Espazioa

Lur planeta asteroideetatik defendatzeko DART misioa jaurtiko dute bihar

Dimorphos asteroidearen kontra joko du zundak, ikusteko kolpea nahikoa ote den objektua desbideratzeko. Funtzionatzen badu, etorkizunean erabili ahalko dute teknika, Lurrarentzat mehatxu diren asteroideekin.

Ilustrazio honetan NASAren 'DART' zunda eta -irudian behean- Italiako Espazio Agentziako 'LICIACube' gailua daude irudikatuta, Didymos sistemaren aurkako talkaren aurretik. NASA/JOHNS HOPKINS, APL/STEVE GRIBBEN
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 22a
18:46
Entzun

Filmetan ikusitakoa benetan gertatuko da datozen hilabeteetan. Esperimentu gisa, edonola ere: Lur planetatik jaurtitako gailu batekin danbatekoa emango diote asteroide bati, ikusteko horrekin aski den hura desbideratzeko. Oraingoan, mehatxu ez den asteroide baten kontra jo nahi dute. Baina, etorkizunean, baliteke teknika erabili behar izatea Lurra defendatzeko.

Hainbat arrazoirengatik, dinosauroek ez zuten espazio programarik garatu, bestela jakin-minez begiratuko zioten bihar zeruari, Kalifornian (AEB). Izan ere, bihar da SpaceX Falcon 9 suziri batean jaurtitzekoa DART misioa. Asteroide Bikoitza Berbideratzeko Proba moduan euskara daiteke. Dardo gisa itzul daiteke akronimoa. Horrek aski ongi laburbiltzen du NASAren misioa.

Asteroide batek Lurraren kontra talka egiteko arriskua gutxitzeko erabil daitekeen kolpe kinetikoaren teknika deiturikoaren lehenengo proba da: hau da, asteroide bati kolpea emango diote, haren orbitan aldaketa eragiteko.

Dimorphos asteroidea

Didymos eta Dimorphos asteroide bikote bat dira, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute. Didymos da bikoteko asteroide nagusia; 780 metro pasatxoko diametroa du. Dimorphos haren inguruan biraka dabilen ilargitxoa da, ia 162 metroko diametrokoa. Azken horri kolpea emanez, horren abiadura aldatu nahi dute. 500 kiloko gailuak ilargiaren erdi-erdian joko du, segundoko 6,6 kilometroko abiadan. Kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Gutxi ematen du, baina aski izango da denborarekin bi asteroideen ibilbidea asko aldatzeko.

Horretarako itxaron beharko da, ordea. Lurretik gertu pasatuko dira asteroideok 2022ko udazkenean, eta urriaren 2rako espero dute talka. Lurreko teleskopioekin ikusi ahalko da. Baina neurketa zorrotzak Hera zuntzak egingo ditu urte bost urte geroago. ESA Europako Espazio Agentziak 2024an jaurtiko zunda, eta 2027. urtean helduko da. Orduan jakingo da nola aldatu duen talkak asteroideen ibilbidea. ESA eta NASA 2015. urtetik ari dira elkarlanean AIDA programan, planeta asteroideen mehatxuetatik defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.