Migratzaileak

Atzeratu egin dute Grezian migratzaileei laguntzeagatik auzipetutako 24 ekintzaileren aurkako epaiketa

«Espioitzan aritzea, dokumentuak faltsutzea eta giza trafikoan jardutea» egotzi diete giza laguntzaileei. Erruduntzat joz gero, bost eta 25 urte arteko kartzela zigorrak jar diezazkiekete.

Hainbat lagunen protesta Atenasko epaitegiaren kanpoaldean. @GIORGOSKOSMOPOULOS
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 18a
11:39
Entzun

Siriar errefuxiatua da Sarah Mardini. Alemanian bizi da egun, herrialde hark eman baitio asiloa. Yusra Mardini igerilariaren ahizpa ere bada. Yusra Mardinik Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan hartu zuen parte 2016an, errefuxiatuen taldearekin, baita aurten Tokion egin direnetan ere. Hura ere Hanburgon bizi da, Alemanian. 2015ean komunikabide askoren azaletan agertu ziren bi ahizpak, beste dozenaka iheslarirekin batera partekatzen zuten ontziaren motorra hondatu eta bien artean, igerian, lehorreraino eraman zutelako. Haien bidaia, ordea, ez zen Greziako kostaldean amaitu. Handik Mazedoniara joan ziren, gero Serbiara, jarraian Hungariara, handik Austriara eta azkenik Alemaniara. Berlinen zortzi hilabete egin zituzten errefuxiatuentzako kanpaleku batean, asiloa lortu arte.

Europan geratzeko baimena eskuratu eta gero ere, Sarah Mardinik jarraitu zuen errefuxiatuei laguntzen, harik eta 2018an Grezian atxilotu eta «pertsonen trafikoa eta espioitza» leporatu zizkioten arte. Ehun egun egin zituen preso, eta ondoren baldintzapean aske utzi zuten. Gaur hasi dute haren eta beste 23 ekintzaileren aurkako epaiketa, Lesbosen. «Espioitza, dokumentuak faltsutzea, pertsonen trafikoa eta irrati frekuentziak legez kanpo erabiltzea» leporatzen diete, beste hainbat delituren artean. Bost eta 25 urte arteko kartzela zigorrak jar diezazkiekete errudun jotzen badituzte.

Mardiniri debekatu egin diote Greziara joatea bere burua defendatzera, eta Alemaniatik erreparatu beharko dio epaiketari —epaitegiek ez dute argitu debekuaren zergatia—. Auzia hasi eta gutxira, eten egin behar izan dute prozedura, akusatuen artean abokatu bat dagoelako, eta auzitegiak ez duelako hura epaitzeko eskumenik; beraz, goragoko epaitegi batek hartuko du prozedura —ez dute zehaztu noiz egingo duten hurrengo auzi saioa—. Haserre agertu da Sean Binder ekintzaile irlandarra, are gehiago itxaron beharko dutelako erabaki baten zain. «Orain hilabeteak itxaron beharko ditugu justizia egin dadin. Baina han ere nire burua defendatuko dut. Badakit ez dudala ezer txarrik egi, eta frogatu dezaket. Leporatzen dizkidaten delituetako batzuk ni uhartera iritsi baino urtebete lehenagokoak dira. Giza laguntzaileak kriminalizatzea dute helburu bakar», azaldu du, auzi saioa hasi aurretik Irlandako RTEri emandako elkarrizketa batean.

Fiskaltzaren arabera, Greziako kostazainen komunikazioak entzuten zituen giza laguntzarako taldeak, migratzaileak non zeuden jakin ahal izateko, eta, ondoren, plaka militar faltsuak zituzten ontziak baliatzen zituzten Lesbosen «debekatutako eremuetan» sartzeko. Lehen auzi saioan ez diete kazetariei aretora sartzen utzi, osasun arrazoiak argudiatuta; baina ez diete saioa online ikusteko aukerarik ere eman.

Iaz, Greziako Gobernuak gogortu egin zituen gobernuz kanpoko erakundeen aurkako neurriak, herrialdera heltzen diren migratzaile kopurua murrizteko helburuz. Gobernuz kanpoko erakundeek salatu zuten legeek ezinezko bilakatzen dutela euren lana, eta Europako Batzordeak berak eskatu zion Atenasi bertan behera utz zitzala neurriak. Baina indarrean daude oraindik.

Asilo eskariak atzerritik

Erresuma Batuko The Times egunkariak zabaldu duenez, Londresen ere migratzaileen aurkako neurriak dituzte hizpide egunotan, eta horietako bat litzateke uhartera heltzen direnak Albaniara deportatzea, aurrez zazpi eguneko tartean eman ostean asilo eskaria tramitatzeko —ondoren Albanian, edo beste herrialderen batean, itxaron beharko lukete erantzuna jaso bitartean—. Kazetaren arabera, modu horretan Mantxako kanala zeharkatzen dutenei atzera eginarazi nahi die Londresek.

Erresuma Batua hasia legoke Albaniarekin hitz egiten, herrialde hartan asilo eskatzaileentzako gune bat jartzeko. Justizia ministro Dominic Raabek, ordea, ukatu egin ditu filtrazioak, baina bai aitortu du aztertzen ari direla asilo eskariak «Erresuma Batutik kanpo» prozesatzeko aukera, «erakartze faktorea murrizteko, eta jendeak pentsa ez dezan bide horiek hartuta abantailaren bat izango duela».

Londres ez da bakarra. Varsoviak ere migratzaileen aurkako neurri zorrotzagoak nahi ditu Bielorrusiarekiko mugan. Mateusz Morawiecki lehen ministroak ohartarazi dio EB Europako Batasunari «milioika lagunek» igaroko dutela muga, kontrolak orain arte bezain «lasaiak» badira. Morawickik onartu du uneotan egoera «egonkorra» dela mugan, baina berretsi okerrera egingo balu «poloniarrek euren mugak defendatuko» dituztela.

Hitz gogorrak izan dituzte Minsken aurka EBk eta G7ko herrialdeek ere. Aleksandr Lukaxenko presidenteari leporatu diote migratzaileen joan-etorriak «antolatzea», eta eskatu diote geldi dezala bere «kanpaina erasokor eta esplotatzailea». Kritika horiek egin dituzte Irakek bertako herritarrak mugatik ateratzeko hegaldiak abiatu dituen egun berean. Bagdadek berak aurreratu duenez, 430 herritarrek egin dute Irakera itzultzeko eskaria.

Bielorrusiak, bestalde, eskatu dio EBri mugan harrapatutako 2.000 migratzailerentzat korridore humanitario bat zabal dezatela, eta aurreratu Minsk arduratuko dela Poloniara sartzeko zain dauden gainontzeko 5.000 pertsonak euren herrialdeetara itzultzeaz. Alemaniako jarduneko kantziler Angela Merkelekin egindako telefono bidezko elkarrizketa batean egin du eskaria Lukaxenkok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.