Euskara

Amurrion hasi, eta Donostian amaituko da 22. Korrika

Martxoaren 31tik apirilaren 10era egingo dute, eta Hitzekin izango du goiburu. «Larrialdi linguistikoaren» aurrean «ernatzeko» eskatu die AEK-k herritarrei nahiz erakunde publikoei.

Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 17a
10:51
Entzun

Urtebeteko atzerapenarekin, baina Korrika 2022an egin egingo dela esana zuen AEK-k, eta nondik nora egingo duten ere jakinarazi du gaur, Donostiako San Telmo museoan, iaz atzerapenaren berri eman zuen leku berean. Amurrion (Araba) hasiko da martxoaren 31n, eta Donostiara iritsiko da apirilaren 10ean. Pare bat hilabete barru zabalduko dute egitasmoaren ibilbide osoa.

Leloa ere aurkeztu du AEK-k: Hitzekin. Hitza eta ekintza uztartu dituzte: «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskarak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak». «Larrialdi linguistikoaren alarma gorriaz» ohartarazi, eta «ernatzeko» eskatu dute antolatzaileek, bai herritarrei eta baita erakundeei ere. «Ekin diezaiogun berehala: aldekotasunetik konpromisora, eta konpromisotik erakunde orok urrats sendoagoak egin ditzan eragitera, jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko». Hala ere, «egoera larria izanagatik», herritarrek ez dute euskara «bazter utzi», Aitziber Balantzategi Korrika Batzordeko kidearen esanetan. «Indar» horretan oinarrituta, «euskaraz bizitzeko herri gogoa» egon badagoela baieztatu du.

21. Korrika amaitu zenetik «ohi baino denbora gehiago» igaro dela gogoratu du Aliziar Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak, eta tarte horretan «euskararen alde lanean segitu duen jendearen gogoa eta ilusioa» txalotu ditu. Halaber, euskararen aldeko egitasmoetan «ehunka eragilek» bat egin dutela ere azpimarratu du. Hizkuntza politiketan eragiteko Batuz Aldatu adostasun soziala, Errigoraren Agerraldia ekinbidea eta AEK-ren Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpaina nabarmendu ditu.

Kontrako haizeari ere erreparatu dio Iribarrenek, ordea: «Jakitun gara pandemiak euskara ia ezabatu duela errotik plaza ugaritan zein askoren bizitzan». Horregatik, «oso garrantzitsutzat» jo du «Korrikak ekarri ohi duen euskararen aldeko uholdea» berreskuratzea. Euskararen «aldekotasuna eta harrotasuna» aldarrikatu ditu, horiek «hauspo» bihur daitezen «urrats sendoagoak egiteko».

Hain justu, Korrikak «akuilu lana egin dezan» nahi dutela ere adierazi du, eta euskaltegien diruztatzean jarri du fokua. «Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak ez dira nahikoa oraindik». Hala ere, alor horretan ere izan dira aurrerapausoak, haren arabera: «EAEn, urrats handia egiten ari da irakasleen lan baldintzak normalizatzeko, baina oraindik badago zer hobetu; ikasteko doakotasunarekin, adibidez. Ipar Euskal Herrian ere laguntzak handitu egin dira, bai, baina ez helduen euskalduntzeak behar lukeen moduan. Eta Nafarroan, gobernuak urrats sendoagoa egin berri du, azken urteotan pauso txiki batzuk eman ostean». Datozen urteetan «hobekuntza» horiek «areagotuko eta sendotuko diren itxaropena» dutela esan du.

Transmisio lanari aitortza

Omenaldi bat egiten dute antolatzaileek Korrika egiten den aldiro. Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko ditu 22. Korrikak. «Euskal munduan eta, are garrantzitsuago, euskaraz» egindako 34 urteko ibilbideari aitortza egin nahi izan diete. Hitzarekin eta ekinarekin izan duten konpromisoa ere nabarmendu dute: «1987an ekin zioten, haiei esker askok ekin diogu, eta datozen belaunaldiek ere ekingo diote. Haiek transmisioa goitik behera (guraso-ume) eta behetik gora (ume-guraso) landu dute; haiek, beren hitzekin, euskarari ekin zioten, eta eutsi egin diote».

Datozen hilabeteetan emango dituzte antolatzaileek 22. Korrikaren xehetasun gehiago. Parte hartzeko bideak ere zabaldu dituzte. Korrika laguntzaile egin daiteke jada, petoa eta bestelako materiala erosteko eta ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabaldua dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.