Zahar etxeak

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek bilera bat eskatu dute aldundiarekin

Eserialdi bat egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta erakundeari exijitu diote bere gain hartzeko gatazkaren «ardura».

Gaur goizean eginiko protesta, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 12a
16:17
Entzun

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek Donostiako kaleak hartu dituzte beste behin. ELA eta LAB sindikatuek deituta, ehundik gora lagun mobilizatu ziren atzo goizean, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean eginiko eserialdi batekin, Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin bilera bat egiteko eskatu zuten.

Egoitzetako langileek 254. greba eguna izan zuten atzo, hura «%100eko gutxieneko zerbitzuekin» egin behar izan badute ere. Hala, aldundiak lan gatazkan duen jarrera kritikatzeko baliatu zuten protesta, zeren, ELAren eta LABen hitzetan, hark ez baitu «negoziatzeko borondaterik». Bi sindikatuek azaldu dutenez, haiek eta Senideak elkarteak duela hiru aste egin zioten Peñari biltzeko eskaera, baina oraindik ez dute erantzunik jaso.

Hori ikusita, hainbat manifestari aldundiaren egoitzan sartzen saiatu ziren. Segurtasun indarrek atea itxi zizkieten, baina, azkenean, ELAko eta LABeko lau ordezkari sartu ziren eraikinera. Haiek jakinarazi dutenez, Gizarte Politiketako diputatuarekin biltzeko eskaera berretsi dute, eta aldunditik adierazi diete astelehenean izango dutela horren erantzuna, bilerarik egingo ote duten baieztatu gabe.

ELAko kide Janire Diezek «lotsagarritzat» jo zuen aldundiaren jarrera, eta gogor kritikatu «hainbeste sufritu» duten langile horiei instituzio publiko bateko ateak itxi izana. Sindikatu hark Gipuzkoako Foru Aldundiari exijitu dio bere gain har dezala lan gatazkan duen «ardura», eta «lan baldintza prekarioen, lan karga handien eta langile faltaren» inguruan hitz egitera esertzeko: «Hiru urte baino gehiago luzatu den greba bati amaiera eman eta zerbitzu duin eta kalitatezko bat emateko».

«[Aldundiak] Propaganda besterik ez du egiten egoitzen sektorearekin», gehitu zuen LABeko Leire Ormazabalek. Haren hitzetan, langileek «borrokan» jarraituko dute «hitzarmen duin bat» lortu arte. Era berean, sindikatutik salatu zuten egoitzetako langileen eta egoiliarren egoera «sostengaezina» dela: «Presazkoa da gatazkaren konponbide bat, presazkoa da lan baldintza eta zerbitzu duin batzuk bermatuko dituen hitzarmen bat hitzartzea».

Kontrara, Gipuzkoako Foru Aldundiak protesta egiteko moduan jarri du begirada. Erakundeak salatu egin du manifestariek eraikinean sartzen saiatzeko «erabilitako indarkeria»; zehazki, segurtasun langileak «bultzatu» izana. «Indarkeria ez da bidea», adierazi du Eider Mendoza bozeramaileak, jarrera horrek elkarrizketa «zailtzen» duela argudiatuta. Haren arabera, «ateak ixtera» behartu dituzte goizean, eta ordu erdiz «langileak eta herritarrak sartu eta ateratzea galarazi» dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.