Durangoko Azoka

Aurrez izena eman beharko da Durangoko Azoka bisitatzeko

Jendea txandaka sartuko da Landako Gunean, eta izena emanda bakarrik ikusi ahalko dira Ahotseneko kontzertuak ere zuzenean. Koronabirusaren zabalpenak bultzatuta hartu ditu erabakiak Gerediaga elkarteak. 

Ikasle batzuk Landakon, 2019ko Azokan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
Inigo Astiz
2021eko azaroaren 23a
10:52
Entzun

Pandemiaren datuak okerrerantz egiten hasi ahala, Durangoko Azokarekin zer gertatuko zen zalantza ere zabaldu da azken egunetan. Gerediaga elkarteak gaur jakinarazi duenez, azoka presentzialarekin aurrera egiteko asmoa dute, baina, hori bai, txanda eta izen-emate sistema bat ezarriko dute bisitentzat. 1.200 bisitari hartuko ditu, gehienez, Landako guneak txanda bakoitzean, eta ordu eta erdi iraungo dute. Webgunearen bidez egin ahalko dira erreserbak. Durangoko Udalarekin batera hartu ditu erabakiok elkarteak. Maskara jarrita edukitzea eta osasun arauak errespetatzea ere beharrezkoa izango dela gogorarazi dute antolatzaileek. «Kulturaren alde egitea eta osasun neurriak betetzea gauza bera dira».

Abendauren 3an digitalki irekiko ditu ateak azokak, orduan jarriko baitute martxan denda digitala. Eta abenduaren 4tik 8ra izango ditu zabalik ate fisikoak. Egun horietan, guztira, bost txanda antolatuko dituzte Landako Gunea bisitatzeko, 10:00etatik hasi eta 20:00etara arte. Ordu eta erdiko tartearen ostean, hustu egingo da espazioa, eta hurrengo txandari emango zaio sarbidea.

Txandak kontzertuetan ere

Plateruena kafe antzokiko kontzertuetan ere sistema bera ezarriko dute. Aurrez izena eman beharko dute Ahotsenea guneak bertan antolatutako saioak ikustera doazenek. Horrez gainera, ez da ostalaritza zerbitzurik egongo, eta galarazita egongo da edariak eta janariak kontsumitzea ere. Antolatzaileek gogoratu dutenez, streaming bidez ere zabalduko dituzte saio horiek.

Pandemiaren datuak okerragoak zirenetik zeukan mahai gainean plana Gerediaga elkarteak. Irailean, esaterako, txandakako sistema ezartzeko aukera hori aipatu zion Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak BERRIA egunkariari: «Aztertzen ari gara zer sistemarekin egin, baina, ia ziur, aurrez izena eman beharko dute bisitariek». Eta aurreikustekoa zen, beraz, neurria. Baita aste honetan jakinaraziko zutela ere. Berez, astelehenerako egina zieten hedabideei azokaren programa aurkezteko deia, baina bertan behera utzi zuten asteburuan. Egitaraua ostegunean aurkeztuko dutela jakinarazi dute orain.

Ardurarako deia

Arduratsu jokatzeko deia egin diete bisitariei. «Euskal kulturaren plaza bizirik mantentzeko ezinbestekoa da denon babesa eta konpromisoa». Eta, ohar bidez, zehaztu dutenez, osasun neurriak betetzea ere bada konpromiso horren parte. «Txanda sistema honek ematen duen segurtasuna bermatuz, kulturzaleak animatu nahi ditugu Landakon sartzeko ordua hartzera». Azokaz kanpoko aisialdi guneetan ere arduraz jokatzeko eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.