Intzidentzia ehun kasutik gora duten eremuetan ostalaritzaren barrualdeak ixtea aztertuko dute gaur Madrilen

Espainiako Osasun Publikorako Batzordeak bilera bat egingo du, eta hor erabakiko dute neurri murriztaile berriak hartu ala ez. COVID-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia 60 urtetik gorakoei eta osasun arloko profesionalei ematea onetsiko dute.

Iruñeko taberna bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 23a
12:08
Entzun

Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek bilera bat egingo dute gaur arratsaldean, Madrilen, Osasun Publikorako Batzordean, eta hizpide izango dituzten gaien artean honako hau egongo da: gaueko 23:00etatik aurrera ostalaritzaren barrualdeak ixtea azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 100.000 biztanleko ehun kasutik gorakoa bada eta ospitaleetako presioa handitzen bada. Birusaren transmisioa apaltzeko asmoz egingo die proposamen hori Espainiako Osasun Ministerioak erkidegoei. Hainbat komunikabidek publiko egin berri dute Osasun Ministerioak ondu duen proposamena, eta, haren arabera, Carolina Dariasek gidatzen duen ministerioak COVID semaforoa egiteko orain arte erabili diren langak aldatuko dira. Semaforo berri horren arabera, «arrisku ertaineko eremua» izango da hamalau eguneko intzidentzia metatua 100 eta 300 artekoa denean —une honetan arrisku ertaineko eremutzat jotzen da 50 kasutik beherako intzidentzia baldin badago—. Intzidentziaren aldagaia ez ezik, ospitaleetako okupazioa ere aintzat hartuko da eremu batean arrisku ertaina dagoela erabakitzeko. Kasu horretan, COVID-19ak ospitaleetan hartutako oheen kopurua %5etik gora izan beharko da.

Ostalaritzaren barrualdeak ixteaz landa, Osasun Publikoko Batzordeak gaur aztergai izango duen txostenak bestelako neurri murriztaileak ere proposatzen ditu intzidentzia metatua ehundik gora duten eremuetan: hala nola gaueko aisialdia goizaldeko 01:00etan ixtea, eta dantza egiterakoan maskara derrigorrez jantzita eramatea. Halaber, proposatzen du mahai bakoitzean gehienez hamar pertsona egotea eta barrualdeetako edukiera % 50ekoa izatea.

«Arrisku handiko eremuetan» neurri are zorrotzagoak ezartzea jaso du txostenak: hala, hamalau eguneko intzidentzia metatua hirurehundik gorakoa denean eta ospitaleetako presioa handitzen denean, ostalaritzako barrualdeak edukieraren % 25rekin irekitzea, mahai bakoitzean gehienez sei pertsona biltzea, eta 23:00etan ixtea proposatu du.

Hirugarren dosia

Gaur arratsaldeko bileran, gainera, 60 urtetik gorakoei eta osasun langileei eta osasun soziosanitarioei koronabirusaren aurkako hirugarren txertoa jartzea ere eztabaidatuko dute. Iragan astean aukera horren alde agertu zen Espainiako Txertoen Batzordea, eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Gaurko bileran erabaki hori onestea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.