Zinema

Hogei film labur lehiatuko dira 44. Euskal Zine Bileran

Bihar abiatuko da jaialdia, Paperezko hegoak dokumentalaren emanaldi batekin, eta hilaren 28an amaituko. Proiekzio bereziak eta solasaldiak ere antolatu dituzte.

Jorge Moneoren 'Begiak hesteko artean' filmaren irudi bat. EUSKAL ZINE BILERA
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 19a
14:22
Entzun

Iaz, Internet bidez egin zuten Euskal Zine Bilera, egoerak hala behartuta. Antolatzaileek aurrez aurreko jaialdia prestatu dute aurten, baina sareko emanaldiei ere eutsi diete. Bi formatutan emango dute egitarauaren zati handi bat: Lekeitioko (Bizkaia) Ikusgarri aretoan eta zinebilera.eus webgunean. Bihartik azaroaren 28ra arte egingo dute jaialdiaren 44. aldia.

Aitor Abaroak eta Ana Goitiak aurkeztuko dute irekiera ekitaldia, bihar, Ikusgarri aretoan. Paperezko hegoak filma emango dute, eta Josu Martinez eta Samara Velte zuzendariekin solasaldi bat egingo dute ondoren.

Sail Ofizialeko proiekzioak astelehenetik ostegunera egingo dituzte, aretoan eta online. Euskarazko hogei film labur ariko dira lehian: Peio Agirreren N.B.ren erretratu bat, Iñigo Alkortaren eta Maddi Arzallusen Atzelariak, Eukeni Arriortuaren Memoria, Sergio Azkarateren Erroak, Khuruts Begoñaren Deia, Ruben Cresporen Aterpean ateri, Xabi Cresporen eta Joserra de la Marren Itsasoan, Iban del Camporen Serendipia, Ilune Diazen Game Over, Gorka Ezkibelaren Ostendene, Maria Fontanen Zerua hautsi zen gaua, Oier Fuentesen 10 watt bakarrik, Aiert Goenagaren Zikings, Ibai Gorritiren Ate-joka, Josu Martinezen Subandila, Mikel Mendizabalen Haur erbesteratuak, Jorge Moneoren Begiak hesteko artean, Enrique Reyren eta Ainhoa Urgoitiaren Barraskiloentzat iganderik ez, Amaia San Sebastianen Rewind, eta Pello Seronen eta Unai Zaballaren Yauri Etxalde.

Hiru sari banatuko dituzte horien artean: film onenarena, zuzendari onenarena, gidoi onenarena eta ikusleen EITB saria.

Animaziozko filmek toki nabarmena izango dute Euskal Zine Bileran. Euskal Herriko bi ekoizle aitzindariri emango diete Begirada saria: Baleukori eta Dibulitooni. «Zinemazale berriak hezi» izana eskertuko diete hala.

Gainera, Pantaila Irekia sailean, Debako (Gipuzkoa) Animadeba animazio zinemaldiak parte hartuko du, eta Kimuak programako animaziozko film labur batzuk emango dituzte, asteazkenetik ostiralera, Ikusgarri aretoan eta sarean: Koldo Almandozen Hubert Le Blonen azken hegaldia, Kote Camachoren La gran carrera, Alberto Gonzalezen Cirugía, Hauazkena taldearen Beti bezperako koplak, Isabel Hergueraren La gallina ciega, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun, Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics, Izibene Oñederraren Hezurbeltzak, eta Bego Vicarioren Jane, Tarzan ez zen horren guay.

Saio bereziak

Zinemaldiak ekitaldi berezi batzuk egingo ditu beste eragile batzuekin elkarlanean. Etzi, Zine-Labek antolatuta, Super 8 formatuan filmatutako bi pelikula emango dituzte, eta solasaldi bat egingo dute Tramana Pictures ekoiztetxea sortu zuen lekeitiar zinemagile taldearekin.

Datorren ostiralean, Gaualdia atalak Euskal Zine Bilera eta Zinegin festibala elkartuko ditu: Non dago Mikel? filma proiektatu aurretik, zuzeneko elkarrizketa bat egingo diete Zinegineko arduradunei, eta, filma ikusi eta gero, Hazparneko (Lapurdi) zinemaldian zuzenean egingo duten solasaldian parte hartuko dute.

Hurrengo egunean, ikus-entzunezkoen sektoreko emakumeak biltzen dituen (H)emen elkarteak topaketa profesional batzuk antolatu ditu filmen banaketari buruz. Horri buruz ariko dira Graxi Irigarai EHUko ikerlaria eta Gastibeltzako kidea, Johana Olabarria Euskaltzaleen Topaguneko kidea eta Maria Jesus Diez Barton Filmseko kidea. Olatz Beobide (H)emeneko lehendakaritzako kideak gidatuko du solasaldia.

Joan den astean izan zen Kameratoia ikus-entzunezko rallya, Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak antolatuta. Hamasei filmek parte hartu zuten, eta etzi egingo dute sari banaketa. Lehen sariak 800 euroko ordainsaria du; bigarrenak, 400 eurokoa, eta hirugarrenak, ikusleen sariak, Lekeitioko Trinkete aterpetxean gau bateko egonaldia. Film guztiak zinemaldiaren webgunean daude ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.