Libia

Libian 65 bat hautagaik eman dute izena presidentetzarako bozetarako

Hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartu dutenen artean daude Dbeibeh behin-behineko lehen ministroa, Haftar ekialdeko militarra eta Gaddafiren semeetako bat. Hauteskundeak abenduaren 24an dira egitekoak.

Dbeibeh Libiako behin-behineko lehen ministroa, atzo, bozetarako izena ematen. STR / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 22a
14:45
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresentzat, Libian abenduaren 24an egitekoak diren presidentetzarako bozak «nahitaezko hurrengo pauso bat» dira herrialdean bakea eta egonkortasuna finkatzeko. Ez da gutxiagorako: itxaropen handia dago jarria hitzordu horretan hamarkada bat iraun duen gerraren ondoren, 1951n independentzia lortzeaz geroztik egingo dituzten lehenak izango baitira. Libiako Hauteskunde Batzorde Gorenak jakinarazi duenez, 65 bat hautagaik eman dute izena lehian parte hartzeko —emakume bakarra haien artean—.

Azken urteotan Afrika iparraldeko herrialdean protagonismo handia izan duten politikarietako eta militarretako askok eman dute presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzeko pausoa. Abdul Hamid Dbeibeh Libiako behin-behineko lehen ministroa izan da horretan azkenetarikoa, atzo aurkeztu baitzuen bere hautagaitza, aurrez iragarri zuen arren ez zuela hori egiteko asmorik; harekin batera, Khalifa Haftar ekialdeko agintari militarrak, Aguila Saleh Ordezkarien Ganberako presidenteak eta Saif al-Islam Gaddafik, Muammar Gaddafi herrialdeko agintari izan zenaren (1969-2011) semeetako batek nahi dute estatuburu kargura iritsi, esaterako.

Hauteskunde batzordeak berehala erabaki beharko du hautagaitza horien inguruan, bozen kanpaina abenduaren 8an hasiko baita. Eta badirudi, egunotako adierazpenak kontuan hartuz gero, zeregin hori ez dela gatazkarik gabea izango, presidentegaietako batzuek kritikak helarazi baitizkiete lehiakide posibleei, hauteskunde legea urratzen dutela argudiatuta. Hau da, ez dituztela bozetara aurkezteko baldintzak betetzen.

Dbeibeh da horietako bat. Aurkariek leporatu diote ez duela kargu publikoa utzi hauteskundeak egin baino hiru hilabete lehenago, legeak dioen modura; horrekin batera, litekeena da haren kontra egindako ustelkeria akusazioek eta berez bozetara aurkeztu behar ez zela adierazi izanak haren hautagaitza zailtzea.

Hori bai, behin-behineko lehen ministroak aldeko du gobernuburu karguan egindako lana, batez ere 372 proiektu ekonomiko sustatu eta gazteentzako laguntzak onartzeagatik, eta herrialdeko eremu askotan egindako inbertsioengatik. Horiek horrela, haren hautagaitza onartuko balute, Dbeibeh lehiako faboritoa bilakatuko litzateke: «Zailtasunak eta egoera anbiguoak dauden arren, itxaropena ez galtzeko deia helarazten dizuet. Bide egokiaren hasiera da», adierazi zuen atzo.

Behin-behineko lehen ministroari kritika egin diotenen artean dago Haftar, hark iragan irailean utzi baitzuen ekialdeko armadaren buruzagi kargua. Militarraren indar aliatuek herrialdearen eremu handiena kontrolatzen dute —eta petrolio putzu gehienak—, baina ez dute inoiz lortu Tripoli hiriburua bereganatzea; 2019ko apirilean abiatu zuten erasoaldia, eta, hamalau hilabeteren ostean, amore eman behar izan zuten, mendebaldean indartsu zen Batasun Nazionaleko Gobernuak eta haren nazioarteko aliatuek defentsa eta kontraeraso arrakastatsuak egin baitzituzten.

Gerra krimenak tarteko

Gertakari horien ostean, NBEk bake prozesu bat abiatu zuen, eta horren harira osatu zuten Dbeibeh buru duen gobernua, eta abenduaren 24an presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak egiteko plana ondu. Herrialdearen mendebaldean eta hiriburuan, baina, ez dute begi onez ikusi boz horietarako Haftarren hautagaitza, gerra krimenak egozten baitizkiote.

Horrek agerian utzi du hauteskundeetako garaileak zailtasunak izango dituela herrialdea elkartzeko, bai biztanleriaren ikuspuntutik, baita erakundeen eta ekonomiarenetik ere. Halere, ekialdeko militarra konbentzituta dago hartu beharreko erabakiez, hautagaitza aurkeztean adierazi zuenez: «Bozak dira modu bakarra gure herrialdea krisi sakon honetatik ateratzeko».

Haftarri bezala, Gaddafi semeari ere gerra krimenak egotzi dizkiote, eta, are, Nazioarteko Zigor Auzitegiak haren atxiloketa agindu zuen, 2011ko protesten aurkako indarkeriaren harira. 2017ra arte espetxean egon zen, eta duela gutxira arte bizitza publikotik kanpo zegoen.

Hamar urte dira NATOren hegazkinek Gaddafi aitaren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. 2012an parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten onartu emaitzak, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan. Mendebaldean, NBEk trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Fayez al-Serraj buru duen GNAn barreiatu ziren.

Iaztik, Afrika iparraldeko herrialdea NBEk sustaturiko bake prozesu batean sartuta dago, baina horren arrakasta ez dago ziurtatuta, barne zatiketek eta hautagaien kexek eta kritikek kolokan jarri baitute. Hauteskunde legea bera ere gatazka iturri da; izan ere, Saleh buru duen Ordezkarien Ganberak onartu zuen —2014ko bozen ostean osatu zuten, %18ko parte hartzearekin—, baina Estatuko Kontseilu Gorenak —NBEk sorturiko goi ganberak— ezezkoa eman zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.