Indarkeria matxista

Maguette Mbegouren hilketa matxista epaitzen hasi dira Bilbon

2018ko irailaren 25ean hil zuen senarrak 25 urteko emakumea, bi alaben aurrean, Atxuri auzoan. Protokoloek eta emakumea indarkeriatik babesteko neurriek huts egin zuten haren kasuan ere.

Akusatua, eskuinean, epaiketaren gaurko saioan. LUIS TEJIDO / EFE
gotzon hermosilla
2021eko azaroaren 15a
11:04
Entzun

Joan den astean epaimahaia eratu ostean, hasi da Maguette Mbeugouren hilketari buruzko epaiketa. Akusatua Bara N. da, biktimaren senarra izandakoa; aitortu du berak hil zuela emaztea, baina haren defentsa daraman abokatuak esan du «bere burua defendatzeko» aritu zela eta zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du. Akusazioek, berriz, uste dute Mbeugouren hilketa emakumeak pairatzen zuen indarkeria matxistaren azken adierazpidea izan zela, eta 25 eta 44 urte bitarteko zigorrak eskatzen dituzte.

Alde bakoitzak gertatutakoaren inguruan egindako kontakizunarekin hasi zen epaiketa. Lau akusazio daude: fiskaltzarena, familiaren akusazio partikularrarena, eta bi herri akusazio, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Bilboko Udalarena. Ñabardura batzuk gorabehera, denek egin dute antzeko kontakizuna: esan dutenez, Mbeugouk lehenagotik ere pairatu zuen senarraren erasoak eta irainak, eta haren kontrako salaketa ere jarri zuen, epaiketan senarra errugabetzat hartu zuten arren. Gizarte zerbitzuei eta lagunei adierazi zien harengandik banatzeko nahia, eta senarrak kontrolatu egiten zuela, Mbeugou gazteleraz gaizki moldatzen zela baliatuta.

Akusazioen arabera, 2018ko irailaren 24an senarrak emazteari eraso egin zion, goizaldean. Zenbait ganibet erabili zuen horretarako: orotara, 83 zauri eragin zizkion gorputz osoan, eta gero lepoa egin zion. Pisuan bikotearen bi alabak zeudelarik gertatu zen hilketa: orduan 2 eta 4 urte zuten, hurrenez hurren.

Hiltzaileak eta bi alabek 24 ordu eman zuten pisuan, emaztearen gorpua han zeudela. Irailaren 25eko goizaldean, akusatuak alde egin zuen etxetik, bi neskatoak han utzita, eta etxeko atea zabalik lagata. Odolez zikindutako jantziak eta bost aizto zakarretara bota zituen, eta gero, autobusa hartu eta Mutrikura (Gipuzkoa) alde egin zuen, han lagun batzuk zituelako. Ertzainek lagun horietako baten etxean aurkitu zuten, eta atxilotzera joan zirenean, akusatua leiho batetik alde egiten saiatu zen.

Kontakizun horretan oin hartuta, akusazioek oso zigor eskaera desberdinak egindituzte. Fiskalak erailketa leporatzen dio,senidetasun eta genero larrigarriekin, eta 25 urteko espetxe zigorra eskatzen dio. Familiaren abokatu Jone Goirizelaia bat etorri da eskaera horrekin, baina, gainera, beste zortzi urte eskatzen ditu adin txikiko biak bakarrik lagatzeagatik, eta beste hiru urte Maguette Mbeugouri «ohiko tratu txarra» emateagatik; 36 urteko zigor eskaera, orotara.

Bizkaiko Foru Aldundiaren akusazioa daraman Yolanda Gustran abokatuak ere hiru delitu leporatu dizkio akusatuari, baina «erailketa» barik «giza hilketa» egotzi dio, eta 25 urteko eskaera hamabost urtera jaitsi du: denera, 26 urteko espetxe zigorra eskatu du. Eskaerarik handiena Bilboko Udalaren abokatu Marta Doradok: familiaren akusazioak egotzitako delitu guztiak berresteaz gain, zortzi urteko beste zigor bat eskatu du, bi haurrei «lesio mentalak» eragiteagatik. Hortaz, 44 urteko zigorra eskatu du.

«Beldur gaindiezina»

Guztiz desberdina izan da akusatuaren abokatuak egindako kontakizuna. Onartu du Bara N.-k emaztea hil zuela, baina argudiatu du «bidezko defentsan» eta «gainditu ezineko beldurrak» bultzatuta aritu zela: «hemen denak izan dira biktimak», esan du. Hilketa gertatu aurretik Mbeugouri ustez emandako tratu txarren auzian ez sartzeko eskatu die epaimahaikideei, «afera hori epaiturik dagoelako, eta epaia izan zen Bara errugabetzea».
Akusazioen eta defentsaren hitzaldien ostean, akusatuak deklarazioa egin du, eta saiatu da abokatuak emandako bertsioa berresten. Esan duenez, bera egongelan lo zegoen bitartean emaztea hara sartu zen eta aizto batekin eraso egin zion. Baina hortik aurrera ez du azalpen gehiagorik eman: akusazioek galdetu diotenean nola zen posible emaztearen gorpuak 83 zauri izatea, edo ustezko liskar horretan aizto bakarra edo gehiago erabili ote ziren, akusatuak ez du erantzun nahi izan: «Oso gogorra egiten zait hori gogoratzea, eta ez diet horren inguruko galderei erantzungo», esan du.
Beste lekuko batzuek ere deklaratu dute epaiketaren lehenengo saioan: bikotearen auzokideek, akusatuaren lagunek eta abarrek.

Biktimaren senide eta lagunek «justizia» eta «egia» eskatu dute gaurko saioan. Haren neba Mamadou Mbeugou Frantziatik etorri da epaiketarako: «Gizon-emakumeek badute ezkontzea, eta banatzea ere bai, inor hil beharrik gabe. Egindakoa eginda dago, arreba ez da itzuliko, baina balioko ahal du honek emakume gehiago hil ez ditzaten».

Familiaren abokatu Jone Goirizelaia ere mintzatu da: «Familiak justizia nahi du, baina haientzat egia eta zer gertatu zen jakitea ere badira justiziaren parte».

Senegaldik etorriak

Emakumea senegaldarra zen sortzez, senarra bezala. Gizonak 38 urte ditu, eta 2008an iritsi zen Bilbora. Mbeugou, berriz, 2015ean etorri zen. Bikotea Bilboko Atxuri auzoan bizi zen, Ollerietagoieneko 25. atarian. Han aurkitu zuten emakumearen hilotza. Gizonak alaben aurrean hil zuen, eta, gero, ihes egin zuen handik. Umeek 24 ordu pasatu zituzten amaren hilotzarekin etxean bakarrik.

Bizilagunak Poliziari abisatu zion, eta handik ordu batzuetara atxilotu zuten gizona, Mutrikuko etxe batean. Ertzainak bertaratu zirenean, balkoi batetik kalera salto egin, eta ihes egiten saiatu zen. Atxilotua izan eta epailearen aurrean deklaratu ostean, Basauriko espetxean sartu zuten, epaiketa egin arte.

Protokoloek eta emakumea indarkeriatik babesteko neurriek huts egin zuten Mbeugouren kasuan ere. Juan Luis Ibarra EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak barkamena ere eskatu zuen, Justiziak «porrot» egin duelako, Mbeugouren kasuan arriskua gaizki neurtu zutelako eta neurriak ez zituztelako garaiz hartu.

Izan ere, 2017ko abenduan, emakumeak udaltzainetara jo zuen; alegia, senarrak hil baino bederatzi hilabete lehenago. Salaketa aurkeztu zuen, eta babes neurriak eskatu zituen, baina ez ziren iritsi. Emakumeak, bolada batez, etxetik alde ere egin zuen, bi alabak hartuta. Baina itzuli egin zen.

Hilketa gertatu baino lehentxeago, beste alarma bat ere eman zuen Mbeugouk. Medikuarengana jo zuen, laguntza eske. Medikuak, emakumearen egoeraz jabetuta, martxan jarri zuen horrelako kasuetarako protokoloa. Ez zen aski izan. Bide horretatik inolako neurririk iritsi aurretik hil zuen senarrak.

Hilketaren ondoren, Marie Lucia Monsheneke emakume afrikarren elkarteak ohar bat plazaratu zuen: «Emakume afrikar batek, gainean duen pisu kultural guztiarekin, ate guztiak gainditu eta salatzeko ausardia duenean, aintzat hartu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.