Musika

Txistua besteen pare jartzeko

Garikoitz Mendizabalek eta Euskadiko Orkestrak Gutizia disko bikoitza argitaratu dute. Txistu eta orkestrarako bederatzi obra biltzen ditu. Txistua tresna bakarlari modura aldarrikatu du musikariak.

Oriol Roch eta Garikoitz Mendizabal, Euskadiko Orkestrak Donostian duen egoitzan. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2021eko azaroaren 24a
16:41
Entzun

Txistua mundura zabaltzea. Beste edozein instrumenturen pare jartzea. Orkestrarekin batera bakarlari gisa aritzeko tresna baliotsua dela aldarrikatzea. Helburu horiek ardatz hartuta urteak daramatza lanean Garikoitz Mendizabalek, eta bide berean beste pauso bat eman du orain, EO Euskadiko Orkestrarekin elkarlanean. Gutizia disko bikoitza plazaratu berri dute elkarrekin. Txistu eta orkestrarako idatzitako bederatzi obra jaso dituzte albumean, 84 minutu doinu guztira, eta Orpheus zigilupean eman dute argitara. Durangoko Azokan salgai izango da, baita ondoren ohiko saltokietan nahiz plataformetan ere.

Mendizabal Bilboko Udal Txistularien Bandako zuzendaria da egun, eta bakarlari ere aritzen da. Hainbat disko plazaratu ditu bere ibilbidean, eta askotariko proiektuak landu ditu bakarka zein beste musikari batzuekin elkarlanean. Gutizia du horietan berriena, eta 2011n abiatutako beste egitasmo batekin lotu du artistak. «Esango nuke lan hau dela duela hamar urte pasa egindako Txistu Symphonic proiektuaren kontsolidazioa. Orduan, txisturako idatzitako hainbat obra orkestratu ziren, eta horrek urte hauetan guztietan ahalbidetu dit konprobatzea Euskal Herritik kanpo ere zein arretarekin entzun daitekeen txistua eta beste bakarlari guztien pare lan egin dezakeela».

Hamarkada bat atzera hasitako bide horren bigarren pauso gisa, «konposizio berriak bultzatzea, literatura ugaritzea eta estilo ezberdinetako obra berri batzuekin txistua bakarlari zirkuituan sartzea aspalditik buruan» zuela aipatu du. EOko arduradunei proposamena egin, eta iragan otsailean grabatu zuten lana, orkestrak Donostian duen egoitzan; Jaume Santonja EOko zuzendari elkartua arduratu da proiektuaren zuzendaritza musikalaz. Santonjaz, Mendizabalez eta orkestraz gain, Naroa Intxausti sopranoak nahiz Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatzak (Eva Ugaldek zuzentzen duena) parte hartu dute proiektuan, baita Iñaki Telleriak eta Marc Blanesek ere, produkzioan eta soinuan.

«Lur honek hain propio duen instrumentu hau, txistua, jai giroan ohikoa da, baita gure gizartearen une solemneetan ere. Baina Gutizia lanean irakurketa ezberdinarekin aurkezten da, begirada zabal eta askotarikoarekin, mundu osoko konpositore eta inspirazioekin», adierazi du Oriol Roch EOko zuzendari nagusiak. Mendizabali proposamena egin izana eskertu dio, baita hark egindako bilketa lana txalotu ere. «Bederatzi obretan orkestrak mimo handiz eman dio aterpe eta toki propioa txistuari». Hain zuzen, euskal tradizioa zabaltzearen ildotik, EOren egitekoen artean txistua balioestea ere badagoela adierazi du, eta, bide horretan, mugarritzat jo du plazaratu duten lana.

Gehienak, berariaz idatziak

Mendizabalek proiektura konpositore ugari gonbidatu izana goraipatu du Rochek, «txistuaren gainean nork bere begirada emateko eta orkestrarekin batera noraino eraman dezaketen aztertzeko». Hain zuzen, obra gehienak diskorako beren-beregi idatzi dituzte hainbat musikagile garaikidek, baina badaude Mendizabalek berreskuratu eta lanean jaso nahi izan dituen beste batzuk ere.

Hiru obra biltzen ditu bi diskoetako lehenak. Txistu eta orkestrarako kontzertua da aurrenekoa, Naji Hakim konpositore libanoarrak sortua txistulariaren eskariz eta 2019an Beiruten estreinatu zutena. Symphony-Concerto idatzi du, berriz, Nafarroako Orkestrarekin aritzen den David Johnstone txelistak. Eta euskal musikagile baten konposizioak ixten du diskoa, Fernando Velazquezen Reflexiones sobre la longitud del viento izenekoak. Mendizabal: «Harekin harremanetan jarri nintzen, iruditzen zitzaidalako horrelako proiektu batek behar zuela gainbegiratuko zuen artista bat, konfiantza emango zidana, eta hori bera izan da».

Bigarren diskoak, berriz, sei lan biltzen ditu. Karibu Peponi da lehena; Javier Martinez Camposek konposatua, musika afrikarra du oinarrian, eta «liluragarria» dela iritzi dio Mendizabalek. Jarraian, Zaharra dator, txistulari errepertorioan aspalditik dagoena; Martin Elola txistulariak ezagun egin zuen, Luis Aranburuk moldaketak egin zizkion, eta Pierre Weksteinek orkestratu du. Haren ondotik, Leyenda entzun daiteke, Eduardo Moreno konpositore eta Guardiako (Araba) musika bandako zuzendariak ondutakoa, eta Mendizabalen iritzian kutsu «zinematografikoa» duena. Eta hurrena bi «harribitxi»: Iruten ari nuzu eta Atzo ttun ttun. Bien orkestrazio lanak Kepa de Miguel txistulariak egin ditu, Mendizabalen irakasle izandakoak, eta bietan abesten du Naroa Intxausti sopranoak —bigarrenean, baita Francisco Escudero Kontserbatorioko haur abesbatzak ere—. Grigoras Dinicus musikagile errumaniarrak idatzitako eta Iñaki Urkizuk orkestratutako Hora Stacatto piezak ixten du diskoa.

Diskoan parte hartu duten guztiei, EOri bereziki, eskerrak eman dizkie Mendizabalek, eta «amets bat» bete duela adierazi du. «Nik uste dut lan profesional honekin ja jarriko dela txistua, Euskal Herritik kanpo ere, nire ustez merezi duen lekuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.