Argentina

Gazte maputxe bat hil dute, eta beste bat larri zauritu

Zibil jantzitako bi gizonezkok tirokatu zituzten. Protestak lehertu dira Bolsonen, Barilochen, Viedman eta Cipollettin.

Maputxeen eskubideen aldeko protesta bat, Santiagon. ALBERTO VALDES, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko azaroaren 23a
11:07
Entzun

Quemquemtrew komunitatean gertatu zen, igande gauean. Zibil jantzitako bi gizonezkok tiroka hil zuten Elias Garay gazte maputxea, eta larri zauritu zuten beste gazte bat. Garayri tiro bat egin zioten buruan, eta beste gazteari bi sabelean. Lekukoen arabera, bi gazteak maputxeen lurrak babesteko mugimenduko kideak ziren —desjabetu egin nahi dizkie gobernuak—. Lekukoen arabera, Poliziak ez zuen ezer egin erasotzaileak geldiarazteko. Atzo, protestak egin zituzten hilketa salatzeko.

Rio Negroko gobernadore Anabela Carreras egiten dute maputxeek gertatutakoaren erantzule. Komunitateak eta giza eskubideen aldeko erakundeek asteak daramatzate Poliziaren indarkeria eta jazarpena salatzen, eta egozten diote Carrerasi eskualdea militarizatu izana maputxeak handik kanporatzeko. «Polizia lurraldea inguratzen ari da, eta orain arte ez diote inori sartzen utzi, ez negurako arropekin, ez janariarekin, eta bi erasotzaileak armekin sartu dira. Azalpen bakarra dauka gertatutakoak», salatu du Orlando Carriqueok, Tehuelcheko koordinakunde maputxeko buruzagiak.

Lurraldea inguratua dute segurtasun indarrek, eta hiru pasabide soilik zabaldu dituzte. Haietatik igaro ahal izateko, Poliziaren kontrolak igaro behar dira. Droneak ere badituzte ingurua airetik zaindu ahal izateko. Horiek hala, giza eskubideen aldeko erakundeek eskatu diote gobernadoreari zabal dezala erasoa argitzeko informazio guztia.

Senatuak duela gutxi onartu du larrialdiko neurri bat, maputxeak kanporatzea debekatzen duena. 2006tik indarrean dagoen legediaren arabera, gobernuak euren lurren jabetza onartu behar die komunitateei, baina gaur-gaurkoz araudia ez da bete eskualde gehienetan. Maputxeek salatu dute segurtasun indarren jazarpena ez ezik herritarrena ere jasan dutela azken asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.