Lehiakortasuna

Orkestrak dio atzerriko inbertsioak erakartzeko zailtasunak daudela

Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren arabera, enpresen produktibitatea eta berrikuntza handitu behar dira, eta, horretarako, ezinbestekoa da kanpoko kapitala eta enpresen arteko lankidetza.

Ivan Marten Orkestra Institutuko presidentea, taldeko beste kide batzuekin, astearte honetan, Bilbon. DEUSTUKO UNIBERTSITATEA
jokin sagarzazu
2021eko azaroaren 23a
18:16
Entzun

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak ondorioztatu duenez, pandemiak «eragin negatibo handia» izan du enpresen errentagarritasunean, eta azpimarratu du horri buelta emateko ezinbestekoa izango dela lehiakortasuna eta berrikuntza sustatzea, enpresen «produktibitatea handitzeko» eta datozen urteetako «trantsizio handietara» egokitu daitezen. Horretarako, inbertsioak erakarri behar direla dio, baina ohartarazi du dirua atzerritik lortzeko «zailtasunak» daudela. «Euskadi ez da oraindik aski ezaguna kanpoan, eta ez dago nazioarteko erabakiguneetako inbertitzaile handi askoren radarrean», azpimarratu du Ivan Marten presidenteak.

Orkestraren Lehiakortasun Txosteneko ondorio nagusietako bat da hori. Azterketan ez dute zerga sistemari buruzko eztabaidan sakondu; hala ere, kazetarien galderei erantzunez, Martenek adierazi du enpresentzako laguntzak inbertsioak erakartzeko tresna bat direla, baina ez bakarra. «Kontua ez da soilik pizgarri fiskalen bidez erakartzea; helburua da enpresa berritzaileen ekosistema bat sendotzea inbertsio horiek herrialdean gera daitezen, eta horiek balio izatea lehiakortasuna hobetzeko eta, horrekin batera, gizartearen ongizatean laguntzeko».

Enpresa lehiakorragoak lortzeko bidean, horien tamaina handitzea ere ez da beti konponbiderik onena, Martenen arabera. Adibide egoki gisa jarri ditu klusterrak edo enpresak elkarrekin kolaboratzeko sor daitezkeen lankidetza formulak. «Tamaina bezain garrantzitsua da borondatea izatea I+Gn inbertitzeko, nazioartekotzeko eta atzerriko berrikuntza zentroetatik gertu egoteko».

Lan gatazkak ere aipatu ditu Martenek. Lehiakortasuna oztopa dezaketen elementuen artean aipatzen dituzte maiz Euskal Herriko enpresaburuek, baina Orkestrako zuzendariak adierazi du horrek ez duela beste batzuek baino pisu handiagoa inbertsioak erakartzeko orduan, eragina baduen arren.

Ahulguneak

Txostenaren egileek ondorioztatu dutenez, azken hamarkadetan egindako lana dela eta, euskal enpresak «posizio onean» daude COVID-19ak eragindako krisiari eta etorkizuneko «hiru trantsizio handiei» aurre egiteko: ingurumenekoari, energetikoari eta demografikoari. Hala ere, ahulgune batzuk detektatu dituzte.
Kezka agertu dute, adibidez, produktibitate mailarekin. Batasuneko 27 herrialdeen batezbestekoaren gainetik daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresak —42,6 euro lan egindako ordu bakoitzeko-, baina erreferentziazko beste industria eskualdeekin alderatuta, azpitik jarraitzen dute oraindik —Alemanian, oro har, 50,7 eurokoa da—.

Hori gainditzeko, Orkestrako ikertzaileek ezinbestekotzat jotzen dute berrikuntzan inbertitzea. Hala ere, ikerketa eta garapena (I+G) «tokia irabazten» ari den arren, erakundeen eta enpresen gastua Europako batezbestekoaren azpitik dagoela azpimarratu dute, eta orokorrean alor horretan egindako inbertsioek proportzioan behera egin dutela 2008ko krisiaz geroztik.

Euskal ekonomian industriak duen pisua kontuan hartuta, Orkestrak funtsezkotzat jotzen du, halaber, energia garbietarako trantsizioa «modu ordenatuan» egitea. Airearen kalitateari dagokionez, egoerak hobera egin badu ere, ohartarazi du enpresek oraindik ere «asko» dutela hobetzeko gasen isurietan eta birziklatze tasetan, eta Europako batezbestekoaren azpitik daudela nabarmendu du.

Enplegua ere azpimarratu dute ikertzaileek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %10aren bueltan dagoen arren, Europako batezbestekoaren (%7,1) gainetik dagoela gogoratu dute, eta kezka berezia agertu dute gazteekin eta emakumeekin. Aurrenekoei buruz, azpimarratu dute haientzako kalitatezko enplegua sortzea «erronka kritikoa» dela, eta andreen kasuan, ohartarazi dute genero arrakala zabaltzen ari den sentsazioa gero eta handiago bihurtzen ari dela urtetik urtera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.