Enpresak

CAFek kontratu bat lortu du Kanadan lehen aldiz

Calgary hirirako 28 tranbia egingo ditu, eta beste 24 egiteko aukera izango du. Guztira, 300 milioi euro patrikaratu ditzake.

CAFek Calgaryrako eraikiko duen Urbos modeloaren irudi bat. CAF
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 18a
10:39
Entzun

Calgaryko (Alberta, Kanada) udal garraioen agintaritzak CAF aukeratu du hiriko tranbia sareko hirugarren linea trenez hornitzeko. Lehen epe batean, Beasaingo enpresak 28 LRV (Light Rail Vehicle) egingo ditu, baina kontratuak dio aurrerago beste 24 unitate emateko aukera dagoela. Gainera, CAF arduratuko da hurrengo urteetan tranbia horien mantentze zerbitzuaz. Kontratua oso-osorik betez gero, 300 milioi euro inguru jasoko ditu.

Lehen aldia da CAFek kontratu bat lortzen duela Kanadan.

Unitatea CAFeko tranbien plataformakoa izango da, Urbos modelokoa, eta 42 metroko luzeran zazpi modulu izango ditu. 288 bidaiarirentzako edukiera izango du, eta haietatik 73k eserita joateko aukera izango dute. «Diseinu aurreratuak segurtasun eta erosotasun handia emango die erabiltzaileei eta, gainera, ezaugarri nagusien artean, honako bi hauek azpimarratu behar ditugu: ibilgailuaren irisgarritasuna eta zabaltasuna», zabaldu du CAFek.

Calgary Alberta probintziako hirietan gehien populatua da —hiriburua Edmonton da—, eta 1,2 milioi biztanle ditu. Kanada erdialdeko ordeka zabala bukatu eta Mendi Harritsuak hasten diren lekuan dago. Ipar Amerikan LRV sarea jartzen lehengo hirietako bat izan zen, CTrain izenekoa, eta gaur egun bi linea ditu: Red Line eta Blue Line, 44 geltokirekin eta 58 kilometroko trenbidearekin. Iaz, hirugarren linea bat eraikitzea erabaki zuen udalak, hiriaren iparraldea eta hegoaldea lotzeko. Linea horrek 46 kilometro eta 29 geltoki izango ditu, eta inoiz Calgaryk garraio azpiegituretan egindako inbertsiorik handiena eskatuko du. CTrain energia eolikoaz hornitzen da.

Mailegua, tren elektrikoak egiteko

Kanada merkatu interesgarria da CAFentzat, baina are interesgarriagoa da Frantzia, hurbil duelako eta trenbide sare garrantzitsua duelako. 2019an, inoiz han lortutako kontraturik handiena lortu zuen, 700 milioi eurorena, SNCFk 28 tren enkargatu zizkion, Paris-Clermont Ferrand eta Paris-Limoges-Tolosa lineetarako. Proiektu hori finantzatzeko 107,9 milioi euroren finantzaketa lerroa lotu du Societe Generale bankuarekin. Mailegu «berdetzat» jo du Beasaingo konpainiak, trenak %100 elektrikoak izango direlako. Trenbidea Frantziako DGTIM Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak finantzatuko du, eta Societe Generalek aurreratuko du.

Lehen trenak 2024rako entregatu behar ditu CAFek, eta baliteke aurrerago beste 75 ere hornitzea. Kontratu horren zati bat Bagneres de Bigorreko (Okzitania) fabrikatik estali nahi du CAFek, eta horregatik iragarri zuen beste 250 hartuko zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.