, eta, beraz, nola izango gara beste aldekoarekin? Ahoa beteta hitz egiten dugu, baina… Askotan entzun izan dut batzuek laguntzeko balio dutela eta besteak harmailetatik begiratzeko jaioak direla. Harmailetatik begira dagoen jende gehitxo dago!

Baloratuta al dago boluntariotza?

Bai. Dena den, boluntariotza mota baten inguruan nahasmena dagoela uste dut. Afrikara joatea modan jartzen bada, denak hara joaten dira. Baina ba al dakigu zer den boluntario izatea? Bi ume beltzekin selfie-ak ateratzeko al zoaz boluntario lanetara? Hori egin eta mundua salbatuko duela pentsatzen du zenbaitek, baina ez, oker dago. Esker handiko lana da boluntariotza, baina nahastu egiten dira boluntarioen funtzioak. Sortzen ari garen gizarte ereduaren isla da: dominak jartzeko joera dugu, geure buruari soilik begiratzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.