MIGRAZIOAK

Ehunka migratzailek Mexikokoko Gobernuak emandako bisak onartu dituzte, karabana uztearen truke

Joan den azaroaren 18an Tapachulatik abiatutako karabanan zihoazen etorkin gehienek onartu dute agintarien eskaintza. Herrialdeko hamar estatutara eramango dituzte.

Migratzaile haitiar batzuk Mexikoko Gobernuko funtzionario batekin hizketan, atzo, Tapachulan. JUAN MANUEL BLANCO / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 24a
09:38
Entzun

Mexikoko Migrazio Institutu Nazionalak jakinarazi duenez, akordio bat egin dute joan den azaroaren 18an Tapachulatik (Chiapas, Mexiko) abiatu eta AEBetarantz doan karabanan zihoazen ehunka migratzailerekin. Gauzak horrela, etorkinek beren lege estatusa erregularizatzeko prozesu bat hasiko dute karabana uztearen truke ; hau da, Mexikoko bisak emango dizkiete.

Institutuak kaleratutako oharraren arabera, migratzaileen eskubideak defendatzen dituen talde batekin egin dute akordioa, eta horren lekuko izan da Mexikoko Giza Eskubideen Batzorde Nazionala. Migratzaile gehienak Erdiko Amerikakoak eta Haitikoak dira.

Luis Garcia Villagran Mugarik Gabeko Herriak elkarteko kidea da karabanaren antolatzaileetako bat, eta, Reuters berri agentziari adierazi dionez, etorkin gehienek onartu dute eskaintza, eta agintariek Mexikoko hamar estatutara eramango dituzte, autobusez. Guerrero, Queretaro, Puebla, Guanajuato eta Colima dira estatu horietako batzuk.

Magastepec (Chiapas) herrian zegoen 2.500 bat pertsonako karabana. Garcia Villagranentzat positiboa da migratzaileei bisa bat eskaintzea, aintzat hartuta Tapachula «espetxe bat» bihurtu dela. Guatemalako mugan dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.