EMAk oniritzia eman dio 5 eta 11 urte bitarteko umeei ere txertoa jartzeari

12 urtetik gorakoei jartzen zaien dosia baino txikiagoa jarriko diete. Pfizerren txertoa baimendu du umeentzat.

Gazte bat txertoa hartzen, Nafarroan, artxiboko irudian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 25a
13:24
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziak oniritzia eman dio 5 eta 11 urte bitarteko haurrei ere Pfizerren txertoa jartzeari. 12 urtetik gorakoei baino dosi txikiagoa jartzea baimendu du. Helduei bezala, bi dosi jarriko dizkiete umeei ere, batetik bestera hiru asteko tartea utzita.

2.000 haurrekin egin dute ikerketa, eta, azaldu dutenez, eraginkorra dela frogatu dute. Eman dituzten datuen arabera, azterketa horretan txertoak %90,7ko eraginkortasuna izan du sintomak saihesteko —kalkulatu dute benetako eraginkortasuna %67,7 eta %98,3 bitartekoa izan litekeela—.

Gainera, EMAk jakinarazi duenez, txertoak umeen artean onura gehiago eragiten ditu kalteak baino. Nahi gabeko ondorio «arinak» dituztela ikusi dute: nekea, giharretako mina, buruko mina, hotzikarak eta txertoa jarritako lekua gorritzea edo min hartzea. Egun batzuk igarota, ondorio horiek desagertu egin zaizkie.

Goizean, EMAren albistea ezagutu aurretik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik gaiaren inguruko adierazpenak egin ditu. Esan du espero duela abenduan hastea 12 urtetik beherakoak txertatzen.

Umeen artean intzidentziarik handiena

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuetan ikus daitekeenez, birusa haurren artean dago gehien zabalduta. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 375 kasukoa da. Haurren artean nabarmen handiagoa da, ordea: 6 eta 12 urte bitarteko umeen artean, intzidentzia 1.033 kasukoa da, eta 3 eta 5 urte bitartekoetan, 474koa. Nafarroan, joan den asteko datuei erreparatuta, 5 eta 14 urte bitarteko umeenak dira aste osoko positiboen %23, eta 520 kasukoa da intzidentzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.