Energia

AEBek eta Txinak erreserbako petrolioa salduko dute, upelaren prezioa jaistearren

Indiak, Hego Koreak, Japoniak eta Erresuma Batuak ere hartuko dute parte operazioan. Petrolioaren prezioa garestitu egin da, merkatuek upel gehiago saltzea espero zutelako.

Joe Bidenen eta Xi Jinpingen arteko bilera telematikoa, iragan astean. SARAH SILBIGER / EFE
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 23a
14:26
Entzun

Ikusita LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeari egindako presioak ez zuela eragin handirik izan, Joe Biden AEBetako presidenteak petrolioaren prezioa jaisteko ekintza bat koordinatu du Txinarekin, Indiarekin, Japoniarekin, Hego Korearekin eta Erresuma Batuarekin. Haren bidez, beren erreserbetan dituzten miloika upel merkatura aterako dituzte, eskaintza handitu eta, hartara, petrolioaren prezioa txikitzeko.

Hasieran, ordea, operazioak ez du esperotako emaitza izan. Brent upela bi dolarretik gora garestitzen ari zen atzo arratsaldean, 82 dolarreraino. Merkatuek kopuru handiago espero zutela ondorioztatu dute analistek.

Etxe Zuriak kaleratutako agiri batek azaldu duenez, petrolio erreserbako 50 milioi upel salduko dituzte AEBek «hurrengo hilabeteetan». Egunean ia 100 milioi upel kontsumitzen dira munduan, eta horietatik ia hogei milioi AEBetan. Hau da, 2,5 egunetarako kontsumoa soilik salduko duela.

Indiak jakinarazi du bost milioi upel salduko dituela, eta Erresuma Batuak, berriz, 1,5 milioi.

Txina da kontsumitzailerik handienetan bigarrena, ia hamahiru milioi upelekin, eta haren atzetik doaz India eta Japonia, biak lau milioi eurotik gorako kontsumoarekin.

Bidenek inflazioaren aurkako neurri gisa justifikatu du erreserbak txikitzeko erabakia. Azken urtean %6,2 igo dira prezioak AEBetan, eta igoera horren zati handi bat energia garestitzearen ondorio da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.