Hezkuntza

Aragones: «Irakasleenganako errespetu falta da Gorenaren ebazpena»

Josep Gonzalez-Cambray ere mintzatu da ebazpenaren inguruan, eta esan du Kataluniako eskola ereduaren oinarrien aurkako «eraso larri bat» dela. Salvador Illaren ustez, erabakiak ez ditu «arriskuan» jartzen ohiko eredua eta jarduna.

Pere Aragones, atzo, bilera batean. ANDREU DALMAU
Nagore Arin.
2021eko azaroaren 24a
11:40
Entzun

Hasi dira iristen Kataluniako murgiltze ereduaren inguruko Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiak eragindako askotariko erreakzioak. Atzo arratsaldean eman zuten erabakiaren berri, eta, ondorioz, ikastorduen %25 gazteleraz egin beharko dituzte Katalunian. Ebazpenaren arabera, ikasleek «berehala» hasi behar dute eredu berri horretan ikasten. Pere Aragones Kataluniako presidenteak «esku hartze» eta «irakasleekiko errespetu falta» gisa definitu du Auzitegi Gorenaren ebazpena, eta nabarmendu du orain arte izan duten murgiltze eredu hori «gizarte kohesiorako eta aukeren berdintasunerako berme bat» dela.

Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambray ere mintzatu da ebazpenaren inguruan. Efe berri agentziaren arabera, gutun bat bidali die Kataluniako ikastetxeetako zuzendari guztiei –5108 ikastetxeetan bidali du agiri hori–, eta, idatzi horren bitartez, eskatu die Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiari kasurik ez egiteko. Gutun horretan, Kataluniako Hezkuntza kontseilariak azpimarratu du ebazpena Kataluniako eskola ereduaren oinarrien aurkako «eraso larri bat» dela, eta «Kataluniako ikastetxeen errealitate soziolinguistikoaren inguruko ezagutzarik ez duen epaimahai baten eskutik» datorrela.

Ikusi gehiago:Nola jorratu dute Auzitegi Gorenaren ebazpena Kataluniako hedabideek?

Aldiz, Salvador Illa Kataluniako Parlamentuko PSCren buruak azaldu du ikasgai bat gehiago gaztelaniaz emateak ez dituela arriskuan jartzen Kataluniako ikastetxeen ohiko eredua eta jarduna, ezta katalanaren erabilera ere komunikatzeko hizkuntza gisa. Gainera, nabarmendu du epaiak betetzeko daudela, horiek ebazten dutena «gustatu edo ez». Halaber, auzitan jarri du hizkuntzei buruz mintzatzeko garaian «ehunekoek» hartzen duten indarra, eta gaineratu du «malgutasuna» behar dela ikastetxe bakoitzean protagonismo handiagoa zein hizkuntzari eman erabakitzerakoan, betiere, tokian tokiko ingurune soziolingustiko bakoitza kontuan hartuz.

AEB Ikastetxe Elebidunen Aldeko Asanbladaren izenean ere hitz egin dute. Idatzi bat plazaratu dute, eta azaldu dute ez dietela uko egingo beren eskubide linguistikoei. «Hezkuntza ereduarekin aldatzeko txanda da», adierazi dute. Asanbladako kideek ukatu egin dute ebazpena katalanaren aurkako eraso bat dela, eta baietsi dute Katalunian milaka ikasle hizkuntza arrazoiengatik bereizten dituzten hezkuntza sistema baten parte direla. «[Espainiako] Konstituzioak Kataluniako hizkuntza ofizialetan eskolatuak izateko eskubide bat bermatzen die, eta, gaur egun, katalanezko irakaskuntza bakarrik onartzen dute Kataluniako hizkuntza agintariek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.