Musika

Iggy Pop Donostiako 57. Jazzaldian ariko da

Calexicok, Gregory Porterrek, Yann Tiersenek eta Herbie Hancockek osatuko dute Kursaaleko auditoriumeko programazioa. Trinitate plazan, berriz, Miho Hazama, Hiromi, Steve Coleman, Louis Cole, Amina Claudine Myers, Kurt Elling, Lakecia Benjamin eta Diana Krall ariko dira. Jaialdia 2022ko uztailaren 21etik 25era egingo da.

Iggy Pop, 2019ko kontzertu batean. HUGO MARIE / EFE
mikel lizarralde
2021eko azaroaren 24a
11:00
Entzun

Iggy Pop abeslari estatubatuarrak Donostiako Jazzaldiaren 2022ko ekitaldian parte hartuko du. Antolatzaileek gaur jakinarazi dutenez, The Stooges taldeko abeslari izan zenak uztailaren 23an jardungo du Kursaaleko auditoriumean.

XX. mendeko rock musikaren ikonorik handienetakoa da James Newell Osterberg, Jr (Michigan, AEB, 1947) 1960ko hamarkadaren amaieran Detroiteko musika eszenan nabarmentzen hasi zenetik. The Iguanas taldearekin eman zuen bere burua ezagutzera, baina batik bat The Stooges taldearekin 1969. eta 1973. urteen artean grabatu zituen hiru diskoek (The Stooges, 1969; Fun House, 1970; eta Raw Power, 1973) bihurtu zuten rock-and-roll indartsu, gitarrazale eta energiaz beterikoaren ordezkari nagusietakoa. MC5 taldearekin batera, The Stoogesek Detroit hiriko rock-and-rolla definitu zuen, besteak beste, I Wanna Be Your Dog, 1969, No Fun eta Gimme Danger kantuekin.

The Stoogesen lehen garai hura bukatu zenean —2007an itzulli zen The Weirdness diskoarekin—, Iggy Popek bakarkako bideari ekin zion, David Bowie lagunaren babesarekin. Hain zuzen ere, Ziggy Stardust-en egileak ekoitzi zituen haren lehenengo bi diskoak, The Idiot eta Lust for Life, biak 1977koak.

Bere ibilbidean bakarkako hemezortzi disko grabatu ditu Iggy Popek, eta kantu ezagun ugari egin ditu: The Passenger, Lust for Life, China Girl, Candy...

Azkeneko urteotan bi disko argitaratu ditu: Post pop Depression (2016), Queens of The Stone Age taldeko Josh Hommerekin elkarrekin grabatutakoa; eta Free (2019), rocketik aldetzen den eta jazz soinuak bere egiten dituen lana.

Aurretik iragarrita zegoen bezala, Kursaaleko programazioa Calexico taldeak irekiko du uztailaren 21ean, eta hurrengo egunetan Gregory Porter kantaria (22an), Yann Tiersen pianista (24an) eta Herbie Hancock pianista (25ean) igoko dira oholtza horretara. Kontzertu guztiak 18:30ean hasiko dira.

Trinitatean, jazza

Kursaaleko programazioan jazz musika entzungo bada ere, Donostiako Jazzaldiaren espaziorik enblematikoenean, Trinitate plazan, izango du bere leku nabarmena. Aurten ere, iaz bezala, eserleku zenbakidunak izango dituzte bertaratzen direnek, eta guztira lau emanaldi bikoitz izango dira bertan, guztiak 21:00etan hasita.

Uztailaren 22an Musikene Summer Big Band, goi mailako musika ikastegiko ikasle eta ikasle ohiek osatutako taldea, zuzenduko du Miho Hazamak, eta, haren ondotik, Hiromi pianista japoniar ospetsua ariko da hari laukote batek lagunduta.

Trinitate plazako bigarren jardunaldian, jazzari lotuta egon arren arras ezberdinak diren bi artista igoko dira oholtzara. Lehendabizi, Steve Coleman saxo jotzailea, jazz garaikidearen izen handienetako bat, eta ondoren Louis Cole, jatorriz bateria jolea izanda ere, gaur egun teklatuak jo eta abesten duen musikari polifazetikoa.

Amina Claudine Myers pianistak 1950eko hamarkadako gospel musika omenduko du uztailaren 24an, eta segidan Kurt Elling kantariak SuperBlue bere proiektua aurkeztuko du, Charlie Hunter gitarrista lagun duela.

Azkeneko egunean, Lakecia Benjamin saxo jotzaileak John eta Alice Coltranek idatzitako musika ekarriko du gogora, eta jaialdiari amaiera emateko, Diana Krall pianista eta kantari kanadarra igoko da Trinitate plazara. 1997an izan lehen lehen aldiz Donostiako Jazzaldian, eta, orduz geroztik, jaialdiko ohiko parte hartzaile bihurtu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.