Landarte egitasmoak «oso positibotzat» jo ditu aurten garatu dituen sei proiektuak

Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatzen du egitasmoa. Sormen garaikideko prozesuak bultzatzen dituzte Nafarroako landa eremuan.

Landarte egitasmoaren antolatzaile eta parte hartzaileetako batzuk, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
Ane Eslava.
2021eko azaroaren 15a
14:58
Entzun

Landarte ez da ohiko kultur programa bat: proposamen irekiak egiten ditu, eta prozesua du xede emaitza baino gehiago. Hori dela eta, ez da erraza hura azaltzea, ezta garatzea ere. Hala aitortu dute egitasmoaren antolatzaileek; baina, zailtasunak zailtasun, aurten ere «oso balantze positiboa» egin dute. Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza zerbitzuak antolatzen du programa, Landa Garapeneko Departamentuaren lankidetzarekin, eta Kanpoko Bulegoa kolektiboaren bitartekaritza lanarekin. Gaur aurkeztu dute balorazioa, Nafarroako Museoan.

Egitasmoaren oinarria zera da: zenbait artista nafarrekin sormen garaikideko prozesuak bultzatzen dituzte despopulazio arriskuan diren Nafarroako zenbait herri eta ibarretan, horietan bizi direnen errealitate, interes eta beharrak aintzat hartuta. 2021ean sei artista eta kolektibo aritu dira lanean Nafarroako landa eremuko sei herritan, eta kultur sorkuntza garaikideko hainbat prozesu sortu dituzte, bertako biztanleekin lankidetzan. Taxio Ardanaz artistak Aiesan parte hartu du; Conjunta arkitektura estudioak, Murietan; Ana Maestrojuan antzerkigileak, Murillo el Fruton; Arantza Santesteban zinemagileak, Araitz ibarrean; Protokolektibo taldeak, Artzibarren; eta Katixa Goldarazena artistak, Zubietan. Lanik handiena udako hilabeteetan egin zuten, baina proiektua, osotasunean, apiriletik azarora bitartean gauzatu dute.

Ignacio Apeztegia Kultura zuzendari nagusiaren hitzetan, Landartek administrazio publikoetan ezohikoak diren planteamenduak ditu oinarri: «Kultur sorkuntza garaikideko laborategi bat da, eta sorkuntza prozesu irekietan parte hartzen duten eragileak ditu protagonista. Prozesuak pentsamendu kritikoa, hausnarketa, eta eraldaketa indibidual eta kolektiboa bultzatzen ditu».

Bide beretik, Lorenzo Garcia Kultur Ekintzako zuzendariak nabarmendu du egitasmoa ikuskizunen programazioaren logikatik harago doala: ez dituzte ikusleak bilatzen, parte hartzaileak baizik. «Prozesuak emaitzak baino garrantzi handiagoa du, ez dute merkataritza helbururik, eta alde guztiak aberasten dituen ezagutza trukeak izaten dira».

Planteamendu irekia izateak zailtasun batzuk dakartza, Kanpoko Bulegoa kolektiboko Anne Ibañezek onartu duenez: «Programaren azalpenak zalantzak sortzen ditu, eta askotan dugu erantzunik, eskaintza irekia baita, eta horrek deserosotasuna sortzen du». Uste du ezaugarri horietan dagoela proiektuaren indarra: «Edozer posible izateko aukerak sortzen dira». Haren kide Marc Badalek parte hartu duten sortzaileen aniztasuna azpimarratu du, hainbat esparrutatik datozelako, eta zenbait kasutan beren ohiko lan espazioetatik atera direla erantsi du.

Sortzaile batzuentzat, hain zuzen, proiektuaren ezaugarriek zailtasunak dakartzate. Ana Maestrojuanek kontatu du hasieran zaila egin zitzaiola proiektua, bere erosotasun eremutik irten behar izan zuelako. Sentimendu kontrajarriak izan ditu, eta prozesua batzuetan mingarria izan da harentzat, baina baita aberasgarria ere: «Bestela egongo ez zinen lekuetan kokatzen zaitu».

Proiektuak

Ana Maestrojuanek komunikazio proiektu bat garatu du Murillo el Fruton, Informazio kapsulak izenburupean, herritarren ahotsetan oinarrituta. Adin eta jatorri desberdinetako biztanleekin izandako topaketen grabazioen bidez, kontatu dute herria zer den eta zer izan den haientzat. Herriko elizako kanpandorreko megafoniatik entzungo diren hainbat soinu pilula sortu ditu.

Protokolektibo taldeak Descamino proiektua sortu du, oinarri harturik Artzibarren hedadura zabala, hango populazioaren sakabanaketa eta haren aniztasun sozial eta politikoa. Erabilera bakarreko argazki kamerak banatu zituzten hainbat herritako bizilagunen artean, bailararekiko dituzten ikuspegia eta harremana erregistra zitzaten. Ondoren, irudien arteko harremanak bilatu dituzte.

Katixa Goldarazenak, Zubietako tradizioan oinarrituz, gorputzak bizitzan duen presentziari buruzko gogoeta bultzatu du. Hainbat saiotan horri buruz hausnartzera gonbidatu ditu herritarrak, herriaren iraganeko uneak erakusten dituzten artxibotik abiatuta, esperimentatzeko.

Taxio Ardanazek antzerki erreferentziak dituen proposamen zinematografiko bat egin du, Aiesan, Cabalga cabalga izenburupean. Biztanleen arteko elkarrizketan oinarritzen da, ekintza guztia plano finko batean gertatzen da, eta giza paisaia bilbeari jarraituz eraldatzen da.

Conjunta kolektiboaren asmoa izan da Murietako biztanleek gogoeta kontzeptual bat egitea, Espeldoiako paraje zaharraren balioa handitzeko prozesu bat bultzatzeko, beste ikuspegi batzuetatik ikusteko eta haien erabilera potentzialak azaleratzeko. De Chopera a Chopera deitu diote proiektuari.

Azkenik, Arantza Santestebanek ikus-entzunezko pieza bat filmatu du, Liluraren kontra. Haraneko bizilagunek Maioetako paisaiarekin duten harreman afektiboa aztertu nahi izan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.