Hezkuntza

Hedabideak, haur eta ikasleei egokituak

BERRIA Ikasgelaren sorrera aitzakiatzat hartuta, Maite Goñik hizpide izan ditu hedabideek hezkuntza komunitateari begira sortutako proiektuak ETB1eko Ahoz Aho saioan.

Maite Goñi, atzo, ETB1eko 'Ahoz Aho' saioan hizketan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 17a
12:58
Entzun

Harrera bikaina izan du BERRIAk hezkuntzari begira aurkeztu duen azken proiektuak: BERRIA Ikasgelak. Komunitateko dozenaka lagunenk laudatu egin dute proiektua, eta hura erabiltzen hasiak dira hainbat eskolatako ikasleak ere, urriaren 26an aurkeztu zutenetik. Webguneak 12 urtetik aurrerako ikasleekin eskola orduetan lantzeko gaiak proposatzen ditu.

BERRIArena da euskaraz sortutako antzeko lehen plataforma, baina ez da munduan dagoen bakarra, inondik inora ere. Haietako batzuk aztertu ditu Maite Goñik ETB1eko Ahoz Aho saioan, Ilaski Serranorekin eta Ana Galarragarekin.

Goñik azaldu du aspalditik ari direla azpimarratzen hezkuntzan egunerokotasuna duten gaiak erabiltzearen garrantzia: «Zergatik? Oso garrantzitsua delako etorkizuneko hiritar kritikoak heztea, euskaraz eta euskarari begira daudenak, aktiboak, eta munduan gertatzen denaz jabetzen direnak». Haren iritziz, BERRIA Ikasgelak beteko du hutsune hori.

Plataformaren edukiari dagokionez, Goñik edukien aniztasuna (albisteak, bideoak, infografiak...) nabarmendu du, baita haiek bilatzeko sistema ere.

Aukera gehiago

Dena den, Goñiren iritziz, nahiz eta «oso gustuko» duen, BERRIA Ikasgelaren sorrera «lehen urrats bat» soilik da. Horregatik aztertu ditu atzerriko hedabideek dituzten antzeko proiektuak. Azaldu duenez, beste hainbat herrialdetan aspalditik dago ikasleak albisteetara bideratzeko joera.

Aipatu duen lehen webgunea AEBetako Time aldizkariaren Time For Kids da. Goñik nabarmendu duenez, plataforma horrek testu bakoitza lau mailatara egokitua du, eta horrek irakasleei ahalbidetzen die ikasleekin ongien datorkien mailakoa erabiltzea. Sistema horrek ahalbidetzen du ikasgela berean maila ezberdina duten ikasleekin gai bera lantzea ere. Time For Kids proiektuak, gainera, ikasleen parte hartzea sustatzen duela nabarmendu dute ETB1eko saioan, baita lantzeko ariketak eskaintzen dituela ere.

Badaude plataforma gehiago ere: Erresuma Batuko Sky News-en First News eta Frantziako Liberation egunkariaren Le P'tit Libé, adibidez. First News Time-en webgunearen antzekoa da Goñiren arabera, baina Le P'tit Libé-k badu berezitasun bat: «Oso gai serioak lantzen dituzten, umeentzat egokiak ez direla diruditen horiek: gerrak, hauteskundeak, atentatuak...».

Ikasgela

Goñik esan duenez, aipatutako plataforma horiek BERRIA Ikasgelaren «pauso bat aurretik» doaz. Izan ere, sortu berria da Ikasgela. Proiektua denentzat eta modu irekian dago eskura, eta BERRIAk abiatutako proiektuak badakien arren ez dituela arazo guztiak konponduko, irakasle eta ikasleentzat helduleku bat izan nahi du: euskaraz eta Euskal Herriko ikuspegitik sortutako gaur eta hemengo eduki gehiago izan ditzaten irakasleek eta ikasleek. Aktualitatetik abiatuta, eta ikasliburuetan eta beste baliabideetan dauden materialen osagarri gisa.

12 urtetik aurrerako ikasleekin arlo ugaritako gaiak eskolan lantzeko proposamenak egiten ditu webguneak. BERRIA egunkarian argitaratutako artikuluak dira abiapuntua. Horiek egokitu eta moldatu egiten dituzte Ikasgelan, ikasleekin lantzeko eran.

Oraingoz urrats bat egin du BERRIA Ikasgelak, abiatu egin da, eta pixkanaka neurtuko du etorkizunean beste zer urrats egin litezkeen. Oraingoz, astero artikulu berriekin eguneratzen dute gunea, eta buletinean izena eman duten irakasleei mezu elektroniko bat igortzen diete astero, berrikuntzak jakinarazteko. Foro bat ere badu du webguneak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.