Indarkeria matxista

Peng Shuai tenislari txinatarra jendaurretik desagertua delako kezka azaldu dute hainbat kirolarik

Peng Shuaik orain bi aste salatu zuen sexu eraso bat egin ziola Txinako lehen ministrorde ohi Zhang Gaolik. Salaketa egin zuenetik, ez da kirolariaren berririk izan. Hainbat herritarrek '#WhereIsPengShuai' traola zabaldu dute sare sozialetan, hari buruz galdezka.

Peng Shuai tenilaria, Melbournen partida bat jokatzen, iaz. FRANCIS MALASIG, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko azaroaren 17a
15:32
Entzun

Peng Shuairen salaketaren ondoko isiluneak alarmak piztu ditu kirol munduan. Txinako tenislaririk ezagunenetariko bat da Peng. Orain bi aste, azaroaren hasieran, kirolariak salatu zuen Txinako lehen ministrorde izandako Zhang Gaolik sexu erasoa egin ziola. Weibo sare sozial txinatarraren bitartez egin zuen salaketa: «Egia osoa esanen dut zuri buruz», idatzi zuen, Zhangi zuzenduz. Kontatu zuen ministrorde ohiaren etxera tenisean jokatzera joandako egun batean gertatu zela erasoa. «Ez nizun baimenik eman, eta ezin nion negarrari eutsi», idatzi zuen, besteak beste. Ordea, Pengek argitaratutako mezuak minutu batzuk baizik ez zuen iraun plataforman; argitaratu eta deus gutxira ezabatu baitzuen. Ordutik, kirolariak ez du agerpen publikorik egin, eta ez du hitzik esan, ez eta argitaratu ere.

Tenislaria jendaurretik desagertua dela ikusirik, gertatutakoaren gaineko ardura zabaltzeko ahotsak gero eta ozenago ari dira bihurtzen. Naomi Osaka japoniarra izan da salaketa egiten azkenetarikoa. Sona handiko kirolaria da Osaka; hamahirugarren postua du WTA zerrendan. «Berriki jakin dut nire kide bat desagertu egin dela sexu eraso bat salatu eta gutxira. Bera eta bere familia ongi egotea espero dut. Harritua nago gertatutakoaz ohartuta», txiokatu du Osakak sarean. Gainera, beste herritar askok egin bezala, Pengen desagerpena salatzeko traola erabili du hark ere: #WhereIsPengShuai.

Naomi Osakaren aurretik, beste kirolari batzuek ere beren sare sozial edo agerraldietako adierazpenak erabili dituzte bozgorailu gisa, egoera gaitzesteko. Hala egin du, esaterako, Novak Djokovic tenislari serbiarrak. Kezka azaldu zuen berak ere, eta adierazi zuen espero zuela Peng ongi egotea.

Hain zuzen, kezkak baretze aldera, Emakumeen Munduko Tenis Elkarteak (WTA) argitu du baieztatu dutela Peng Shuai «salbu» dagoela. Erantsi dute, gainera, ez dagoela «inoren mehatxupean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.