Indarkeria matxistaren biktimak babesteko baliabideak ebaluatzeko eta egokitzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Vox ez gainerako taldeen babesari esker onartu da proposamena gaur Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzari eskatu dio egokitu ditzala ebaluazio horren ondorioak indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programetara, eta protokoloak «berritu» ditzala biktimei arreta «azkarra, eraginkorra eta integrala» emateko.

Eusko Legebiltzarreko gaurko osoko bilkura. EUSKO LEGEBILTZARRA
Edurne Begiristain.
2021eko azaroaren 25a
13:14
Entzun

EH Bilduk aurkeztutako mozio bat aintzat hartuta, Eusko Legebiltzarrak indarkeria matxistaren aurkako proposamen bat ia aho batez onartu du gaur goizean. Vox ez gainerako taldeek babestu dute testua, eta, beraz, babes oso zabala izan du. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako erdibideko zuzenketa izan da onartu den testua, Elkarrekin Podemos-IUren eta PPren aldeko botoak jasota. Onartutako testuaren bidez, Eusko Legebiltzarrak hiru eskaera egin dizkio Eusko Jaurlaritzari. Batetik, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat dauden baliabideen «ebaluazio kualitatiboa» egiteko eskatu dio. Ebaluazio horretarako, besteak beste, zerbitzu horien erabiltzaileak eta bertan lan egiten duten profesionalen iritzia jasoko da, horren ondorioak erakundeen arteko hirugarren akordioaren definizioetarako baliagarriak izan daitezen. «Ikuspegi intersekzionala ere aintzat hartuko da, behar espezifikoak dituztenentzako erantzun maila nolakoa izan den aztertzeko», dio testuak.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari galdegin dio egokitu ditzala ebaluazio horren ondorioak indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko programetara, eta protokoloak «berrikus» eta hobetu ditzala «arreta azkarra, eraginkorra eta integrala» emateko. Hirugarren eskaera bat ere egin dio Jaurlaritzari: garatu ditzala iaz indarkeria matxistari aurre egiteko legebiltzarrak onartutako akordioak indartzeko eta betetzeko beharrezkoak diren ekintzak.

Vox ez gainerako taldeek akordioaren garrantzia azpimarratu dute gaurko eztabaidan. Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak premiazkotzat jo du babes sistema sendo bat eraikitzea. Gogoratu duenez, 2003az geroztik, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak jasotzen hasi zirenetik, 112 emakume eta 11 haur erailak izan dira Euskal Herrian, bi emakumetik batek indarkeria matxista pairatu du bere bizitzan zehar, eta, gazteen artean, sareetako indarkeria kasuek etengabe egiten dute gora. Azaldu duenez, «egun dauden baliabide guztien gaineko analisi sakon bat egitea beharrezkoa da jakin dezagun zer dugun, nola dagoen, emakumeek zer pentsatzen duten, langileek nola ikusten duten; pauso hori ezinbestekoa da hobetu edo sortu beharrekoa mahaigaineratzeko». Ideia bera azpimarratu dute gainerako taldeetako ordezkariek ere, eta gaitzetsi egin dituzte biolentzia matxista ukatzen dituzten jarrerak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.