Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Nafarroako zortzi finalistak, beren «onena emateko gogoz»

Azaroaren 28an izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Anaitasunan. Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari.

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatuko duten zortzi bertsolariak, gaur, Anaitasunan. IñIGO URIZ / FOKU
Ane Eslava.
2021eko azaroaren 19a
13:27
Entzun

Helmugara iritsi da 2021eko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Izaban hasi zuen bidea, urrian, eta Tafalla, Zangoza, Doneztebe, Altsasu, Berriozar eta Leitzatik igaro ondoren, Iruñean amaituko da, hilaren 28an, igandearekin. Anaitasuna kiroldegian egingo dute finala, eta han elkartu dira gaur oholtzara igoko diren zortzi bertsolariak, Bertsozale Elkarteko ordezkariekin batera. Kantuan arituko dira Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka, 1977), Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri-Aranatz, 1983), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Josu Sanjurjo Altzuri (Lesaka, 1993), Julio Soto Ezkurdia (Iruñea, 1987), Saioa Alkaiza Guallar (Iruñea, 1991), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001) eta Xabier Silveira Etxeberria (Lesaka, 1976). Haietako bati jantziko dio txapela Estitxu Arozena Albizuk (Mutriku, Gipuzkoa, 1975).

«Bultzada eta aldarri». Aurtengo txapelketa hori izatea nahi zuten antolatzaileek, eta asmo berarekin helduko dira finalera, Alaitz Rekondo Ferrero Bertsozale Elkarteko lehendakariak adierazi duenez: «Izan dadila bultzada eta aldarri, bertsogintzaren eta kulturaren defentsan». Nabarmendu duenez, bi hilabeteotan herrialdeko bazter ugaritara eraman ditu txapelketak kultur sorkuntza, bertsolaritza eta euskara, eta orotara 1.600 lagunek egin dute bat egitasmoarekin. «Nafarroako bertsolaritza sendo, osasuntsu eta aniztasunez agertu da plazara». Lehiatik harago, «gozamenerako iturri» izan dadila eskatu du: «Izan dadila festa kolektibo handia».

Finalean arituko diren bertsolarien artean, bi lehen aldiz izango dira final batean: Sanjurjo eta Alkaiza. Final gehienetan aritutakoa Silveira da, hamaseigarrena izango baitu; Sotok, hamargarrena; Lazkozek, zazpigarrena; Fernandezek, bosgarrena; eta Joanes eta Xabat Illarregik, berriz, bigarrena.

Finalisten artean badira txapela jantzi duten bi bertsolari ere: Soto da egungo txapelduna, eta bost aldiz irabazitakoa da: 2010ean, 2011n, 2015ean, 2017an eta 2019ean. Silveirak, berriz, zazpi aldiz irabazi du, 1997an, 2004an, 2005ean, 2006an, 2007an eta 2013an. «Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak eta kantaerak bilduko ditu oholtza berean», laburbildu du Ander Perez Argote Nafarroako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

Bertsolariak, gogotsu

Bertsolariak, oro har, finalaz gozatzeko gogoz heldu dira azken txanpara; baina, aldi berean, beren onena emateko gogoz. Alkaiza eta Sanjurjorentzat esperientzia berria da. Alkaiza «ilusio handiz» iritsiko da finalera: izan ere, azken hiru txapelketetan finalaren atarian gelditu zen, eta aitortu du «arantzatxoa» bazuela. Behin honaino helduta, ziurtatu du ez duela txikikerietan aritu nahi. Sanjurjok, berriz, aitortu du finalerako txartela zuela esan ziotenean «urduri» sentitu zela; orain, ordea, kontzentratzen saiatzen ari da, «denen artean zerbait polita uzteko».

Beste muturrean, esperientzia luzea dutenen artean, Sotok ohartarazi du orain artekoak ez duela askorik balio finalean, egun horretan «zerotik» hasten direlako: «Alanbre gainetik pasatu behar da, eta inoiz baino estuago da. Ea orain arte egindakoak laguntzen duen alanbrearen beste aldera iristeko». Bide beretik, Lazkozek esan du esperientzia izateak ez duela errazago egiten, eta aukera aprobetxatzeko modurik onena bertsotan disfrutatzea dela: «Horretan saiatuko gara, bertso bakoitza inoiz kantatu dugun onena izan dadin».

Fernandezentzat «bide baten saria eta egindako lanaren aitortza» da finalean egotea: «Denok dakigu zer den finala, eta denok nahi dugu egon oholtza horretan; zorionez, gu gara, eta ea denon artean final ederra egiten dugun».

Joanes Illarregik esan du sentsazio onarekin aritu dela orain arte, eta aurreko txapelketan baino gusturago gelditu dela «jarrera eta emozio aldetik». Bera ere «ahalik eta saiorik politena» egiten ahaleginduko da. Xabat Illarregi ere gustura aritu da orain arte txapelketako saioetan, batez ere bigarrenean, eta final polita gera daitekeela uste du. «Baina milagrorik egiterik ez dago», gaineratu du.

Silveirak, berriz, esplikatzen zailak diren sentsazioak dituela adierazi du: «Sentsazio arraroegiak».

Estitxu Arozena Albizuk jantziko dio txapela irabazleari. Txapela irabazi zuen lehen emakumea izan zen, 1995ean, eta, iaz 25 urte bete zirenez, Nafarroako Bertsozale Elkarteak omenaldia egin nahi zion. Orain, txapela jartzeko aukera emanez, «urte luzez Nafarroako bertsolaritzaren alde egindako lan guztia» eskertu nahi dio elkarteak.

Osasun neurriei so

Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, finalaren eguneko 15:00ak bitarte. Ordu horretatik aurrera, Anaitasunako txarteldegian eskuratu ahal izango dira. Ateak 15:00etan irekiko dituzte, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak garaiz joateko deia egin du, pilaketak saihesteko. Koordinatzaileak gogorarazi du osasun neurri guztiak bete behar direla, eta eskatu du isilik egoteko, bertsolarien lana errespetatzeko.

Egungo osasun egoera zalantzazkoa dela aintzat hartuta, Perezek esan du ez dakitela moldaketarik egin beharko ote duten, baina ziurtatu du ezartzen dituzten neurri guztiak beteko dituztela, orain arte egin duten bezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.