Astebetean %59 areagotu dira positiboak Hego Euskal Herrian

Ospitaleetan eragina izaten ari da goraldia: duela astebete baino %40 gaixo gehiago hartzen dituzte. Astebetean, gaitza zuten hamabost pertsona zendu dira.

Herritarrak COVID-19a atzemateko probak egiten, artxiboko irudi batean. IñIGO URIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 22a
13:36
Entzun

Goraldi betean dago COVID-19a. Hala erakusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman berri dituzten datuek. Astebetean 5.584 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, aurreko astean baino 2.077 kasu gehiago; hau da, astebetean %59 ugaritu dira COVID-19 kasuak.

Gipuzkoako egoera da bereziki larritzekoa. Han detektatu dira azken asteko positiboen %40. Nafarroakoak dira kasuen %28, Bizkaikoak %25, eta Arabakoak %7. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia metatuak berresten du Gipuzkoakoa dela egoerarik txarrena: bertan, 513 kasukoa da intzidentzia; Nafarroan, 365ekoa; Bizkaian, 199koa; eta Araban, berriz, 176koa.

Ospitaleetan ere sumatzen da igoera: egun, 261 gaixo jasotzen ari dira Hego Euskal Herriko erietxeetako arta. Joan den astelehenean jakinarazi zuten 187 gaixo zeudela ospitalean; hau da, astebetean %40 areagotu da erietxeratu kopurua.

Gainera, 42 gaixo daude ZIUetan larri. Igoeratxo bat nabari da azken egunetan, baina ez ospitaleratzeetan adinakoa: duela astebete baino lau eri gehiago daude.

Gaitza zuten zenbat lagun hil diren ere jakinarazi dute erakundeek: astebetean hamabost pertsona zendu dira, aurreko astean baino bat gehiago.

Egoera, «okerrera»

Datuak ikusita, egoera epidemiologikoa «okertu» egin dela esan du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Bizkaia irratian egin dioten elkarrizketa batean. Birusak «hedatzen» jarraitzen duela nabarmendu du, eta joera aldatu beharra dagoela.

Hedapen hori eten nahian, Eusko Jaurlaritzak joan den ostegunean eskatu zion baimena EAEko Justizia auzitegi nagusiari COVID ziurtagiria galdegiteko. Sagarduiri «neurri ona» iruditzen zaio: «Helburua da leku itxietan eragitea, leku horietan gure portaera ez delako geure burua babestea: maskara kentzen dugu, distantzia ez dugu mantentzen, eta ez da behar adina aireztatzen; beraz, arriskua areagotu egiten da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.