Aurrekontuak

«Aro berri bati» ekiteko aurrekontuak aurkeztu ditu Arabak

Aldundiak 574 milioi izango ditu eskura datorren urtean, inoizko kopururik handiena da hori.

Ramiro Gonzalez eta Itziar Gonzalo, gaur, Gasteizen. BERRIA
aitor biain
2021eko azaroaren 15a
13:28
Entzun

Arabak ere inoiz baino diru gehiago izango du eskura datorren urtean. Gipuzkoak eta Bizkaiak bezala, inoizko aurrekonturik handiena izango baitu 2022an. Gaur aurkeztu du proposamena aldundiak: 574,4 milioi euro izango ditu guztira gastatzeko, aurreko urtean baino %8,9 gehiago. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiaren hitzetan, gizarte politikak berritzeko, proiektu estrategikoak abian jartzeko, trantsizio energetikoari heltzeko eta ekonomia nahiz enplegua sustatzeko izango dira.

Gonzalezek adierazi du diru bilketa onari, Europako funtsei eta defizitaren malgutzeari esker «anbizio eta ilusio handiko» aurrekontuak egin dituztela. Eta azpimarratu du «aro berri bat» abiaraziko dutela Araban, «ilusio handiko etapa bat», oraina finkatu eta etorkizunari «ziurtasunez» begiratzeko beta emango dutenak. «Diputazio honek hedadura handiagoko proiektuei ekingo die, ekonomia berri bat eta gainera, ingurumena zaintzen duen gizarte bat eraikitzeko».

Susperraldia egonkortzeko kontuak izango dira, eta, horretarako, «ezinbestekoa da sustapen politikak indartzea», Itziar Gonzalo ogasun diputatuak azaldu duenez. Bada, ekonomia eta enplegua sustatzeko ahaleginean jarriko ditu indarrak aldundiak. Hor daude, besteak beste, Forondako aireportua edo CIC Energigune sustatzeko diru sailak edota Aiaraldeko ekonomia bultzatzeko inbertsio plana.

Aldundiak, halere, «aurrez inoiz egin gabeko ahalegina» egingo du inbertsioak areagotzeko. Denera, 135,3 milioi jarriko ditu, aurten baino %28 gehiago da hori. Hiru helburu zehaztu ditu bereziki datorren urterako: trantsizio energetikoa, digitalizazioa eta berrikuntza. Eta helburu horiekin lotutako proiektuak bultzatuko ditu. Edonola ere, diru sailik handiena gizarte eta zaintza politikak indartzeko izango da, 222 milioi guztira –iaz baino %9,3 gehiago–.

Berritasunik ez

Oposizioko alderdiak kritiko azaldu dira proposamenarekin. EH Bildu ez dago gustura aldundiak aurkeztutako kontuekin, eta uste du ez dietela herrialdearen beharrei erantzuten. «Aurrekontuek ez dute inolako berritasunik eskaintzen», koalizioaren arabera, besteak beste, aurretik lantzen ari ziren proiektuak direlako aldundiak aurkeztu dituenak. «Aipatu dituen lehentasunetan bat etor gaitezke, baina, zehaztapenetara etorrita, iragarri dituenak ez dituzte herrialdearen eraldaketan sakontzen», adierazi du Kike Fernandez de Pinedok.

Koalizioaren bozeramailearen hitzetan, gainera, inoizko aurrekonturik handienak badira ere, gizarte zerbitzuen arloari eskainitakoa diru saila «eskasa» da. Gauza bera esan du energia trantsizioari buruz ere: «Etengabe aipatu den ideia izan da, baina etsigarria eta kezkagarria da ikustea nola ez den ezer aldatu». Eta ohartarazi du norabide aldaketa «behar-beharrezkoa» dela, Arabaren etorkizuneko beharrei erantzuteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.