Astebetean %60 areagotu da COVID-19ak jota ospitaleratutakoen kopurua

Atzo egindako probetan, beste 1.289 positibo atzeman dituzte, daturik okerrena abuztuaren 6tik.

Galdakaoko ospitaletako ZIUa, artxiboko irudian. MIGUEL TOñA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 25a
13:15
Entzun

Birusaren bilakaerak ez du itxura onik: joan den astelehenetik —orduan eman zituen azken aldiz datuak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak— handitu egin da positiboen kopurua, ospitaleratuena eta ZIUetan daudenena. Azken eguneko datuak bereziki kezkatzekoak dira: 1.289 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Ia lau hilabete egin behar da atzera datu okerrago bat aurkitzeko; zehazki, abuzturen 6tik ez zituzten jakinarazi hainbeste positibo. Eta positiboen ehunekoa ere ez da batere ona: atzo egindako 14.441 probetatik %9k eman dute positibo. Beraz, ia bikoiztu egiten du OME Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia kontrolpean edukitzeko ezarritako %5eko muga. Eta ospitaleratzeetan ere, igoera: duela astebete baino %60 gaixo gehiago daude COVID-19ak jota ospitaleratuta.

Azkenaldiko joerari eutsiz, Gipuzkoako egoera da makurrena: azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 651 kasukoa da bertan. Gainerako lurraldeetan, intzidentzia txikiagoa da, baina denek ere gorazko joerari eusten diote: 453 positiboko intzidentzia dute Nafarroan, 256koa Araban, eta 231 Bizkaian.

Positiboak areagotu ahala, ospitaleak ere betetzen ari dira. Egun, 292 gaixo daude Osakidetzako eta Osasunbideko ospitaleetan. Igoera nabarmena da: hiru egunean %12 areagotu da arta hori behar duten gaixoen kopurua, eta duela astebetetik, %60. ZIUetan ere gero eta gaixo gehiago daude: 48 dira, azken datuen arabera. Igoera bat ikusten da hor ere: hiru egunean %14 handitu da gaixo kopurua, eta astebetean, %30.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.