Frantziako Osasun ministroak neurri berriak ezarriko ditu

Frantziako Gobernua Defentsa Kontseiluan bildu da goizean. Hiru ildo nagusi izan dituzte aipagai: maskararen hedatzea, osasun ziurtagiriaren gogortzea, eta txertoaren hirugarren dosiaren hedatzea. Bihar trenkatuko du Veranek zein neurri izanen diren indarrean zehazki.

Emmanuel Macro eta Olivier Veran Frantziako Defentsa Kontseiluan, artxiboko irudi batean. ERIC GAILLARD
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko azaroaren 24a
16:05
Entzun

Frantziako Gobernuak Defentsa Kontseilua egin du goizean, eta bururatzean mintzatu da Gabriel Attal bozeramailea. Iragarri du Olivier Veran Frantziako Osasun ministroak agerraldi bat eginen duela bihar, eta neurriak ezarriko dituela koronabirusaren datuen okertzeari aurre egiteko asmoz. Attalen arabera, hiru neurri izan dituzte aipagai Frantziako exekutiboko kideek: maskararen erabilera hedatzea, osasun ziurtagiriaren erabilera zorroztea, eta hirugarren dosiaren bidez txertaketa kanpainaren zalutzea.

Ipar Euskal Herrian, oraingoz, maskara ez da beharrezkoa ziurtagiria eskatzen duten lekuetan, baina erabilera berriz ezartzea erabaki lezake Veranek bihar. Gainera, Attalek azaldu du «hertsadura gehiago ezarri nahi» zizkietela txertoa jarri ez duten herritarrei osasun ziurtagiriaren erabilera hedatuz, besteak beste. Halaber, koronabirusaren kontrako txertoaren hirugarren dosiaren inguruko irizpideak emanen ditu bihar Veranek. Gaur-gaurkoz, 65 urtetik gorako herritarrei gomendatu diete hartzeko. Atzo, Frantziako Osasun Aginte Gorenak 40 urtetik gorako herritar guztiek hirugarren dosia hartzearen alde egin zuen; Frantziako Kontseilu Zientifikoak, berriz, hirugarren dosia 18 urtetik gorakoei zabaltzearen alde egin zuen. Horiek horrela, Frantziako Gobernuak bihar jakinaraziko du zehazki zein izanen diren neurri berriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.