Migrazioak

Gutxienez 27 migrante ito dira Mantxako kanalean, Erresuma Batura heldu nahian

Boris Johnson lehen ministroak esan du «penagarria» zaiola gertaturikoa, eta ahaleginak eta bi egingo dituela «giza trafikoan dabiltzan taldeak» gelditzeko.

Frantziako Polizia Calaisko hondartza bat aztertzen, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 24a
19:45
Entzun

Mantxako kanalean, Calaistik (Frantzia) gertu hondoratu da gaur migranteak zeramatzan ontzi bat, eta gutxienez 27 hil dira itota. 2014. urtean hasi ziren bide horretatik Erresuma Batura heldu nahian hildakoen inguruko datuak biltzen, eta ordutik inoiz ez da horrenbeste pertsona hil batera.

Arrantzontzi batek eman du abisua, gaur arratsaldean, hainbat pertsona uretan ikusi dituenean. Erreskate operazioa abiatu dute Frantziatik eta Ingalaterratik. 27 gorpu atera dituztela baieztatu du Natacha Bouchart Calaiseko alkateak arratsaldean. Bi pertsona bizirik atera dituzte. Frantziako hainbat hedabidek geroago esan zuten 31 zirela hildakoak, baina, oraingoz 27koa da ezbeharraren bilan ofiziala.

Frantziako Lehen ministro Jean Castexek deitoratu egin du tragedia. Haatik, Johnsonek bezala, «migranteen etsipena eta miseria esplotatzen dituzten trafikatzaile kriminalak» seinalatu ditu.

«Honek erakusten du hil edo bizikoa dela ahaleginak azkartzea jendea itsasora modu honetan bidaltzen ari diren kriminalen negozio eredua apurtzeko», adierazi du Johnsonek.

Hainbat ontzi txiki heldu dira gaur Ingalaterrako kostara. Aurten, 25.700 pertsonak gurutzatu dute Mantxako kanala era horretan, hau da, inoiz baino gehiagok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.