Klima larrialdia

Gutxienez lagun bat hil da Kanada mendebaldean uholdeengatik

Vancouverren euriteak izan dituzte bi egunez, eta, ondorioz, blokeatuta geratu dira porturako sarbidea eta hainbat trenbide, baita autobide batzuk ere. Bi herritar desagertuta daude.

Kanada mendebaldeko Abbotsford hiria. @CITY_ABBOTSFORD
2021eko azaroaren 17a
12:30
Entzun

Bi egun dira Kanada mendebaldean euriteak jasaten ari direla, eta, horrek eragindako uholdeen ondorioz, gutxienez lagun bat hil eta bi desagertu dira Columbia Britainiarra probintzian, Kanadako Poliziak jakinarazi duenez.

Eraginik handiena Vancouver hirian eta horren inguruan nabaritu dute: herrialdeko porturik garrantzitsuena du, eta horretarako sarbidea blokeatu egin da, baita probintziako zenbait trenbide eta autobide ere. Enbridge Inc. enpresak ere azaldu du Kanada mendebaldean dauden bi gasbideetako baten zati bat itxi behar izan duela, «badaezpada».

Herenegun, gainera, erreskate taldeek ia 300 herritar salbatu behar izan zituzten, eta probintziako hegoaldean dagoen Merritt hiriko 7.100 lagun ebakuatu behar izan zituzten; Abbotsford eta Chilliwack herrietan ere ebakuazio lanak egin behar izan dituzte.

Gainera, 20.000 etxe elektrizitaterik gabe daude, eta sakelakoen seinalea eten egin da batzuetan. Kanadako Ingurumen Ministerioaren arabera, ez da euririk espero gaurko, baina litekeena da bihar berriz egitea, baita elurra ere.

Egoera horren ondorioz, Columbia Britainiarraren hegoaldean dagoen Washingtongo estatuko (AEB) gobernadore Jay Insleek larrialdi egoera ezarri du asteon.

Iragan uztailean, Kanada hego-mendebaldean ia 500 hildako eragin zituen bero boladak: 45 gradutik gorako tenperaturak izan zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.