Pentsioak

ELA, LAB eta Confebask, pentsioei buruzko azken akordioaren aurka

Patronalak kotizazioen igoera salatu du, eta sindikatuek uste dute motz geratu dela, eta ez dela bermatzen murrizketak ez egitea.

Confebaskeko arduradunak, artxiboko irudian. MIGUEL TOñA / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 16a
11:22
Entzun

Patronalen onespenik gabe egin du aurrera Gizarte Segurantzaren kotizazioak handitzeko itunak. CEOE eta Cepyme patronalak negoziazio mahaitik altxatu ziren atzo goizean, eta Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuen babesa ziurtatzera jo zuen, eta arratsaldean lortu zuen.

CEOEren jarrerarekin bat egin du gaur Confebaskek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronala CEOEren kide da, eta hark esandakoa «hitzez hitz» bere egiten duela jakinarazi du; hau da, gizarte kotizazioak handitzea enpresen gastuak handituko dituela eta, hortaz, haien lehiakortasunari kalte egingo diola. «Kontratazioaren eta suspertzearen hegaletan beruna jartzea da», esamoldea baliatu du Confebaskek akordioa salatzeko, nahiz eta gizarte kotizazioen igoera ez den 2023ko urtarrilaren 1era arte ezarriko. Batez beste, enpresek hamar euro gehiago kotizatu beharko dituzte hilero, eta langileen soldata garbia pare bat euro txikituko da.

Kotizazioen igoera ez da Gizarte Segurantzaren kutxa arruntera joango, pentsioen erreserba funtsa hornitzera baizik. Funts hori hustu egin dute azken urteetako pentsioak ordaintzeko —2.000 milioi euro ditu—, baina Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroak kalkulatu du 2032rako 50.000 milioi euro izango dituela. Diru horrekin estali nahi dute baby boom-aren belaunaldien erretiroak pentsio sisteman ekarriko duen gastu gehigarria.

Ministroak berak kotizazioak igotzeko erabakia defendatu du gaur, Onda Cero irratian: «Ongizate estatua ordaindu egin behar da, eta gurearen antzeko sistemak dituzten herrialdeetan modu honetara [kotizazioak handituta] egiten dute». Gainera, atzo bezala, Escrivak gezurtatu egin du patronalaren ezezkoaren arrazoi nagusia, hots, gizarte kotizazioak oso handiak direla jadanik. «Axola duena lan kostua da [...]. Espainia, lan kostuetan, [igotzeko] tartea duen egoera batean dago». Gainera, kotizazioen igoera «izugarri apala» dela aldarrikatu du.

ELAk pentsioen murrizketaz ohartarazi du

Sindikatu abertzaleek ere ez dute ongi ikusi Madrilgo akordioa, baina patronalaren aurkako irizpideengatik.

ELAk salatu du informazio-manipulazioa nabaria gertatzen ari dela Belaunaldien arteko Ekitate Tresnaren gaineko eztabaidan. Izan ere, «lehen osagaia baino ez baita azpimarratzen», hau da, gizarte-kotizazioak 0,6 puntu handituko direla. Baina ELAk nabarmendu du tresna horrek bigarren puntu bat ere baduela, eta horretan aukera zabaltzen dela 2033tik aurrera pentsioen gastuaren ehunekoa murrizteko neurriak hartzeko. «Beste era batera esanda, pentsioak murrizteko konpromisoa hartu du», dio ELAk.

Gainera, ELAk ziurtatu du kotizazioak 0,6 puntu igotzea ez dela nahikoa izango pentsioen sistema publikoaren egiturazko egoera aldatzeko, eta kotizazioak ez ezik, aurrekontuak eta zerga sistema ere erabili behar direla pentsioak ordaintzeko. Era berean, gogorarazi du Belaunaldien arteko Ekitate Tresna pentsioen erreformaren zati bat baizik ez dela, eta Kongresuan eztabaidatzen ari diren lege proiektuak erretiro aurreratuetan murrizketak egiten dituela eta ez duela «benetan» bermatzen erosteko ahalmena. Izan ere, Espainiako Gobernuaren asmoa da urtarrilean 2021eko batez besteko inflazioaren arabera igotzea pentsioak (%2,5 inguru) eta ez abenduko igoera.

ELAk ohartarazi du 2022an beste erreforma bat etorriko dela, «Bruselarekin hainbat murrizketa egiteko konpromisoarekin», eta horretan iritsiko dela pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den urte kopurua 25 baino gehiagora zabaltzea.

«Horregatik guztiagatik, ELAk ez du onartzen Belaunaldien arteko Ekitate Mekanismoa, ezta epe laburrean eta ertainean planteatzen ari diren gainerako murrizketak ere. Hori dela eta, alderdi politikoei exijitu die ez dezatela beren botoekin neurri horietako bakar bat ere onartu, 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformak indargabetu ditzatela eta hilean 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezar dezatela».

LABek, grebarako arrazoiak ikusten ditu

Madrilen CCOOk eta UGTk onartutakoaren irakurketa negatiboa egin du LABek ere. Hasteko, berriz ere salatu du pentsio erreformaren neurriak «tantaka» zabaltzen ari direla. «Ez da kasualitatea, argazki osoa izan dezagun ekidin nahi dute, orain hartzen ari diren neurriak partzialak, ez nahikoak eta epe ertainean kaltegarriak izanik ere, aurrerapauso moduan baloratu daitezen, eta aurrerago etorriko diren murrizketa berriei bidea irekitzeko».

Atzo onartutako Belaunaldien arteko Ekitate Tresna «ez da nahikoa», LABen arabera, «kotizazioei eskua sartuta ere ez delako pentsio publiko duinak bermatzeko gai izango eta kotizazio topeak altxatzen ez dituelako». «Urrun» gelditzen da 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren aldarrikapenetik eta genero arrakala gainditzeko beharrezkoak diren neurrietatik. «Norabide argia antzematen diogu erabakioi: pentsio publiko sistema hezurretan utzi, bizirauteko haina justu emango duen prestazio gisa eta pentsio pribatu osagarrien ereduari hedatu».

LABek erreformaren beste atalei ere erreparatu die. «Iruzurra» iruditu zaio pentsioak batez besteko inflazioaren arabera eguneratzea eta ez urte bukaerako datuaren arabera egitea. Erretiroa aurreratzeko zailtasunak areagotzea eta adina luzatzeko pizgarriak adostea ere ez zaio ongi iruditu. «Iruzur berri hau gutxi ez eta Bruselarekin kotizazio urteak 25etik 35era luzatzeko konpromisoa ezagutu berri dugu, baita pentsio pribatuak hedatzeko egitasmoak aurrera egiten duela ere. Azken pentsio erreformetako murrizketak bere horretan mantendu eta eraso berriak, beraz».

«Madrildik eta elkarrizketa sozialetik datorrenari geldirik eta begira geratzea akatsa litzateke», LABen arabera, «hemen artikulatu beharreko indar soziala moteldu egiten duelako». Sindikatuak dei egin die beste gizarte eragileei «Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako sistema propioa eraikitzeko indarrak biderkatzeko». Bide hori «soilik mobilizazio sozialaz eta borrokaz lortuko ditugu. Arrazoiak soberan daude Euskal Herritik eta Euskal Herrian errealki eragiteko greba orokorra egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.