Ardoa

Alarma piztu du Errioxako sor-markaren Arabako balizko adar autonomo batek

Hilaren 30ean eztabaidatuko dute Espainiako Kongresuan EAJren proiektu bat, Errioxako sor-marka Arabako erakundeen esku gera dadin Arabako lurraldean, izendapen berri baten bidez. Errioxako presidenteak batzar batera deitu ditu lurralde horretako alderdiak eta eragileak, Arabako Errioxako jatorri izen baten sorrera nola eragotzi aztertzeko.

Mahats bilketa, Bastidan, Toloño mendiaren magalean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2021eko azaroaren 23a
18:42
Entzun

Ardoa da Errioxan eztabaida politikorako hizpide nagusia aspaldian, Arabako ardogileak aspalditik ari baitira saiatzen askatasun handiagoa izaten Errioxak erabateko kontrolpean duen sor-markaren barruan. Europako erakundeen leihatilan dagoen sor-marka berri batek leherrarazi zuen Errioxako ardoaren gatazka: Abra Arabako upategi txikiek sustatutako Arabako Mahastiak izendapenak; eta, orain, berriz, Errioxako alderdien eta jatorri izenaren beraren histeria beste koska bat igoarazi du EAJk, Espainiako Kongresura eztabaidatzeko proiektu bat eraman duelako, zeinak ahalbidetuko bailuke Araban sortzea Errioxako sor-markaren adar autonomo bat, Arabako Errioxako sor-marka alegia. Hilaren 30ean izango da eztabaida hori, eta, haren aurretik, Errioxako erkidegoko presidente Concha Andreuk (PSOE) batzar handi batera deitu ditu alderdiak eta eragileak, Logroñon, proiektu horri bidea mozten saiatzeko.

Madrilen eztabaidatuko dutena lege egitasmo bat da, Jatorri Izenen Legea erreformatzeko. Aldaketa horrek ahalbideko luke erkidego bat baino gehiago hartzen dituzten sor-marketan erkidego bakoitzean eremu jakinen izendapenak sortzea, eta, hortaz, kontseilu horrek kudeatzea erkidego horren ardoaren alorra: uzta nola kudeatu, zenbat landatu, ardoa nola azaldu, uztak nola izendatu... aldagai guztiak Arabarako bakarrik litzatekeen kontseiluaren esku geratuko lirateke, Logroñoko boteregunea atzean utzita. Alegia, jatorri izen berri bat litzateke, baina Errioxa sor-markari uko egin gabe. Kontseilu hori Eusko Jaurlaritzaren aterkian geratuko litzateke, gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoako beste edozein sor-markarekin gertatzen den modura.

Errioxako presidenteak «lasaitasuna» helarazi die erkidego horretako eragile guztiei, baina haren erreakzio bortitzak aurkakoa adierazten du: Errioxan izu-laborria dagoela Errioxako sor-markaren monopolioaren galera baten aurrean. «Jarrera komun bat nahi dut adostu guztiekin, zorte handia baitugu gure jatorri izenaren sendotasuna ikusita», esan du. «Aparteko egoera honetan, posizio bateratua adostuko du eskualde gisa».

Batzar horretan izango dira Errioxako sor-markaren kontseilua, Errioxako talde parlamentario guztiak —hau da, PSOE, PP, Ciudadanos, Podemos eta IU–, eta Errioxako diputatu eta senatari guztiak. Halaber, nekazarien sindikatu eta patronal guztiak izango dira han, baita Errioxako Merkataritza Ganbera eta Errioxako Unibertsitatea ere.

Ramiro Gonzalez: «Ez luke ezer hautsiko»

Ezaguna da Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalez ez dela Arabako Mahastiak upategi txikien proiektuaren aldekoa, eta beti babestu duela Errioxako sor-markan jarraitzearen aukera. Baina independentzia handiagoa eskatu du, Arabako Errioxako upategi gehien-gehienen eskaerarekin bat. Gonzalezen arabera, «ez luke hautsiko ezer» Araban izendapen berri bat sortzeak Errioxako sor-markaren barruan. «Prestigio handiagoko eredu bat» eraikitzen lagunduko luke horrek, ahaldun nagusiaren arabera.

Baina, hain zuzen, horren beldur dira Errioxako upategi handiak. Nahiago dute denek zigilu berarekin aritu, desberdindu gabe eskualdeen lurrak, mahatsondoak, eguraldia, lan egiteko moduak eta abar. Arabako upategi txiki eta ertain gehienak beste bide batetik doaz aspaldian, kalitatea kantitatearen gainetik jarrita, merkatuan oso apalak diren prezioak igoarazteko. Logroñon hartzen dituzten erabakiak, ordea, eragozpenak baizik ez dira ardo gorenak egin nahi dituztenentzat.

Ramiro Gonzalezek esplikatu du EAJk aspaldian babesten duela sor-marka handien barruan jatorri izen txikiak egiteko formula, hau da, Errioxaren barruan Arabako Errioxako izendapena egitea ahalbidetuko lukeen formula, Bordelen gertatzen den moduan. Bordeleri erreparatu dio ahaldun nagusiak esplikatzeko «arrakasta» eredu bat dela, «produktua desberdintzen» laguntzen duela. Desberdintzea da hitz gakoa, izan ere, Arabako Errioxako ardoaren auzian.

Zaila ematen du, ordea, hilaren 30ean Espainiako ganberak aintzat hartzea Errioxan alarmak piztu dituen lege egitasmo hori. PPk iragarri du ezezkoaren alde egingo duela, eta nekez emango diote bidea proiektuari Espainiako beste alderdiek, Errioxan oso estu hartu baitituzte upategi handiek, nekazariek eta auzia politika petoa egiteko baliatzen ari diren alderdiak: PP eta Ciudadanos. «Errioxa gurea da» eta antzeko adierazpenak ohiko bihurtu dira Arabako Mahastiak zigilu berriaren harira. Horrelakoa da giroa gaur egun Errioxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.