Epaimahaiak Maguette Mbeugou hiltzearen erruduntzat jo du haren senarra

Hilketaz gain, beste hiru delitu eman dituzte frogatutzat: ohiko tratu txarrak, alaben lesio psikikoak eta adingabeen abandonua. 2018ko irailean izan zen hilketa, Bilbon; 25 urte zituen biktimak.

Maguette Mbeugouren omenez asteon egindako bilkura. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 24a
21:11
Entzun

Maguette Mbeugou hiltzeaz akusatutako gizona erruduntzat jo du Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. Herri epaimahai batek epaitu du azken hamar egunotan Bara N., biktimaren senarra, 2018ko irailean 25 urteko emakumea hiltzeagatik. Lau delituren egiletzat jo dute: hilketa, ohiko tratu txarrak, bi alaben lesio psikologikoak eta adingabeen abandonua. Epaileak erabakiko du zer zigor ezarri, baina, frogatutzat eman dituzten delituak kontuan hartuta, aurreko zigor eskaerak moldatu eta 44 urteko espetxealdia galdegin dute fiskalak eta akusazio guztiek —fiskalak 25 urtekoa eskatu du orain arte, adingabeen aurkako deliturik ez zegoelakoan—.

Akusatuak hasieratik onartu zuen berak hil zuela Mbeugou, «bere burua defendatzeko»; epaimahaiak ez dio sinesgarritasunik eman bertsio horri. Labankadaz eraso zion andreari, eta lepoa moztu; gorpuak 80 zauri baino gehiago zituen, bost aiztorekin eginak. Hori dela eta, azpikeriaren eta ankerkeriaren larrigarriak ezarri dizkiote. Bilbon zuten etxean izan zen hilketa, 2 eta 4 urteko alabekin zeudela; gizonak ihes egin zuenean, amaren gorpuarekin bakarrik utzi zituen haurrak, eta horregatik ebatzi dute adingabeak abandonatu zituela eta lesioak eragin zizkiela.

Epaiketan, fiskaltzak «barkamena» eskatu dio biktimaren familiari, «sistemak huts egin baitzion». Izan ere, Mbeugouk senarraren aurkako salaketa jarri eta babesa eskatu zuen, baina ukatu egin zioten, eta gizona absolbitu zuten. Sortzez senegaldarra zen Mbeugou: andre migratuentzat arreta hobea eskatu die mugimendu feministak erakundeei, asteon epaitegiaren aurrean egindako bilkura batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.